NAIZ

Bakardadearen arazoak gazteei ere asko eragiten die Alemanian

Alemaniako Familia Ministerioak egin duen ikerketa batean, bakardadea orain artean helduenen arazoa izatetik gazteena izatera ere igaro dela aztertu dute. 18 eta 29 urte bitarteko %32 sentitzen dira bakarrik, eta 75 urtetik gorakoen artean portzentai hori %23koa da.

Lisa Paus Familia arloko ministroak aurkeztu du txostena.
Lisa Paus Familia arloko ministroak aurkeztu du txostena. (Wikimedia Commons)

Bakardade sentimenduak eragin handia du Alemaniako herritarrengan, batez ere gazteenen eta helduenen artean. Hori jasotzen du ostegun honetan aurkeztu duteen konpainiaren falta aztertzen duen Alemaniako lehen ikerketak, Lisa Pausek azaldu duenez, Olaf Scholz kantzilerraren Gobernuko Familia Ministerioko arduradunak.

Txostenak jasotzen duenez, Alemanian orain arte bakarrik sentitzen ziren gehienak 75 urtetik gorakoak ziren, baina konpainiarik ezak eragindako kolektiboa Covid pandemiaz gertoztik gazteei eragiten die gehien.

«2020an, gazteak (18 eta 29 urte bitartekoak) izan ziren bakardadeak gehien kaltetutako pertsonak (%31,8)», jasotzen du Familia Ministerioaren txostenak. Eta aldiz, 2020an, 75 urtetik gorako alemaniarren %22,8k esan zuten bakarrik sentitzen zirela.

Bi ehunekoak nabarmen jaitsi ziren 2021ean, baina gazteak eta 75 urtetik gorakoak dira oraindik Alemanian bakarrik sentitzen direnen sailkapenaren buruan, Gobernuak emandako datuen arabera.

«Adin-talde gazteenak pandemiaren aurretik baino maila altuagoan mantendu ziren 2021ean (%14,1), baina adinekoen bakardade-mailak pandemiaren aurrekoen antzekoak ziren», azpimarratu du dokumentuak.

Alemaniako bakardadearen barometroaren arabera, etorkinek eta mendekotasuna duten pertsonak edo zaintza gehiago behar duten pertsonak zaintzen dituzten pertsonek ere aukera gehiago dituzte bakarrik sentitzeko.

Gizarteko arazoa

«Bakarrik dauden pertsonek aukera gutxiago dute hauteskundeetan parte hartzeko eta konpromiso soziala hartzeko. Beraz, bakardadeak arazo larria izaten jarraitzen du eta kalte egiten digu gizarte gisa», esan du ministroak.

Ausek adierazi du Alemaniako Gobernuaren nahia, bakardadeari buruzko lehen barometroa argitaratuta, gizarte-arazo hori «tabu» izateari uztea dela. «Bakardadearen barometroarekin, orain baditugu neurri are zehatzagoak hartzeko behar ditugun datuak», esan du ministroak.

Alemaniako Gobernuak «bakardadearen aurkako estrategia» onartu zuen iazko abenduan, besteak beste, Alemanian bakarrik sentitzen diren milioika pertsonak duten arazoaz kontzientziatzeko. Dokumentu horrek kostu sozial handia duen fenomeno baten aurka borrokatzeko ehun bat neurri biltzen ditu.

«Bakardadeak eragin negatiboa du osasun fisiko eta mentalean. 2021ean, bakardade maila handienak zituzten pertsonen %60,7k batez bestekoa baino osasun fisiko txikiagoa zuten», ohartarazi du Alemaniako Familia Ministerioak.