Ondorioak ateratzeko oraindik goizegi den arren, inor gutxi konbentzitu du Urdulizen jokatutako Bizkaia Torneoko lehen jardunaldian estreinatu den set sistemak. Pilotari gehienek deseroso aritu direla onartu dute, modu honetara jokatu den lehen partida irabazi duen Erik Jakari ez zaio batere gustatu eta jaialdiari ezer gutxi eskaini dio. Berez, alde batera oso nabarmen hasten diren partidak orekatzeko behar luke jokatzeko modu onek egokia, baina binakako lehian, lehen seta irabazi duten Artola-Imazek oso erraz eraman dituzte garaipena lortzeko behar zituzten beste biak.
Azken orduko bi aldaketekin ekin dio Ganekogorta taldeak lehen kanporaketa honi, lau eta erdian aritu behar zuen Asier Agirrek, eskuko arazoekin, eta buruz buru aritzekoa zen Senarrek, zuntz haustura batekin, ezin izan dutelako Urdulizen egon. Iker Larrazabalek eta Aitor Arangurenek bete dituzte euren hutsuneak eta atzelari gipuzkoarraren garaipen estua erabakigarria suertatu da taldeak aurrera egin eta ekainaren 15ean Bilboko Deportivon jokatuko den finalerdirako sailkatzeko.
Ataundarren arteko derbia behar zuen partida izan da bosgarren seta behar izan duen bakarra eta azkenerako, lan asko egin eta asko sufrituta, Aginagako atzearia nagusitu zaio Iraitz Zubizarretari. Atzelaria askoz gehiago izan da kolpez, baina goierritarrak partidari eusteko gaitasun handia erakutsita, muturreraino behartu du aurkaria oso partida lehiatuan.
Kolore bakarra
Oso bestelakoa izan da talde urdinari ene puntua eman dion binakako lehia. Kolore bakarreko partidan, Artola-Imazek oso sasoi puntu ederrean direla berretsi dute eta gainetik pasa zaizkie ezer gutxi egiterik izan duten Urrutikoetxea-Albisu beteranoei.
Jaialdia ireki duen partidan gorabehera gehiago egon dira eta Iker Larrazabalek bigaren seta irabaztea lortu badu ere, Erik Jaka zuzenago aritu da Kolitza taldearen puntu bakarra eskuratu du.