Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Calixto Bieito: «Sormen-une onean gaude, jakin-mina eta talentua baitago»

Euskal Herrian, une honetan, «sormen-une onean gaude. Jakin-mina, lasaitasuna eta talentua daude», aipatu dio NAIZi Calixto Bietok, Bilboko Arriaga antzokiko zuzendari artistikoak. Horren erakusgarri da ekoizpen propioz betetako denboraldi berria.

Calixto Bieitok ekoizpen propioen garrantzia azpimarratu du aurkezpenean.
Calixto Bieitok ekoizpen propioen garrantzia azpimarratu du aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Calixto Bieito, Arriaga antzokiko zuzendari artistikoak, Bilboko antzoki nagusiaren 2024-2025 denboraldian –2024ko abuztutik 2025eko ekainera arte doana– eskainiko dituen ikuskizunen programazioaren berri eman du astelehen honetan. Eta tokiko eszenari bultzada bat ematen jarraituko duela azpimarratu du, «Estatuan egiten den antzerkirik onena» eskaintzeaz gain. Hemen, Arriaga antzokiaren webgunean, programazio osoa dago ikusgai.

«Nire helburuen artean dago euskal ekoizpenak nazioarteko eszenara eramatea», aitortu digu. «‘Obabakoak’ Alemaniara eraman nuen eta jendea, ulertu ez zuen arren, hunkitu egin zen. Nik ulertzen ez nituen hizkuntza anitzekin lan egin dut, suediarra, norvegiarra, errumaniera, euskaraz ere bai... eta hizkuntza musika bezalakoa da: ez badiozu beldurrik eta erlaxatuta bazaude, hitzen musikan murgiltzen bazara, imajinazioa piztu egingo zaizu», gehitu du.

Bide horretan jarraitzeko asmoa du Bieitok. Esaterako, ekoizpen berrien taularatzeak Arriaga antzokiaren funtsezko oinarrietako bat izaten jarraituko du datorren denboraldian.

Horren artean Tennessee Williamsek 1944an idatzi zuen ‘Kristalezko zooa’ (euskaraz) edo ‘El zoo de cristal’ (gaztelaniaz) klasiko modernoa izango da. Izan ere, Natalia Menendez egile eta zuzendari prestigiotsuaren zuzendaritza eszenikoarekin, Bilboko antzokiak antzezlan honekin helduko dio antzerkirako bere hurrengo proiektuari.

Euskaraz estreinatuko da lehenik, 2025eko martxoaren 21etik 23ra, eta, ondoren, gaztelaniaz, apirilaren 3tik 6ra. Antzeztaldea berbera izango da bi bertsioetan: Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga eta Arnatz Puertas.

Bestalde, ‘La lucha por la vida’, Arriagak 2023an Teatro Españolekin egindako koprodukzioa, etxera itzuliko da apirilaren 12an azken emanaldi bat eskaintzeko. Gainera, Ramon Barea zuzendariak egindako doikuntzei eta kritika bikainak jaso dituen biraren ondorioz, Bilbora iritsiko da antzerki-artefaktu biribil gisa. Beraz, Arriaga Antzokiak Pio Barojaren trilogian oinarritutako obra hau ikusteko azken aukera eskainiko du.

Guridiren ‘Mari-Eli’ zarzuela berreskuratu du ere Bieitok: «36. urtean kontzertu legez eskainiko zen eta ordutik galduta egon da, musikaren panoramatik desgertuta. Orain berreskuratu ditugu partiturak, testuak... Puccini bat estreinatuko bazenu bezalakoa izango da!»
 Datorren denboraldiko produkzio liriko handiak berriro ekarriko du zarzuela, Calixto Bieitoren eskutik. Berak zuzenduko baitu Jesus Guridiren ‘Mari-Eli’. Madrilen estreinatu zen 1936ko apirilean eta ordutik ez da ia antzeztu. «Kontzertu bertsioan egin zen orduan, eta handik aurrera zarzuela hori desagertu zen, baina guk orain berreskuratu egin ditugu partiturak, testuak, dena.. Puccini bat lehen aldiz estreinatuko bagenu bezala izango da», Bieitoren hitzetan.  

‘Mari-Eli’ren estreinaldia (2025eko apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean) lehen mailako berreskurapen musikologiko bat da; izan ere, egungo begirada bat emango zaio  Guridiri hain lotuta dagoen Bilboko Koral Elkarteak proiektu honetan parte hartu izanak kantu koralaren transmisioaren egungo indarra sinbolizatzen du. Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) ere parte hartuko du, eta aurrerago jakinaraziko da nortzuk diren ahots bakarlariak.

Azkenik, koronabirusaren pandemiaren erruz tiraderan geratu zen proiektu bat berreskuratu eta atondu dute. Ludwig van Beethovenen ‘Missa Solemnis’ da, zeina kontzertu formatuan eskainiko baita. Erik Nielsen maisuak Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) gidatuko du, lehen mailako lau ahots bakarlari lehen lerroan dituen emanaldi batean: Vanessa Goikoetxea, Nerea Berraondo, Michael Porter eta David Menendez.

Bilboko Koral Elkarteak eta Iruñeko Orfeoiak parte hartuko dute ere ekoizpen garrantzitsu honetan.