Sorry, the video player failed to load.(Error Code: 101104)
NAIZ

‘Arg(h)itzen’, Sakanan tortura pairatu dutenen lekukotza jaso duen lanaren aurkezpena

‘Arg(h)itzen’. Izenburu hori du Sakanan tortura pairatu duten zenbait lagunen testigantzak jasotzen dituen dokumentalak. Larunbat honetan aurkeztu dute Altsasun. Bertan izan dira Puri Galartza eta Joxe Aldasoro, bere lekukotza eskaini duten herritarrak.

‘Arg(h)itzen’ dokumentalaren aurkezpena.
‘Arg(h)itzen’ dokumentalaren aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Larunbat honetan ‘Arg(h)itzen’ dokumentala aurkeztu dute Altsasun. Nafarroako Torturatuen Sarearen eta Sakanako udalen laguntzarekin egindako lana da, eta bertan jasotzen dira tortura pairatu duten 30 pertsonen testigantzak. Haietaz gain, Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuak, Martxelo Otamendi eta Mikel Reparaz kazetariak, Serge Portelli Frantziako magistratua, Iñaki Egaña historialaria eta Laura Pego kriminologoa elkarrizketatu dituzte, besteak beste.

Aurkezpenean izan dira Unai Razkin eta Manu Gomez, dokumentala aurrera eraman duten lan taldeko kideak, bere lekukotza eskaini duten Puri Galartza eta Joxe Aldasoro, eta Ana Gorostiaga, Nafarroako Torturatuen Sareko ordezkaria. Gomezen esanetan, «auzolan erraldoi» baten emaitza da ‘Arg(hitzen’. «Tortura kontatzea ekimen konprometitu eta ausarta da. Torturaz baliatzen den Estatuari egiten zaion desafioa. Lehenengo urratsa torturarekin behingoz eta betirako bukatzeko. Tortura garaitzeko», gaineratu du.

Sakanan gutxienez 149 pertsonek pairatu dute tortura 1966 urtetik 2011 urtera doan epealdian. «Espainian egon diren Gobernu guztiak baliatu dira torturaz, bai diktaduran nola ‘demokrazian’. Herriaren kontzientzia kontrolatzeko helburuarekin», diote dokumentala aurrera eraman dutenek. Lanean aritu dira «tortura zer den jakiteko, eta tortura zulotik nola atera ahal den jakiteko».

Azaldu dutenez, «herri guztietatik altxatzen dira torturatuen testigantzak, zeinak beraien atxilotze momentuaren kontakizuna eskaintzen diguten. Demokrazia oso batean, justiziaren jakinarazpenak postariaren eskutik jasotzen dira. Sakanako herrietan, Euskal Herrian oro har, Guardia Zibila eta poliziak gaueko ordu txikietan sartzen dira herritarren etxeetan, txirrinak bortizki sakatuz, ateak kolpatuz eta herritarrak armekin makurraraziz. Epaile batek sinatutako baimenarekin sartzen dira, hori bai».

«Ustezko ‘demokrazia’ batean, Estatua behartua dago torturaren praktika ezkutatzera. Tortura iluntasunetik argitara ekartzea ariketa gogorra da, ahalegin eta konpromiso handia eskatzen duen ariketa. Dokumental honen grabaketan une zailak bizi izan ditugu, baina aurrera egitea lortu dugu», gaineratu dute, eta «torturaren errealitateari aurre egiteko torturatuen testigantzei erreparatzea funtsezkoa» dela ohartarazi dute.

Izan ere, «bakoitzak bere modura bizi izan du esperientzia hori, bakoitzari bere mina eragin dio, bakoitzak bere estrategia pentsatu eta garatu behar izan du torturaren zulotik ateratzeko. Tortura pertsonen borondatea apurtzearen helburua duen heinean, torturaren praktika pertsonak dituen ezaugarrien arabera zehazten da. Hortaz, torturak duen ezaugarririk behinenetakoa da sexista dela, sexuaren arabera modu batera edo bestera egiten delako».

Tortura ez errepikatzeko bermea lortzea

«Tortura inork inoiz imajina zezakeen zulo sakon eta beltzenean erortzera eramaten du pertsona. Baina zulo hortatik atera daiteke. Eta torturaren zulotik atera ahal izateko oso garrantzitsua da norberaren ingurunetik jasotzen den laguntza», nabarmendu dute, eta neurri politiko eta sozialak aldarrikatu dituzte torturaren egia azaleratzeko, aditu taldeen ikerketen bidez, instituzio publikoen arreta bermatuz.

«Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ez dira zerutik eroriko. Torturatuak eragile aktibo gisa antolatzea funtsezkoa da bidea egiteko. Sakanan, Nafarroan eta Euskal Herrian urratsak egiten ari dira torturatuak bildu, antolatu eta beraiek eragiletza bazter guztietara barreiatzeko. Soilik horrela lortuko dugu egunen batean torturaren errealitatea ilunetik argitara ekartzea. Tortura inoiz, inon, inoren kontra berriz ez errepikatzeko bermea lortzea».

Zentzu honetan, dokumentalean agertzen den elkarrizketatu gazteenak, Urtzi Nabazal Goñik, zeinaren etxean bi belaunaldiz torturaren biktiman ezagutu diren, bere kezka partekatzen du: «Etorkizunean ere, Estatuak beharrezkoa ikusten badu, Estatuak tortura praktikatuko duelaren beldurra dut». «Kezka horri erantzutea, beldur hori ezabatzea da gu guztion ardura».

Eskerrak eta eskaintzak

Gaurko agerraldian eskerrak eman dizkiete dokumentala egitea posible egin dutenei.
239 herritarrek parte hartu dute ‘crowdfunding’-ean, eta 56 lagunek ekarpen zuzena egin dute. Sakanako 13 udalerrien laguntza izan dute ere, baita Nafarroako Memoriaren Institutuarena.

Eragile sozialek ere parte hartu dute, haien artean, Euskal Memoria Fundazioak, Iratzar Fundazioak, Olaso Dorrea Fundazioak, Elkar Argitaletxeak, Lazkaoko Beneditarren Fundazioak, Foku Ekoizpen Audiobisualak eta Ahotsa Herri Komunikabideak.

Era berean, bildutakoek dokumentala eskaini diete tortura pairatu duten guztiei. Eta «dokumental honetan presente dauden baina gure artean ez dauden lau izen» nabarmendu dituzte, «hiru hil direlako eta laugarren bat torturaren ondorioz oraindik Sakanara itzuli ezinik dabilelako». Haietariko bat da Fran Balda. Azaldu dutenez, «berak jarri zuen egitasmo hau egiteko lehen harria eta ezin izan du berea ere baden lan hau bukatua ikusi, 2021ean hil zelako, istripu batean». Jose Luis Sanzol ere aipatu dute, 2006an hil zena; eta Julen Galartza, «1978an komisaldegian torturatua eta ondoren kartzelan behin baino gehiagotan ere jipoitua, bere historiaren zertzelada batzuk agertzen dira dokumentalean». 2016an hil zen gaixotasun baten ondorioz.

Azkenik, Hilario Urbizuren kasua gogora ekarri dute: «1975eko apirilean torturatua, Francok agindutako azkeneko ‘salbuespen egoera’ lazgarri hartan hain zuzen ere. Mexikon bizi da gaur, gaixotasun larri bat du, eta ez du aukerarik izan bere herrira, Olaztira, itzultzeko. Bere elkarrizketa da dokumental honetarako egin nahi genuen elkarrizketa eta egiterik izan ez duguna».