NAIZ

«Korapiloa askatzeko» proposamen falta salatu du Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak

Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataforma aurkeztu zenetik ia hilabete pasatu denean, arduradun politiko desberdinekin izandako elkarrizketen ondoren «korapiloa askatzeko» proposamenik ez dutela egiten salatu dute. 1.600 sinadura baino gehiago jaso dituzte Gasteiz Antzokia ireki dezaten eskatzeko.

Gasteiz Antzokiaren aldeko agerraldi bat.
Gasteiz Antzokiaren aldeko agerraldi bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Azken asteotan arduradun eta talde politiko desberdinen eta Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformaren arteko elkarrizketak izan badira ere, azken honek arduradunek «korapiloa askatzeko» proposamenik egiten ez dutela deitoratu dute astearte honetan zabaldutako ohar batean.

Duela hilabetetik Arabako hiriburuko Izaskun Arrue kulturgunea, Gasteiz Antzokia, irekitzea aldarrikatzen hasi ziren, oraingoan ere gogorarazi dutenez, eraikinaren lanak 2022ko irailean amaitu zituzten eta. Gasteizko euskaltzaleek «duela hamarkada bat baino gehiago aldarrikatzen duten» proiektua dela diote.

Antzokia ez irekitzeari Udalak Lazarraga elkarteari 112.817,10 euro itzultzeko eskaera gehituta, plataformatik adierazi dutenez «egoera jasangaitza izan arte eutsi nahi diote euren posizioari, Antzokia kudeatzeko ardura duen Lazarraga Kultur Elkartea itotzeraino».

«Proiektu honek ezin du zakarrontzian amaitu», azpimarratu dute, «horregatik ozen salatu nahi dugu Gasteizko Udalaren utzikeria eta borondate falta eta eskatzen dugu: Udalak egoera bideratzeko eta konponbide adostu bat lortzeko neurrian har ditzala berandu baino lehen».

1.600 sinadura baino gehiago

Hala ere, herritarren babesa «gero eta nabariagoa» dela nabarmendu du plataformak. Udalari zuzendutako gutunak guztira 1.600 sinadura baino gehiago jaso ditu eta «egunetik egunera» kopuruak gora egiten jarraitzen duela esan dute.

Horrez gain, proiektuarekiko atxikimendua erakutsiz eta konponbide bat eskatuz sare sozialetan agertu diren pertsona ezagunen laguntza aipatu dute, esate baterako, Bernardo Atxagarena, Edurne Azkaraterena, Karmele Jaiorena, Paul Urkijorena, Irantzu Lekuerena eta Aroa Arrizubietarena.