NAIZ

Osasun Saila eta Asuncion Klinikaren hitzarmena amaituta, publifikatzea eskatu dute alkateek

Tolosako Asuncion Klinika kudeatzen duen enpresaren eta Lakuako Osasun Sailaren arteko hitzarmena ostiral honetan amaitzen dela jakinarazi du Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak. Egoera berri honen aurrean, hitzarmenaren balorazio egitea eta Asuncion publifikatzeko bideak aztertzea eskatu dute.

TOPA plataformak osasun publikoaren alde Tolosan eginiko manifestazioa, artxiboko irudian.
TOPA plataformak osasun publikoaren alde Tolosan eginiko manifestazioa, artxiboko irudian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak ostegun honetan jakinarazi du ostiral honetan, maiatzaren 31n, amaitzen dela Lakuako Osasun Sailaren eta Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresa pribatuaren arteko hitzarmena. Egoera horren aurrean, Tolosaldeak oraindik ez duela ospitale publikorik salatu dute alkateek, konponbiderako deia egitearekin batera.

Ohar baten bidez gogoratu dute Osasun Sailak 25 milioi euro inguru ordaintzen dizkiola Asuncion Klinikari zerbitzua eman dezan, eta Alkateen Mugimenduak hamaika bider salatu duela «ospitale publiko baten faltak Tolosaldeko osasun arretaren kalitatean duen eragin negatiboa». Enpresa pribatuarekin duen hitzarmena ostiral honetan amaitzen denez, eszenatoki berri bat ireki daiteke Tolosaldeko osasun etxeen inguruan.

«Kalitatezko osasun asistentzia» ez dela bermatzen kontuan izanda, Osasun Sailari dagozkion ardurak bere gain har ditzan eskatu diote alkarteek. Eta lau eskari zuzen egin dituzte. Batetik, Tolosaldeko alkateekin biltzea eskatu diote Lakuari, «bukatu den hitzarmenaren ebaluazioa egin dezala, ditugun datuak aztertuz eta profesionalen eta Tolosaldeko herritarren era eragileen iritziak kontuan hartuz», zehaztu dute.

Bigarrenik, ebaluazio hori egin bitartean, Tolosaldeko herritarren «kalitatezko osasun arreta berma dezala» eskatu eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko galdegin dute: «Hainbat espezialitatetan Donostia Ospitalean artatzeko aukera aztertu dadila eta Inviza SA enpresak trantsizio epe batean zerbitzuak ematen jarraitu behar badu, bermatu daitezela hitzarmenean jasota dauden baldintza guztiak kalitatezko zerbitzua eman dadin».

Asuncion Klinikaren publifikazioaren aukera aztertzeko galdegin du hirugarrenik Alkateen Mugimenduak, azken hamar urteetan behin baino gehiagotan egin duten eskakizunari jarraiki. Eta laugarrenik, identifikatutako gabeziei irtenbideak emateko eskatu dute: «Lehen Arreta osasun sistemaren sarrerako lehen atea den heinean, Osasun Sailak herrietako osasun zentroetan dauden gabeziei soluzio egonkor bat eman diezaiela».

Bigarren mailako osasun arreta

Lehenago ere Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak salatu izan du eskualdeko osasun zerbitzuen egoera: «Zerbitzuaren degradazioaren pertzepzioa gero eta zabalduagoa dago, eta bigarren mailako osasun arreta jasotzen da Tolosaldean», nabarmendu zuten otsailean.

Orduan jakinarazi zuten alkateek Lakuak jakinarazi ziela Asuncion Klinikari dagokionean, ez duela publifikazioa bultzatuko: «Argi utzi du ez duela Asuncion Klinika publifikatzeko inongo asmorik. Ospitale berria eraikitzeko erabakia irmoa dela jakinarazi digute eta eraiki bitartean, hau da, 2029ra bitarte, orain arte bezala, Asuncionekin hitzarmena sinatzen jarraituko dute».

Lakuak 2029rako aurreikusi du ospitale berria eraikitzea, Tolosako Iruñea hiribideko aparkalekuan, suhiltzaile etxearen aurrean eta Iurreamendi egoitzaren azpian. Alkateak kritiko agertu ziren kokalekuarekin; izan ere, azaleraz espazio mugatua dela uste dute, trafiko handiko gunea dela eta ordu jakinetan auto ilara luzeak sortzen direla. Udalean EAJ zegoenean erabakitako espazioa izan zen; egun EH Bilduk du Alkatetza.

Bestalde, Alkateen Mugimenduak gogoratu zuen eskualdeko enpresarik handiena dela, 350 langile dituela eta urteak daramatzatela zerbitzu publiko bat ematen, horregatik, bertako langileen etorkizuna argitu arte eskualdeak osasun arretarekin duen arazoa ez dela konponduko gainertaau zuten. Asuncioneko langileek azken hilabetetan 26 greba egun eta lanuzte ugari egin dituzte euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde; egun, oraindik ez dute hitzarmena lortu, ELA eta LABek jakinarazi dutenez.