Oihane Agirregoitiak, EAJeta CEUS Koalizioak Europako Hauteskundeetarako aurkezten duen zerrendako buruak, larunbat honetako kanpaina ekitaldi batean hitzeman du gutxiengo nazionaletako eurodiputatuen eta hizkuntza gutxituetako hiztunen arteko aliantza «dinamizatzeko» asmoa duela Europan.
Donostiako Kursaalean egin dute agerraldia, irailean «zinemaren hiriburu» bihurtzen dela baliatuz. «Ikus-entzunezko ekoizpenetan euskara zaintzearen eta bultzatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu», azaldu du Agirregoitiak.
Euskarazko kultur ekimenen ekoizpena bultzatzea eta ’Europa Sortzailea‘ programaren deialdietara sarbidea izatea dira hartutako konpromisoetako bi. Europar Batasunean, 50 milioi pertsonak estaturik gabeko nazio baten naziotasuna dutela eta Europan ofiziala ez den hizkuntza batean hitzen egiten dutela gaineratu du zerrendaburuak, eta erakundeek eskainitako «aitorpen sinbolikoa gainditu» beharra jarri du mahai gainean.
Europako Parlamentuan apirilaren 16an Estibaliz Urresolak egindako aldarria ekarri nahi izan dute gogora, Lux sariak medio: «Euskara bere filmean, komunikatzeko eta mundua ulertzeko eta sentitzeko modua izateaz gain, 8 urteko neskato trans batentzat askatasunez adierazteko modu bat ere badela isladatu zuen Estibalizek».
Euskara ofiziala izateko bidean
Euskara ofiziala izateko lau puntu nabarmendu ditu EAJko hautagaiak: Erasmus programetan euskarazko eskaintzak sartzea, euskara Europar Batasuneko hizkuntza plataformetan egotea zaintzea, ‘Europa Sortzailea’ programarako euskal antenaren eskakizuna eta Europako berrien buletin bat euskaraz izatea eskatu du.
Amaitzeko, Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunak hizkuntza edo nazionalitateagatik diskrimatzea debekatzen duela gogoratu du, eta bertan «euskal sena eta euskara» sartzeko eskatuko dutela eman du hitz.