NAIZ

Palestinako umeek pairatzen duten sarraskia gogoratu eta «kolaborazionismoa» salatu dute Bilbon

Gernika-Palestinak, Bilbon egindako ekintza ikusgarri batekin, ikusmiran jarri du «Euskal Herrian bertan dugun kolaborazionismo instituzional, enpresariala eta akademiko guztia».

Hautsez eta odolez zikindutako ehundaka haur-zapata jarri dituzte gaur goizean Bilboko Zubi-zuri zubitik Guggenheim-eraino doan pasealekuan, Gernika-Palestinaren ekimenez, «kolaborazionismo instituzional, enpresariala eta akademikoa» salatzeko.

Apirilaren 25ean, Bilboko auzokideen elkarteko federazioak mozio bat aurkeztu zuen Bilboko udalean. «Mozioak Palestinar herriarekin elkartasuna adieraztea eta Israel estatu genozidarekin kolaborazio denak etetea eskatzen zuen», ekarri du gogora Gernika-Palestina ekimenak. EAJ-k eta PSE-k osatzen duten Udal gobernuak mozioa atzera bota zuen.

Gernika-Palestinak Bilbon egindako ekintza, Gazako haurrak gogoan. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

«Ekimena Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatzeko ba, bereziki umeek pairatzen ari diren sarraskia, baina baita udal gobernuaren jarrera kolaboratzaile hau salatzeko ere bai», azaldu dute ohar baten bidez.

Bilboko Udalari «genozidekin harremanak moztu nahi ez izatea» leporatu diete. «Jomugan jarri nahi dugu Euskal Herrian bertan dugun kolaborazionismo instituzional, enpresariala eta akademiko guztia. Besteak beste, erregimen sionistarekin merkataritza-akordioak duela 40 urtetik dituen Eusko Jaurlaritza, armagintzan aritzen diren SENER bezalako enpresak edota CAF tren-enpresa».

Haurren zapaten ondoan, horien izen-abizenak, adina eta haien heriotzaren arduraduna den Israel jasotzen zuten etiketak jarri dituzte; «Anas Muhammad Mazen, 4 urte, Israelek eraila. Bushra Sharif Youssef, 12 urte, Israelek eraila. Sham Abdul Karim urte 1, Israelek eraila... Gogoratu behar da dagoeneko 42.500 pertsona baino gehiago hil dituztela Palestinan, eta horietatik 15.700 baino gehiago haurrak direla», nabarmendu dute.

Ekintza honen egileek Bilboko paseo jendetsu honetan sortu duten giroak, eragina izan du hortik pasatzen zen jendearengan, bereziki museoraino hurbiltzen diren turistengan. «Sortutako irudiari begiratu eta haur horien izenak atsekabetuta irakurtzen zituzten oinezkoek. Megafoniatik entzuten ziren abestiak eta gerra-sirenen abotsek efektu hori lortzen laguntzen zuten».