M.A.
Interview
Naroa Elortza
Ordiziako Urdaneta eskolako guraso elkarteko kidea

«Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izan dadin lan egin behar dugu»

Ordiziako Urdaneta eskolako guraso elkarteko kidea da Naroa Elortza (Arrasate, 1983). Eskaini digun elkarrizketan onartu du igande honetakoa hitzordu garrantzitsua dela herri horretako hezkuntza komunitatea ahalduntzeko eta aktibazioa eta inplikazioa bultzatzeko.

Naroa Elortza
Naroa Elortza (Gotzon Aranburu | FOKU)

Bilerak, antolaketa, kudeaketa… Lan eskerga egin ondoren, heldu da Ordiziara Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia. Zein alderdiri eman nahi izan diozue garrantzia?
Lelotik hasita, gure ardatzak indartzeko apustu garbia izan da aurtengoa. Aprobetxatu nahi izan dugu hezkuntza komunitatea are gehiago saretzeko, gure arteko komunikazioa indartzeko, gure oinarriak sendotzeko... eta garai konplexu hauetan gure proiektuak behar duen bultzada emateko. Esango nuke jauzi kualitatibo bat ematea lortu dugula, komunitate sena indartu dugula. Ordizian bizi dugun errealitateak egunerokotasunean esfortzu handia eskatzen duen arren, une askotan sentitu dugu merezi duela egiten ari garen lan eskergak.

Festaz gainera, aldarrikapena ere egin nahi duzue, beraz. Zer da, zehazki, eskatzen duzuena?
Aldarrikapenak ez dira gauza berria gure komunitatean. Urteak daramatzagu Ordizian bizi dugun errealitate gordina azaleratu, konponbideak eskatu eta bilatzen. Ordiziako herritarren bostetik batek jatorria atzerrian du, eta familia hauetako haurren proportzioa nabarmen handiagoa da. Haurrik txikienen artean, bostetik biren familiek atzerrian dute jatorria eta herriko bi ikastetxeen artean oso modu desorekatuan banatuta daude. Honek herriko elkarbizitzan, aniztasunaren bizipen aberasgarrian, ekitatean, justizia sozialean eta euskalduntzean zuzeneko inplikazioa du; ez da soilik eskola publikoari eragiten dion zerbait. Zentzu honetan, gobernuei erantzukizuna eskatzeaz gain, Euskal Eskola Publikoak aniztasunaren, inklusioaren eta euskalduntzearen alde egiten duen lana aldarrikatu nahi dugu.

Igande honetan ateratako etekin ekonomikoa zertara bideratu nahi duzue?
Jaiak ez du etekin ekonomiko berezirik ateratzeko helbururik, baina aurten bertako paella ekologikoa prestatuko dugu Goierriko Biziola kooperatibarekin elkarlanean. 2.000 paella errazio eskaintzeko erronka jarri diogu geure buruari. Hortik ateratzen dugun dirua azken urteetan familia elkarteak abian jarri duen «hamaiketako osasungarria» proiektua indartzeko bultzatzeko erabili nahi dugu. Duela lau urte abian jarritako proiektua da, gaur egun HH2 eta LH6-ko ikasle guztientzako egunero hamaiketako osasuntsua izatea bermatzen duena. Kroketxeak salduko dituen eskuz eginiko kroketen diruaren zati bat ere horretarako erabiliko dugu. Beraz, etxetik bazkaria ekarri beharrean bertan arroza jateko gonbita egin nahi diegu jaira etorriko diren guztiei.

Zeintzuk dira Euskal Eskola Publikoaren etorkizuneko erronka nagusiak?
Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izan dadin lan egin behar dugu; publikotasuna, inklusioa, aniztasuna, ekitatea, ikasle guztien euskalduntzea bermatzen dituena da. Gobernu eta udal arduradunei erantzukizun hau eskatu behar diegu. Eta, bestalde, Eskola Publiko bakoitzeko komunitateak (irakasle, hezitzaile, langile, ikasle, familiak) ahaldundu behar ditugu. Ahaldundu eta saretu. Gobernuei eskatu behar diegu eskola publikoa indartzeko, baina ezin dugu beraien zain egon. Ditugun egiturak, baliabideak eta komunitatea aprobetxatu behar dugu guk ere gure lana egiteko.