Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Interview
Julen Del Rio
Puntista

«Iron Cup txapelketa irabazteko gai gara, baina buruarekin jokatu behar dugu»

Julen Del Rio (Gasteiz, 1996) eta Thomas Urrutia (Donibane Garazi, 2001) Iron Cup-eko finalera sailkatu dira. Etzi jokatuko da final handia, Erkiaga-Ibarluzea arerio izango dutela Bilboko Deportivo pilotalekuan. Gasteiztarra, momentuz, lasai dago eta sasoiko bigarren txapela irabazteko konfiantzaz.

Julen Del Rio, Bilboko Deportivo frontoian, ligaxkako partida batean, Sorozabal anaien aurka.
Julen Del Rio, Bilboko Deportivo frontoian, ligaxkako partida batean, Sorozabal anaien aurka. (ERAMAN JAI ALAI)

Momentuz lasai nago. Partida eguna iristen denean bai edukitzen dut nerbio gehiago, baina pertsona lasaia naiz». Halako patxadaz aztertu du Julen Del Rio puntistak bere sasoi ona. Iron Cupeko finalera sailkatu da, Thomas Urrutia gaztea bikotekide duela. Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea, Gernikako Winter Series txapelketako irabazleak izango dituzte aurkariak. Partida zaila aurreikusten du, baina pilota biziarekin min egiten saiatuko dira. Finalera begira jarri da gasteiztarra (ostiralean, 19.00etan, Bilboko Deportivo pilotalekuan), urte honetan pilatu dituen emaitza onak testuinguruan jarrita.

Sasoiko zaude. Gernikako Winter Seriesean finalerdietan, Araba Euskaraz irabazi, Iron Cupen finalean...

Joan den urteko uda ere asko disfrutatu nuen. Partida karga handia, baina gozatu nuen. Hilabete hauetan bolada onean nabil eta uneaz disfrutatzen nabil. Araba Euskarazen Aritzekin [Erkiaga] jokatu nuen, honek konfiantza asko eman zidan. Bilbon atarikoa jokatu genuen eta, oraingoz, ez dugu partidarik galdu.

Erkiaga izan zenuen bikote Gasteizen. Etzi aurkaria izango duzu. Zein izango da finaleko gakoa?

Teoria erraza da: Erkiagari pilota gainetik kentzea. Gure jokoa egin behar dugu. Aritz eta Ion [Ibarluzea] mugitzea izango da gakoa, deseroso jartzea. Guk pilota biziarekin jokatuko dugula uste dut, eta haiek motelagoarekin. Defentsan ongi ibili beharko dugu, eta gure pilotekin aurrepausoa eman eta aurkariak mugitu.

Pilota biziarekin ikusten zaitugu erosoago. Errematatzen saiatuko zara oraingoan, edo beste estrategia bat gailenduko da?

Arriskutsua da erremate horiek egitea. Eskumarekin ongi moldatzen naiz, baina Aritz dago aurrean, eta, ongi egiten ez badut, berak min handia egin ahal digu. Iruditzen zait ez dudala joko berdina egin behar. Defentsara pasatu beharko dut. Alboz gehiago jokatu eta pilota atzera bidaltzea izango da onena. Tantoak landu behar ditugu, eta egoera ona daukagunean, bukatu. Thomas [Urrutia] ongi aritzen da defentsan ere.

Bikote modura ondo moldatu zaretela ikusten da. Urrutia ere kontent agertu zen zu bere bikotea izateagatik. Segurtasuna ematen omen duzu.

Nire helburua bere joko onena ateratzea da. Konfiantza ematea. Tantoa bukatzen denean, berarengana joan eta hitz egiten dugu, gauzak argi izateko eta lasaiago jokatzeko biok. Ez diot mugarik jartzen, errematatu nahi badu, aurrera; ondo pasatzea, disfrutatzea da kontua, baina betiere buruarekin, gauzak bere momentuan eginda. Horregatik iritsi gara finalera. Partidak ondo landu ditugu. Ikusi dugu zein momentutan eman behar genuen aurrerapausoa, edo defentsara pasatu. Finalerdietan esan nion pilota biziarekin min handia egin ahal nuela eskumaz eta, bera defentsan aritzen bazen, errebotera botata, erdia eginda geneukala. Ongi atera zen. Eta ligaxkan alderantziz izan zen, e! Niri egokitu zitzaidan defentsara pasatzea eta Thomas izan zen jokoa aldatu zuena.

«Nire helburua bere [Thomas Urrutiaren] joko onena ateratzea da. Konfiantza ematea»

Tantoa bukatzen denean, elkarrekin hitz egitea garrantzitsua izaten da bikote batentzat?

Bai, niretzat oso garrantzitsua da, onuragarria da, horrek lasaitzen nau. Badaude pilotari batzuk ez dutela egiten, baina nik ohitura hori daukat. Hautu pertsonala dela iruditzen zait, eta nire kasuan garrantzitsua da.

Ligaxkako partidak estuak izan ziren, baina finalerdietan nagusi izan zineten Laduche-Manciren aurka. Nola izan da finalerako bidea?

Gure helburua beti da azkeneraino gure jokoa egin eta dena ematea. Horregatik irabazi ditugu partidak. Bikote on asko geratu dira kanpoan. Hasieran urduriago geunden. Edo behintzat lasaiago egon behar genuen, eta bigarren setetan oso ondo atera gara partida guztietan. Hori izan da gakoa, partidak irakurtzen jakitea eta gure potentziala kantxaratzea.

Iron Cup oso parekatuta egon da. Eta Aritz Erkiagaren porrota ere ikusi da.

Bai, karga handia dauka berak ere. Normalean berak eramaten du partidaren pisua, eta norgehiagoka asko jokatu ditu. Baina, tira, final bat da, eta berak asko jokatu ditu. Pertsonalki, bera ikusten asko disfrutatzen dut. Gure aurkaria da etzi eta berari jokoa kendu behar diogu, gure jokoan konfiantza izan. Irabazi ahal dugu baina buruarekin jokatu behar dugu.

Iaz egutegi txukuna eduki zenuen. Aurten ondo hasi duzu urtea: Jai Alai League-ko sailkapenean bigarren atzelaria zara. Nola hobetu zara?

Lasaiago nabil. Psikologikoki garrantzitsua da. Nire kasuan burua oso garrantzitsua da, kantxara ateratzea eta burua positiboki mantentzea. Eta kantxatik kanpo ere lanean jarraitzea, fisikoari zein elikadurari dagokionez.