Maiatzaren 30ean amaitu zen CT itzuliko seigarren txapelketa Tahitin. Aurten ere itzelezko ikuskizuna eskaini zuten lehen mailako surflariek munduko olatu zail eta arriskutsuenetako batean, baina batez ere neskek erakutsi zuten maila azpimarratu behar da. Inoiz baino ikusle gehiagok jarraitu zituzten nesken txandak zuzenean. Olatu handietan asko arriskatu zuten lehiakideek eta, azkenean, Vahine Fierro polinesiarra eta Italo Ferreira brasildarra nagusitu ziren.
Finalera iritsi arren bigarren postuan geratu ziren Brisa Hennesy Costa Ricako surflariak eta John John Florence hawaiiarrak CT rankingeko lehen postura igo dira. Aldaketa esanguratsuak eman dira rankingetan Tahitiko txapelketaren ostean.
Uztailean egingo den Joko Olinpikoetako surf txapelketa Teahupoon izango da eta pasa den asteko irudiek zer gerta daitekeen aurreikusten laguntzeko balio dezakete. Nesken kategorian, adibidez, Frantzia ordezkatuko duen Vahine Fierrok olatu handiak badaude urrezko domina irabazteko aukera asko dituela erakutsi zuen, Teahupoon gainontzeko lehiakideak baino koska bat gorago dagoela frogatu baitzuen.
Vahine Fierro
Surfaren historian inoiz ez ziren neskak halako baldintza zail eta arriskutsuetan itsasoratu. Ziur aski duela urte bat edo bi ez lirateke Teahupooko azken txapelketan itsasoratu ziren azken egunean itsasoratuko. Ordea, duela urte gutxi pentsaezinak ziren muga guztiak gainditu eta sekulako ausardia eta teknika erakutsiz itzelezko ikuskizuna eskaini zuten, eta guztien gainetik lehiakide bat nabarmendu zen, Vahine Fierro.
Gonbidapen wildcard bati esker lehiatu ahal izan zen 24 urteko polinesiarra Teahupoon eta uztailean olinpiar jokoetako surf txapelketa egingo den Teahupooko olatu ezin hobeto ezagutzen duela frogatu zuen.
Nesken kategoriako azken txandak baldintza oso zailetan egin zituzten eta lehiakide batzuek beldurra zutela agerikoa zen, baina hori mutilen kategorian ere gertatzen da, Teahupoo bezalako lekuetan ezin da disimulatu eta lehiakide batzuek beste guztien gainetik nabarmentzen dira.
Final erdietan Tatiana Weston-Webb brasildarraren kontra egin zuen txanda historiara pasatuko da. nesken mailan inoiz ikusi ez ziren irudiak eskaini zituzten bi lehiakideek. Brasildarrak hamarreko bat lortu zuen tubo erraldoi baten erraietan desagertu eta osorik ateratzea lortu ostean, baina bigarren olatu on bat falta zitzaion eta Fierrok, ostera bi olatu bikain zituen, bata 9’63 puntukoa eta bestea 8’07 puntukoa. Ezbairik gabe bi lehiakide hauek izan ziren olatu handienak hartu zituzten nesken kategoriako lehiakideak.
Weston-Webb gailenduta erraz irabazi zuen finala Fierrok, baina garaipenak ez dio balio izan puntuak biltzeko ez baitago lehen mailan. Challenger Series rankingeko zazpigarren postuan aurkitzen da polinesiarra, alegia, laugarren postuan dagoen Nadia Erostarbe baino beherago. Aitzitik, uztailean Teahupoon egingo den Joko Olinpikoetako surf txapelketan berriz irabazteko aukera asko dituela agerian geratu da, olatu handiak badira arerio gutxi baitira Fierrok bezala olatu munstroa mendean har dezaketenak.
Italo Ferreira
Tokion egin ziren Joko Olinpikoetan urrezko domina irabazi zuen Italo Ferreirak mota guztietako olatuetan itzelezko maila duela erakutsi du sarritan. 2019an, esaterako, WSLko titulu mundiala lortu zuen Pipelineko txapelketa irabazi ostean. Ordea, brasildarrak arantza bat zuen, bere iritziz egun hartan olatuak ez baitziren behar bezain handiak eta berak muturreko baldintzetan ere irabaz dezakeela frogatu nahi zuen.
«Honen zain nengoen, mota askotako olatuetan irabazi izan dut, baina ez tuboetan, iaz ezin izan nintzen hemen lehiatu eta luzaz borrokatu dudan garaipena da», azaldu zuen Ferreirak Teahupooko garaipena eskuratu ostean.
Arerio zailena zuen parean Ferreirak finalean, txapelketa osoan itzelezko teknika erakutsi zuen John John Florence hawaiiarra. Borroka oso gogorra izan zen, baina azkenean brasildarra nagusitu zen. Florencek 9’33 eta 7’83 puntu bildu zituen bere bi olatu hoberenekin. Ferreirak, ostera, 8’93 eta 8’77 puntuko olatuak egin zituen.
Gauzak honela, John John Florence CT rankingeko buru jarri da. Griffin Colapinto bigarren postura jaitsi da, Jack Robinson hirugarren postura jaitsi da, Ethan Ewingek laugarren postuan jarraitzen du eta Italo Ferreira bosgarren postuan da hamaika postu gora egin ostean.
Nesken kategorian, berriz, Brisa Hennessy da nesken rankingeko buru. Caitlin Simmers bigarren postura jaitsi da, Molly Picklumek hirugarren postuari eutsi dio. Johane Defay laugarren postura jaitsi da eta Caroline Marks bosgarren postura igo da.
CT zirkuituko zazpigarren txapelketa ekainaren 6a eta 15a bitartean egingo da El Salvadorren.