Ostegun goiz honetan Bilbon egindako agerraldi baten bitartez, Ernairen aurkako «eraso politiko» larri baten berri eman du gazte antolakundeak. Aitor eta Galderren aldeko bi protestatan identifikatu zituzten 133 gazteri, osotara, 290.500 euroko isuna ezarri die Lakuako Gobernuak Mozal Legea baliatuta. Dinamika bat jarri dute abian egoera honi aurre egiteko.
Joan den irailaren 22an, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko bi ekimen egin zituen gazte antolakundeak, Bilbon espainiar Gobernuak duen ordezkariordetzaren erakinean eta Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian kateatuz eta trafikoa moztuz. Tentsio uneak bizi ziren eta Polizia ekintzaileen aurka oldartu zen.
Orain, identifikatutako 133 gazteei 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak heldu zaizkie, 290.500 euro osotara. Lakuako Segurtasun Sailak jarri du gazteen aurkako salaketa, Mozal Legea aplikatuta.
«Erabat partziala eta desproportzionatua den operazio baten jopuntuan topatzen gara; alegia, Ernairen aurkako eraso argi bat da», nabarmendu dute.
Izan ere, ordura arte jasandako «erasorik larriena» dela adierazi dute «antolakundearen jardun politikoa hipotekatzea eta proiektuarekin aurrera ezin egitea» helburu gisa kokatuz. Honen atzean erabaki politiko bat dagoela salatu dute eta Lakuako Segurtasun Sailaren jarrera «antidemokratikoa» seinalatu nahi izan dute.
«Hau ez da ausaz gertatu, urteetan Ernairen aurka izan duten obsesio etengabean beste urrats bat da. Izan ere, gure proiektua deserosoa zaie. Geroz eta gehiago gara, geroz eta gazte independentista gehiago, gero eta gehiago batu eta aurrera egiten dugunok, eta guk zein gure proiektuak gero eta babes zabalagoa du. Hori guztia ezkerreko independentismoa hegemonia politiko eta ideologikoa irabazten ari den unean dator, instituzioetan, masa mobilizazioan zein mugimendu sozialetan. Aldaketak eragiteko gaitasuna dugu, gazteon bizitzak hobetzeko eta herri honen etorkizuna marrazteko. Aurrera goaz, gehiago gara eta haiek beldur dira», azpimarratu dute.
Bide judiziala
Egoera honi aurre egiteko, administrazioarekiko auzietako epaitegian isunen aurkako helegitea aurkeztu eta prozesu judiziala abiaraziko dutela aurrerarazi dute. Horren bitartez, Segurtasun Sailaren «desproportzionaltasuna eta arbitrariotasuna» salatuko dute.
«Ez da erabaki erraza izan, prozesu judizial batek antolakundearen egunerokotasunean zama handia eragiten duelako; baina sinetsita gaude hori dela egoera bidegabe honen aurrean har dezakegun erabakirik egokiena: ez uzkurtzea eta aurrera urrats bat egitea. Bide horretan, erabaki kolektiboa balioetsi nahi dugu. Isuna jaso duten 133 gazteen borondateari esker egingo dugun prozesua da, eta kolektiboan ekingo diogu», azaldu dute agerraldian.
Elkartasun kanpaina
Bestalde, Ernai «ekonomikoki itotzea» dela helburua salatu dute gazte antolakundeko bozeramaileek. Isunek kostu ekonomiko «oso larria» dakarte eta antolakundearen jarduna bera aurrera eramatea «oztopatzen» duela ohartarazi dute.
«Gazteria independentista isilarazteko beste estrategia bat da hau. Baina gu gure lanean berresten gara. Gero eta gehiago gara eta datozen hilabeteetan bidean aurrera egingo dugu».
Horregatik, dei egin diote euskal gizarteari datozen hilabeteetan antolakundearen jarduna sostengatu ahal izateko irekiko duten kanpaina ekonomikoan parte hartzeko eta «elkartasunez erantzuteko». Besteak beste, elkartasun zozketa eta crowdfunding bat abiaraziko dute.
«Auzi honen helburua gazteria independentista isiltzea dela argi antzematen da; burumakur eta apal nahi gaituzue, baina horren aurrean antolatzen jarraituko dugu, EH aske, sozialista eta feminista izan arte!», adierazi dute.