NAIZ

Okupazioa salatu dute dozenaka udalerrik, Palestinarekiko Erantzukizuna plataformaren bultzadaz

Euskal Herriko hainbat gizarte-mugimendutako pertsonek Palestinarekiko Erantzukizuna plataforma sortu dute palestinarren kausaren alde. Tresna gisa, okupazioa salatzen duen mozioa eraman du udaletxe askotara eta gehienetan onartua izan da orain arte.

Palestinaren aldeko mobilizazioa Bilbon, pasa den astean.
Palestinaren aldeko mobilizazioa Bilbon, pasa den astean. (Marisol Ramirez | Foku)

Agurain, Aiara, Aramaio, Arantzazu, Areatza, Aretxabaleta, Arrigorriaga, Artziniega, Aulesti, Asparrena, Bergara, Dima, Donemiliaga, Alegria-Dulantzi, Erriberagoiti, Eskoriatza, Igorre, Iruraitz- Gauna, Kanpezu, Legutio, Lemoa, Munitibar, Oiartzun, Ondarroa, Oñati, Ordizia, Orereta, Tolosa, Trapagaran, Urkabustaitz, Zaldibia, Zalduondo, Zeanuri, Zeberio eta Zuia. Hauek ere Palestinarekiko Erantzukizuna Plataformak aurkezturiko mozioa orain arte onartu duten udalak, eragilek honek jakitera eman duenez.

Beste aldetik ere izan dira udal batzuk mozioa onartu ez dutenak: Artea, Barakaldo, Irun, Urduña eta Gasteiz, zehaztu dutenaren arabera.

Mozioa onartu duten udalek, honako konpromiso hauek hartu eta onartu dituzte. Lehenik eta behin, «egiturazko jatorria/arrazoia okupazio koloniala eta apartheida» direla salatzea. Bigarrenik, «noranzko biko enbargo militarra eskatzea», eta «sionismoarekiko lankidetza militarreko eta segurtasuneko programa guztiak etetea». Hirugarrenik, Israelgo Gobernuaren eta bere arduradunen aurkako zehapen-programa bat hastea eta harreman diplomatikoak etetea honek nazioarteko zuzenbidea bete arte. Eta, azkenik, Israelgo Gobernuarekiko harreman instituzional guztiak etetea, behin betiko su-eten iraunkorra izan arte, giza eskubideak bermatu arte eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuz.

«Plataforma hau premiazkoa da sarraskia eta bidegabekeria gelditu ezin izan duten nazioarteko erakundeen eraginkortasunik ezaren aurrean. Genozidioaren aurrean gobernuek eta enpresek duten erantzukizuna azpimarratzen du plataformak, eta, batez ere, hori guztia aldatzeko eta behin betiko amaitzeko beharretik dago sortua. Gizarte gisa parte hartzeko eta Palestinako herriari laguntzeko erantzukizunean sinesten dugu», adierazi dute ekimen honen partehartzaileek.

Elkarte feministek, antifaxistek, etorkinen aldeko, sindikatuek... osatzen dute Palestinarekiko Erantzukizuna plataforma.