NAIZ

Gasteizko Txosnak: «Gainerakoak errespetatzeko gai ez direnek kanpoan jartzen dute beren burua»

«Mugimendu Sozialista» delakoari «beto politikoa» jarri izana goitik behera ukatu du Gasteizko Txosna Batzordeak, kulturgileen posizionamenduaren ostean. «Etengabeko konfrontazioan» aritzea egotzi dio. Hala ere, «urritik aurrera gatazka konpontzeko lan egitea proposatu dugu», aurreratu du.

Gasteizko txosnetan giroa.
Gasteizko txosnetan giroa. (Jaizki Fontaneda | Foku)

«Berriro azpimarratu nahi dugu ‘Mugimendu Sozialista’ko bi talde gehiago ez sartzearen erabakia ez dela beto politikoa izan. Prozesu guztiz legitimo baten emaitza da». Honako hau nabarmendu du Gasteizko Txosna Batzordeak ostegun honetan kaleratutako ohar batean. 150 kulturgile inguruk kaleratutako adierazpenari erantzuten dio, hauek duela bi aste «beto» hitza aipatu eta konponbide eske publikoki agertu ondoren. Bide batez, gatazka zertan den azaldu du Batzordeak, adierazpen horren tesi nagusia gezurtatuz betiere.

«Gure ustez, Gasteizko Txosna Batzordeak, edozein talde, asanblada eta proiektuk bezala, zilegitasun osoa du nola eta norekin lan egin nahi duen erabakitzeko. Ez da inolako aukera politikorik debekatu», argitu du ezer baino lehenago. Datu esanguratsu gisa, «‘MS’k badu ordezkaritza Gasteizko txosnetan Ikasle Abertzaleaken bitartez», ekarri du gogora.

2020-21 ikasturtean burututako hausnarketan, errespetua, lankidetza eta elkarrenganako konfidantza ardatz zituzten irizpideak zehaztu zirela oroitarazi du GTBk. Hortaz, honetan parte hartzea «ez da inolaz ere eskubide bat bere horretan, hurbiltze prozesu baten emaitza baizik, elkarrekiko errespetuan oinarritutako konfiantza sortzeko prozesua. Orain arte ez da horrelako prozesurik egon, ez da ‘MS’ren estrategian, etengabeko konfrontazioan eta konpromisoak aurkitzeko gaitasunik gabeko inposaketetan oinarritutako estrategian, inolako aldaketarik egon», ziurtatu du batzordeak.

«Gainerako parte-hartzaileak errespetatzeko gai ez direnek prozesu hauetatik kanpo jartzen dute haien burua», laburbildu du. Hala ere, jarraian azaldu duenez, «Txosna Batzordeak urritik aurrera gatazka konpontzeko bilaketa berrikusteko berriro lan egitea proposatu du. Ikusiko dugu ‘MS’k gauza bera egiten duen».

43 urteko bidea aldarrikatu ostean, gasteiztar guztiei dei egin die batzordeak azkenik, «eta bereziki kezka agertu duten guztiei», txosnetara hurbildu eta 2024ko jaietan parte hartzeko.