Ainhoa Espinoza

‘Robotia’ haurrentzako animazio filma estreinatuko dute ostiral honetan

Ostiral honetan, ekainaren 7an, estreinatuko da Diego Cagidek eta Diego Lucerok zuzendutako ‘Robotia’ filma. Animazioak edonork futbolean aritzeko zaletasuna sustatzen du. Zinema areto ezberdinetan izango da ikusgai euskaraz, gazteleraz zein katalanez.

Ezkerretik eskuinera: Joseba Beristain, konpositorea; Leyre Martinez, La Oreja de Van Gogh-eko abeslaria; Ricardo Ramon, Dibulitoon Produkzioko ekoizlea eta Beatriz Iso, gidoilaria.
Ezkerretik eskuinera: Joseba Beristain, konpositorea; Leyre Martinez, La Oreja de Van Gogh-eko abeslaria; Ricardo Ramon, Dibulitoon Produkzioko ekoizlea eta Beatriz Iso, gidoilaria. (Maialen Andres | FOKU)

Ricardo Ramonek, filma produzitu duen Dibulitoon Produkzioko ekoizleak; Joseba Beristainek, pelikulako soinu bandaren egileak; ahots bikoizketa egin duen Leyre Martinezek –La Oreja de Van Gogheko abeslaria–; eta, azkenik, Beatriz Iso animazioaren kogidoigileak aurkeztu dute ‘Robotia’ luzemetraia Donostiako Haur Liburutegian.

Ricardo Ramonek aipatu du proiektu honi 2021ean eman ziotela hasiera. Izan ere, film hau egin baino lehen ‘Robotia’ umeei zuzenduta zegoen serie bat zen, eta «serie honetako ekoizleek ‘Robotia’-ren film bat egin nahi zuten. Ekoizle hauekin, guk beste proiektu batean lan egin genuen, ‘Winnipeg’ izeneko film batean. Horrela ikusi genuen, ‘Robotia’-ren proiektuarekin laguntzeko aukera genuela», azaldu du.

Beatriz Isok adierazi du pelikula hau abenturaz eta umorez jositako animazio bat dela, «Abenturaz eta umorez betetako filma da. Batik bat, haurrentzako dago egina eta haiek ulertzen duten hizkera batean dago idatzita». Gidoilariak laburpen motz batean azaldu du film honek izango duen istorioa: «Haur talde bati buruzkoa da istorioa, batez ere, Bibi izeneko neskato bati buruzkoa. Bere hiriko futbol txapelketan parte hartzeko eta lehiatzeko ametsa bete nahi du, eta hori lortzeko edozer gauza egiteko gai dela erakusten du. Bere lagunek Bibik amets hori lortzeko behar den guztia egingo dute».

Dibulitooneko ekoizleak esan du pelikula honetan futbola ez dela ideiarik garrantzitsuena. «Futbola, pelikula honetan, aitzakia bat besterik ez da. Kalean eta lagunekin jolas daitekeen zerbait da, besterik gabe. Hemen ez gara ezagutzen ditugun futbol profesional taldeetaz ari, baizik eta elkartzen diren lagun arteko momentu eder horietaz».

Filmean azaltzen diren genero roletaz Leyre Martinezek aipatu duenez, «azken urteetan, emakumezkoen futbolak generoen nolabaiteko berdintasun irudi hori zabaltzen lagundu du pixkanaka-pixkanaka». Leireri arrazoia emanez, Ricardok gehitu du «oso garrantzitsua» dela pelikulan futbol talde mistoa ikustea. «Izan ere, neska-mutilek osatzen duten lagun talde bat da, eta elkarrekin dibertitzen dira futbolean jolasten. Genero rolak, nolabait, albo batera utziz. Eta ez genero ezberdinak bakarrik, adin ezberdinetako gazteak ere agertzen dira».

Aurkezpenari amaiera emateko, Beatrizek nabarmendu du nahiz eta umeentzako pelikula bat den gurasoen aldetik ere oso feedback ona izan dutela: «Feedbacka ere oso positiboa izan zen gurasoen artean, helduen artean. Egia da haurrei asko gustatu zaiela filma, pelikulak elementu erakargarri asko dituelako, futbola eta robotak esaterako. Baina gurasoei ere asko gustatu zaie, batik bat, filmak ematen dituen mezuak kontuan hartuz: genero berdintasunari buruz irakasten dituen gauzak, ametsak jarraitzea… Balioak transmititzen dituen filma baita».