J.S.
ARRASATE

Ikerlan: 50 urte puntako arlo teknologikoetan lan kooperatiboa sortzen

Mondragon Taldeko zentro teknologiko nagusiak 50 urte bete ditu aurten. Gaur egun 420 pertsonak osatutako lantaldea du Arrasate, Hernani eta Bilboko egoitzetan.

Ikerlan aurten ere BIEMH azokan izango da.
Ikerlan aurten ere BIEMH azokan izango da. (IKERLAN)

Ikerlan osatzen duen familiak “Magaletik herrira” izeneko jaia antolatu zuen pasatu den larunbatean Arrasate erdigunean, mende erdiko ibilbidea 1974an jaiotzen ikusi zuen herriarekin batera ospatzeko.

Ikerlaneko zuzendari nagusi Ion Etxeberriaren hitzetan, «pertsonak eta teknologia» dira enpresako zutabeak. «Ikerketa oinarri, teknologia geureganatzeko eta enpresei transferitzeko sortu ginen, eta berdina egiten jarraitzen dugu, enpresei produktu lehiakorrak merkaturatzeko baliabideak ematen».

Izan ere, Ikerlan zentroa liderra da teknologia transferitzen eta industriari balio lehiakorra ematen, hiru arlo nagusitan: teknologia digitalak eta adimen artifiziala; sistema elektroniko txertatuak eta zibersegurtasuna; eta teknologia mekatronikoak eta energiaren eremukoak.

2023ko ekitaldian 30,8 milioi euroko fakturazio errekorra lortu zuen, eta emaitza horretan nabarmena izan zen transferentzia proiektuen ekarpena, horiekin 16 milioi euro fakturatu baitziren (%52).

Joan den urteko mugarri garrantzitsuenen artean Bilboko egoitza berriaren irekiera dago, bai eta zentroaren aktibo teknologiko batzuk oinarri hartuta sortu diren hiru start-up berriak: Orbik Cybersecurity (industriako zibersegurtasunaren arloan), Battbelt (energia biltegiratzea) eta Kaizen Play (adimen artifiziala).

Horrez gain, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide den zentro teknologikoak 2,5 milioi euro inbertitu zituen azpiegituretan eta ekipamenduan, eta Datuen Prozesamendurako Zentro berria da azpiegitura eta ekipamendu horietako nabarmenetako bat.

Ikerlanek gaur egun 140 bezero baino gehiago ditu, horien artean Orona, CAF, Ulma, Fagor edo Ingeteam industria talde garrantzitsuak, inguru hurbilenean, eta General Electric, Nestle, Telefónica edo Accenture multinazional garrantzitsuak, nazioartean.

PRESIDENTE BERRIA

Aurten, gainera, presidente aldaketa izan du Ikerlan kooperatibak. Lau urteko agintaldiaren ondoren, Jose Miguel Lazkanotegik Adolfo Plazaren eskuetan utzi du lekukoa. Plaza Laboral Kutxako presidentea ere bada 2023az geroztik.

Plaza pozik agertu da kargu berria 50. urteurrena betetzen den urtean hartzeagatik, eta haren jatorrian Laboral Kutxak izan zuen zeregina aitortzeko modua dela gaineratu du. «50 urte dira, eta hau hasi baino ez da egin. Etorkizunari begiratu behar diogu. Goi mailako prestakuntza duten 400 profesional baino gehiagoko taldearekin batera, puntako arlo teknologikoetan lan kooperatiboa sortzen jarraituko dugu, eta ezagutza eta profesionalak gure ingurunera transferitzeari lehentasuna ematen».