NAIZ

Unibertsitatera sartzeko proba ikasle gehiagok egingo dute aurten EHUn, 511k nota igotzeko

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orotara 13.433 ikaslek egingo dute datorren astean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa. Horietako 511k proba errepikatuko dute irakasgai espezifikoetan nota igotzeko.

Gasteizen, gazteak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egiten.
Gasteizen, gazteak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egiten. (Juanan Ruiz | FOKU)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batxilergoko 12.073 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailari heziketa ziklo bat egin duten 849k Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) hasiko dute ekainaren 5ean, datorren asteazkenean, Euskal Herriko Unibertsitatean.

Aurreko ikasturteetako 511 ikasle berriro aurkeztuko dira nota igotzeko irakasgai espezifiko batzuetara. Guztira, parte hartze maila iazkoa baino %0,2 handiagoa da, eta nabarmentzekoa da LH ikasleetan USE egiteko aurkeztuko den ikasle kopuruaren igoera, iaztik %4 gehiago aurkeztuko dira, 815etik 849 izatera pasatu dira.

Hizkuntzari dagokionez, batxilergoko ikasleen %77,21ak eusakaraz egingo du proba, 9.322 ikaslek orotara, eta %22,79ak (2.751 ikasle), aldiz, gazteleraz. Lanbide Heziketako ikasleeu dagokionez, aldiz, parekoagoak dira datuak; %55,48ak (471 ikaslek) egingo dute euskaraz proba, eta %44,52ak, 378 ikaslek, gazteleraz.

Generoari erreparatuta, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluaziora aurkezten diren ikasleen %57,84 emakumean dira, eta %42,16 gizonezkoak. Datorren astean USE egingo duten Batxilergoko eta LHko ikasle horiek campuska banatzen baditugu, 1.762k egingo dute Arabako Campusean, 6.291ek Bizkaikoan eta 4.786 Gipuzkoakoan, beste 83 ikasle ez daude campus batera atxikita.

Modalitateko 30 irakasgai

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako hezkuntza-premia bereziak dituzten 703 ikaslek egokitzapenak beharko dituzte Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio-proba egiteko. Aurreko urteko ikasle kopuruari dagokionez (598), ikasturte honetan eskaerak % 17,6 gehitu dira.

Ohi denez, USE hiru egunetan egingo da, eta EAEn ekainaren 5ean hasi eta 7an amaituko da. Azterketei dagokionez, pandemian sortutako «egitura malgua» mantenduko dela jakinarazi du EHUk. Edizio honek berritasun bakarra izango duela jakinarazi du, «Hezkuntzaren Lege Organikoa (LOMLOE) aplikatuz, aurten ikasleek Espainiako Historiako azterketa edo Filosofiaren Historiako azterketa egitea aukeratu ahal izango dute, eta gainera, hautazko eta modalitateko irakasgaien kopurua 30 ikasgaira igo da, horrek epaimahai bat gehiago eratzea ekarri du».

Proben emaitzak ekainaren 13an, 12.00etan argitaratuko dira.