Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Behi euskaldun ospetsuenak eleberri grafikoari marru egin dio

Pamiela argitaletxeak 1991n argitaratu zuenetik, Bernardo Atxagaren ‘Behi euskaldun baten memoriak’ nobelaren edizio anitz eta beste hizkuntzetara itzulpen ugari egin dira; azkena, farsira. Orain, Mo behi kaskarinak eleberri grafikora jauzia egin du, Juan Suarez kolonbiarraren koloreez jantzita.

Bernardo Atxaga, Juan Sárez marrazkilaria eta Pello Varela gidoilaria, Bilboko Liburu Azokan.
Bernardo Atxaga, Juan Sárez marrazkilaria eta Pello Varela gidoilaria, Bilboko Liburu Azokan. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Juan Suarezek Maison des Auteurs d’Angoulêmen ostatu hartuta egin ahal izan zuen lan hau, Cité Internationale de la Bande Dessinée et de L’Imageren laguntzari esker», irakur daiteke ‘Mo. Behi euskaldun baten memoriak’ (Pamiela) nobela grafikoaren lehenengo orrialdean. Pamielak euskarazko bertsioa atera berri du; gaztelaniazkoa, La Cupulak plazaratuko du.

Nazioarteko komikiaren ‘hiriburua’ kontsidera daitekeen Angoulêmeren ‘zigiluarekin’ dator bueltan, beraz, Bernardo Atxagaren eleberri ikonikoa. Beka bati esker, eta Pello Valerak egokitutako gidoian oinarrituta, Juan Suarez artista kolonbiarrak istorio honen bertsio koloretsu eta propioa gauzatu du, argitaratu duen bere lehen albumean.

Urtebete behar izan zuten Varelak eta Suarezek story board-a egiteko. Bidean, bertsio asko moldatu behar izan zituzten; eta, tartean, marrazkilari kolonbiarrak Euskal Herrira bidaia egin zuen, hemengo paisaiak ezagutze aldera.

Gazte literaturari lotutako funtsezko liburua, nobela grafikoaren bertsioa gauzatu dute ‘Mo. Behi euskaldun baten memoriak’ izenburuarekin. Angoulêmen jasotako beka bati esker gauzatu du Juan Suarez artista kolonbiarrak


Gurean nork ez du ezagutzen Mo behiaren istorioa? 36ko gerra bukatu eta gutxira Balantzategi baserrian jaiotako behi honen ikuspegitik kontatua, barrenetik mintzatzen zaion barruko ahots bat du Mok (izenik ezean, ‘setatsua’ deitzen diona; Pello Varelak pisu berezia eman dio eleberri grafikoaren kontakizunean), eta, hain zuzen ere, bere barruko ahots honek proposatu dio bere memoriak idaztea, behiaren bizitzaren azken urteetan.

Mo bera, basurdea izan nahi duen La Vache qui Rit behi eroa, menditik jaisten diren makiak, baserria inguratzen duten guardia zibilak –«karral karral», gaztelaniaren doinua Moren belarrietan–... guztiak kolore arrosez, urdinez edo horiez marraztutako zertzelada arineko binetetan islatu ditu Suarezek.

«Hauxe fabula bat da, behi baten begiez kontatutako istorio unibertsala: gerra zer den ez dakien behi baten begietatik kontatutako istorioa. Nik nahi izan dudana zera da, sentimendu hori koloreen bidez islatzea», aipatu du marrazkilariak Bilboko liburu azokan egin den aurkezpenean.

«Erabat ados nago –gehitu du Atxaga berak–, fabula bat da. Behi honek ez daki zer den gerra eta, narratzailea gizaki bat ez denean, narraziorako bide zabal bat zabaltzen da».

Gazte literaturari lotutako funtsezko liburua, ‘Behi euskaldun baten memoriak’ «milaka euskaldunentzat hezkuntza literariorako pauso garrantzitsuenetako bat izan da», aipatu du Lander Majuelo editoreak. IBBYren (International Board on Books for Young People) ohorezko zerrendan dago liburua 1994. urtetik, eta, are eta gehiago, Alemanian 1995ean bertako irrati batean irrati nobelaren bertsioan eskaini zen.

Hiru hamarkaden ostean, ez du galdu egunerokotasunik, baina egiten zaion bertsio desberdin bakoitzean beste ‘musika’ bat hartzen du, Atxagaren esanetan: «Liburuak, bere soiltasunean, irudimenaren laguntza eskatzen du beti. Irakurleari esaten diozu: ‘Osatu ezazu liburu honetan kontatzen dena zure irudimenarekin’. Kasu honetan, eleberri grafikoan, esaten diozu: ‘Osatu ezazu kontaera zure irudimenarekin, baina batez ere zure kulturarekin».

Eta nola sortu zen istorioa? Baserri batean egin zuen egonaldi batean, antza. Baserria utzi zioten enkargu batekin: egunero etxeko 30 behiak goizean atera eta gauean berriz etxeratu behar zituen. «Zaila zen niretzat, ez nuelako izan harreman esturik behiekin eta gainera behiak ikara pixka bat ematen zidatelako», aitortu zuen. Behin, basora joan eta hauxe ikusi zuen: «Goroldioz betetako burdin batzuekin topo egin nuen eta aireplano erori batekin lotu nuen. Eta, gero, erditu berri zen behi baten karena ikusi nuen».

Irudi haietatik sortu zitzaion Moren historia 28 egunetan idatzi zuen; eskuz, lehen orrialdetik bukaera arte.