NAIZ

1.756 miloi euroko salmentak izan ditu Fagorrek eta irabaziek %63 egin dute gora

Fagorrek Batzar Nagusia egin du ostegun honetan Arrasaten. Bertan aurkeztu dituzte urteko emaitzak: 1.756 milioi euroko salmentak izan ditu, eta 75,36 milioi eurokoak izan dira haren irabaziak. 2022ko datuekin alderatuta, azken hauek %63 egin dute gora.

Fagor Taldeak Arrasaten egin du Batzar Nagusia.
Fagor Taldeak Arrasaten egin du Batzar Nagusia. (FAGOR TALDEA)

1.756 miloi euroko salmentak izan ditu Fagorrek, eta 75,36 milioi eurokoak izan dira haren irabaziak. 2022ko datuekin alderatuta, irabaziek %63 egin dute gora.

Hala adierazi dute ostegun honetan Arrasateko Garaia teknologia parkean eginiko 2024ko Batzar Nagusian.  Bertan taldeko kooperatiben «lehiakortasuna eta berrikuntzaren aldeko apustuak» horretan duen eragina azpimarratu dute. 

«Fagor berrikuntzaren eta iraunkortasunaren alde ari da. Horren isla da haren ibilbidea. Gaur-gaurkoz, hiru berrikuntza zentro daude Taldean, eta, horiez gaindi, proiektu askotan ari da parte hartzen, bezeroei eta gizarteari puntako soluzioak eskaintzeko ahalegin etengabean. Horrek ere badu zerikusia urteko emaitzetan», azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak.

Honek langilegoaren alorreko zenbait datu ere eman ditu ezagutzera Batzar Nagusian. 2023ko abenduan, 5.124 lanpostu zituen Fagorrek Euskal Herrian, aurreko urtean baino 237 gehiago, eta horien %89 bazkide zen. Era berean, bazkide kopuruak gora egin zuen Fagorreko kooperatibetan: 550 bazkide berri egin ziren.

Kooperatibak nabarmendu duenez, «datu esanguratsu horiek eta bestelakoek, erronka berriak dakarzkio Euskal Herriko talde kooperatibo industrial handiena denari».  «Fagorreko negozioak aldatuz doaz, gizartea bezala. Horrek, gobernantza modua eguneratu beharra dakar, batez ere, indartsu jarrai dezan eredu kooperatiboak. Heziketa kooperatiboan sakontzeko urratsak ere egin dira azken urtean, eta urrats sendoagoak egingo dira aurrerantzean», aitortu du Fagor Taldeko lehendakariak.

Garapen profesionalerako aukera

Batzar Nagusian ere hitz egin da egungo eta etorkizuneko langileen heziketa eta garapen profesionalari buruz. «Gizabidea Fundazioaren bidez, hezkuntza proiektu inportanteak bultzatu ohi ditu Fagorrek urtez urte, izan Mondragon Unibertsitatekoak, Debagoieneko zenbait  ikastoletakoak… Finean, gizarte eta komunitate baten ongizatea hertsiki dago loturik heziketarekin eta horrek zabal ditzakeen aukerekin. Horretarako bitartekoak eskaintzeko ari da lanean Fagor, hezkuntzatik bizitza profesionaleraino».

Bestalde, ZTIM alorrak zeregin horretan duen garrantzia azpimarratu du Fagorreko lehendakariak. «Gaurko eta etorkizuneko erronkak ezagututa, ezin daiteke uka ZTIM alorraren garrantzia. Kooperatiben berrikuntzarako bokazioak ere beharrezko ditu halako profilak. Horregatik ari da Fagor indar bereziz alorra indartzea bilatzen duten proiektuetan murgildurik», nabarmendu du. 2023an, besteak beste, Lanhezi, First Lego League eta Mondragon Ztim Hub proiektuetan esku hartu du Fagorrek.

Ingurumena eta ekonomia zirkularra

Bestetik, Fagor Taldeak ingurumenean duen inpaktua murrizteko neurri eta ekinbideak jorratu dituzte. Gaur-gaurkoz, Fagorrek mundu mailan duen energia kontsumoaren %63 da berriztagarria, iaz baino %14 gehiago, eta %44 murriztu du energia kontsumo ez berriztagarria. Era berean, 2022ko datuekin alderatuta, %52 murriztu da haren CO2 isuria lehenengo eta bigarren irismenetan.

Halaber, Fagorrek ekonomia zirkularrean «urrats esanguratsuak» egin ditu nabarmen dute, besteak beste, hondakinen aprobetxamendurako proiektu desberdinak abiatuta. Horri esker, 2023an erabilitako lehengaien %75 izan zen jatorri birziklatukoa.

Lurraldearekin konprometiturik

Ohi duen moduan, kooperatiba taldeak komunitatearen aldeko lana azpimarratu du. Besteren artean, Debagoieneko enpresen eta hezkuntza zentroen topagune izango den Hirekin ekintzailetza eta berrikuntza gunearen ingurukoak azaldu ditu. Zehatz esanda, 2023an, 250.000 euroko ekarpena egin dio Fagor Taldeak proiektuari, 2 milioi euroko laguntza emateko konpromisoa du haren egina, eta espazioa kudeatzeaz arduratuko den Aholku Mahaiko kide bilakatu da.

Bestetik, aurreko urteetako bidetik, lankidetza publiko komunitarioaren alde egin du, nagusiki, ‘Debagoiena 2030’ iraunkortasun sarearen bidez. Harekin, trantsizio ekosozialari loturiko hainbat ekimen bultzatu ditu, hala nola, zenbait herrietan sortu diren komunitate energetikoak, tokiko elikadurari lotutako bailara mailako dinamika eta Tantai baso jabe kooperatiba.

Era berean, 120.000 euroko laguntza bideratu du Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez, Biolurren, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren eta Iñurriren proiektuak lagunduz.

Euskara Saria, lehenengoz

Aurten, Fagor Euskara Saria antolatu du Fagorrek lehenengoz. «Ezinbestekoa izan da, eta da, bertako langileek eta langile taldeek euskararen alde egiten duten lana eta duten konpromisoa. Aitortu beharreko zerbait da. Ideia horrekin sortu dira Fagor Euskara Sariak», azaldu du Fagor Taldeko lehendakariak.

Bi saridun izan dira lehen urte honetan: Mondragon Assemblyko Finantza Departamentua eta Fagor Industrialeko Berrikuntza taldea. Fagor Taldeko presidenteak eman die saria.