«Mehatxu armatuak alde batera utzita» lankidetzan oinarritutako nazioarteko harremanak aldarrikatu ditu EH Bilduk ekainaren 9ko hauteskundeei begira ostegun honetan, espainiar Estatua NATOko kide bilakatu zen egunaren urteurrenean. Hain zuzen ere, Euskal Herriak ezetz esan zuela gogoratu du indar abertzaleak.
Unai Urruzuno EH Bilduren Mahai Politikoko bozeramaileak eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak eta Europako hauteskundeetarako hautagaiak agerraldia egin dute Bilbon.
Urruzunok nabarmendu duenez, 1986ko erreferendumean NATOri emandako ezezkoak gaur egun ere indarrean dirau. «Gaur egun, nazioarteko gatazkak konpontzeko estatuek duten errezetak arma gehiago, gerra gehiago, heriotza gehiago izaten jarraitzen duenean, funtsezkoa da berriro ere ariketa demokratiko hura gogoratzea eta berrestea», adierazi du.
EH Bilduk Europako Parlamentura eramango duen mezua hori dela argi utzi du Urruzunok, Estatu Batuen interesen mende dagoen Europa bat ez dutelako nahi, «Ukrainan zein Palestinan bakearen alde funtzio aktibo eta erabakigarria jokatzeko gai ez dena».
Horrela, irtenbidea gastu militarra handituz ez dela etorriko esan du, eta Urkainaren okupazioa eta Palestinako herriaren genozidioarekiko gaitzespena adierazi du. Azpimarratu duenez, gatazkak elkarrizketaren, diplomaziaren eta OSCE eta NBE bezalako nazioarteko erakundeen bitartekaritzaren bidez konpontzen dira.
Oihana Etxebarrietak, bestalde, gerra sustatzen duten ahotsak «gero eta gehiago» direla deitoratu du, elkarrizketa, negoziazioa eta diplomazia gatazkak konpontzeko tresnarik «eraginkorrenak» direla ohartaraziz. Ukrainako gerra hasi zenetik «800 egun baino gehiago igaro ondoren, gehiengoa dira elkarrizketa, negoziazioa eta diplomazia defendatzen dutenak –esan du–. Gerra ez da eta ez da izango bakea eraikitzeko bidea».