NAIZ

Durangoko Museorako esku-hartze artistiko bat sarituko du Sormen Beka DA!-k

Durangoko Azokako sormen bekak esku-hartze artistikoetan jarri du begia deialdi berrirako. Durangoko Arte eta Historia Museoan edota honen inguruan esku-hartze bat sustatuko du, gaitzat ‘Euskara Jendea’ izango duena.

Durangoko Arte eta Historia Museorako esku-hartzeak aurkeztu behar dira.
Durangoko Arte eta Historia Museorako esku-hartzeak aurkeztu behar dira. (DURANGOKO AZOKA)

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak zazpigarren urtez jarriko dute abian Durangoko Azokan emango duten Sormen Beka DA! Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da.

Aurreko edizioetan literatura, musika, ikus-entzunezkoak edota arte eszenikoei lotutako lanak sustatu dituen bezala, aurtengoan esku-hartze artistikoetan jarri dute begia eta, zehazki, azken urteetan Azokan zehar ekitaldiak hartu dituen Durangoko Arte eta Historia Museorako esku-hartze artistiko bat sustatuko dute aurtengoan.

Zehaztu dutenez, proposamenak museoan bertan edota inguruan egingo den esku-hartzea aurkeztu beharko du eta edozein diziplina artistiko –piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa...– landu ahalko da. Gaia, aldiz, ‘Euskara Jendea’ izango da.

Bekaren oinarriak Durangoko Azokaren webgunean ( durangokoazoka.eus) kontsulta daitezke, baina nabarmentzekoa da sortzaile berriei bideratutako beka dela –lehen edo bigarren esku-hartze artistikoa izan behar da– eta taldekako lanak ere proposatu ahalkon direla.

Proiektu bakarrari emango zaio 15.000 euroko saria, sorkuntza prozesuan eta plazaratzean laguntzeko, eta proposamen saritua 2025ean eskainiko da Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Lanak aurkezteko epea irailaren 21ean, 18.00etan, itxiko da.