Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Iker Portugues
Urdaibaiko arraunlaria

«Arraunaz zerbait dakien edonork daki iazkoa errepikatzea oso zaila dela»

Iazkoa «berdintzea edo hobetzea» du xede 'Bou Bizkaiak'. Portugues arraunlariak esan du jada «lehen harria ipini» dutela, eta bigarrenaren bila joango dira igande honetan, Euskadiko Txapelketan. 11 urte daramatza bere herriko traineruan, eta aurten bosgarren denboraldia osatuko du gorengo mailan.

Audio_placeholder

«Arraunaz zerbait dakien edonork daki iazkoa errepikatzea oso zaila dela»

Loading player...
Iker Portugues Urdaibaiko arraunlaria, Bermeon.
Iker Portugues Urdaibaiko arraunlaria, Bermeon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Bermeon irabazteak bakarrik balio du». Hori ondotxo dakite Urdaibaiko arraunlariek, eta aurten ere dena irabaztea dute helburu. Eusko Label Liga eta Kontxako Bandera irabaziz gero, TKE Traineruen Kluben Elkarteko liga sortu zenetik inork lortu ez duena egingo luke Urdaibaik: hirugarrenez jarraian liga eta Kontxako Bandera astintzea.

Iker Portugues Urdaibaiko arraunlariak (Bermeo, 2000) adierazi du «lehen harria ipini» dutela Bizkaiko Txapelketa irabazita, eta igande honetan bigarrenaren bila joango dira, Donostian jokatuko den estropadan. Ligako aurkariez, adierazi du Zierbenak «pausotxo bat aurrera» egingo duela, Hondarribiak «beti maila ona» ematen duela, eta Donostiarrak eta Oriok «sustoren bat» eman dezaketela estropadaren batean. 

Sasoi hau iazkoa amaitu bezala hasi duzue, irabaziz.

Bai, hori zen helburua. Pasa den urtekoa berdindu edo ahal bada hobetu, nahiz eta oso zaila izan. Momentuz lehenengo harria ondo ipini dugu, Bizkaiko Txapelketa irabazita. Orain 26 estropada falta dira, beraz, ea zer geratzen den.

Hamar segundo atera dizkiozue Zierbenari. Irabazi ez ezik, aise gailendu zarete?

Tira, erraz-erraz ez zen izan. Baldintza oso txarrak egon ziren, haize asko izan baikenuen. Ez zen olatu bakar bat berdina, leku guztietatik etortzen ziren olatuak, eta arraunean egiteko zaila zegoen.

Nola ikusi zenuen ontzia estropadan?

Oraindik ekainean gaude, eta asko falta da estropada bete-betekoak egiteko. Orain erritmoz ondo gaude, baina apur bat sendoago joatea falta zaigu. Baina normala da garai hauetan.
      
Iker Zabalak adierazi zuen aurten ere Bermeok motorra baduela, baina pieza horiek muntatu egin behar direla. Nabarmendu zuen Bermeok ez duela erraz irabazten. Zer lan dago atzetik, pieza horiek denak batera joan daitezen?

Talde guztien moduan, banan-banan arraunlaririk onenak eduki ditzakezu, baina gero hori juntatu egin behar da. Funtzionatzeko lan asko egin behar da: entrenamendu onak, multzo ona, eta arraunean denok berdina egin... Trainerua findu behar da.

Kanpotik ematen du erraza dela baina, barrutik beharbada ez da hain erraza.

Ez, azkenean urte osoa entrenatzen ari gara, eta horregatik da; ez delako erraza. Lan horren atzean denbora asko dago.

Iazko urtearekin alderatuta, sei arraunlari joan zaizkizue eta zazpi etorri dira. Mugimendua bai, baina ez hainbeste?

Uste dut urterokoa izan dela; beti daude bost-sei arraunlari taldea uzten dutenak, urte batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Azkenean normala da, jendea hona dator, Urdaibaira, talde oso handi batera, eta ez baduzu arraun egiten, normala da jendea joatea eta beste batzuk etortzea. Jende askok nahi du hemen egon, baina leku hau ez da erraza egoteko.

«Azken aldiz San Pedroko jaitsieran arraun egin genuen Hondarribiarekin eta Donostiarrarekin [...] Badugu gogoa ikusteko zer moduz gauden gu, eta eurak»
      

Nola joan da negua?

Nahiko eramangarria egin zaigu. Estropada ia denak irabazi ditugu, sentsazio onekin, eta entrenamendu onak ere egin ditugu.

Urdaibaiko, San Pedroko eta Orioko jaitsierak irabazi dituzue. Iazkoaren tankera berdina hartzen diozu datorren denboraldiari?

Hori da helburua: pasa den urtekoa lortu edo hobetzea. Baina arraunaz zerbait dakien edonork daki hori oso zaila dela errepikatzea. Pasa den urtean dena irabazi genuen, 11 bandera ligan... Oso zaila izango da errepikatzea. Baina helburua hor dago: pasa den urtekoa berdintzea edo hobetzea. Horren bila joango gara.

Horrez harago, badu bestelako zereginik ‘Bou Bizkaiak’? Adibidez, bandera gehiago irabaztea? Edo oso zaila da?

Bai, oso zaila da. Ligan 11 bandera lortzeak esan nahi du gutxienez bi estropadetatik bat irabazi dugula. Hori oso zaila da eta estropada asko dira irabazteko. Baina, bueno, helburua hori da.

Eta zer dio Iker Zabala entrenatzaileak?

Hemen Bermeon irabazteak bakarrik balio duela, eta denok nahi dugula irabazi. Berak ere irabazi nahi du, guk bezala. Horrez gain, berak ere badaki oso zaila dela dena irabaztea hirugarren aldiz jarraian... Helburua hori da, baina ikusiko da zer gertatuko den.

Trainerillatan Espainiakoa eta Bizkaikoa irabazi zenuten; Euskadikoa, berriz, Zierbenak irabazi zuen. Lehia estua, beraz, ‘Galipoekin’.

Uste dut Zierbenak pausotxo bat aurrera egingo duela joan den urtearekin alderatuta. Azkenean, bigarren urtea da entrenatzaile berdinarekin, filosofia berdinarekin, eta jende berdinarekin. Multzoa mantendu dute, eta uste dut indartsuago egongo direla joan den urtearekin alderatuta. Joan den urteko azken estropadetan ikusi zen Zierbena indartsu bat; bai ligan, bai Kontxan bigarren geratu ziren. Beraz, kontuan hartzeko taldea izango da.

Gipuzkoako Txapelketa Hondarribiak irabazi du. Nola ikusten duzu ‘Ama Guadalupekoa’?

Hondarribia beti hor dagoen talde bat da, beti maila ona emango duena. Talde ona dute, gainera nire ustez arraunlari onak ekarri dituzte, eta hor egongo da lanak ematen.

Euskadikoa duzue igande honetan, Donostian, Kontxako badian, baina ez da izango Kontxako Banderako estropada eremu bera. Gogoz egongo zarete ikusteko nola dauden gainerako traineruen indarrak, zuenarekin alderatuta, ezta?

Bai, azken aldiz San Pedroko jaitsieran arraun egin genuen Hondarribiarekin eta Donostiarrarekin, eta hori orain dela asko izan zen. Badugu gogoa ikusteko zer moduz gauden gu, eta eurak. Ea nola geratzen garen.

«Ez da batere erraza hemen sartzea, eta postu bat hartzea, bakarrik ikusi behar da hemen dagoenak eta datorrenak zer-nolako maila duen»

Ligara begira, zein ikusten dituzu aurkari nagusitzat?

Uste dut betikoak. Hondarribia eta Zierbena ziur ibiliko direla gurekin batera, hasieratik bukaeraraino. Gero, Donostiarra indartsu ikusten dut eta agian estropadaren batean sustoren bat emateko aukerak ditu. Oriok ere eman dezake sustoren bat estropadaren batean. Horiek esango nituzke izango direla gure aurkariak.

11 urte daramatzazu klubean, bosgarren denboraldia egingo duzu gorengo traineruan. Nolakoa izan da behetik gorako bidea?

Azkenean bizi guztia egon naiz hemen. Niretzat hemen egotea, eta irabaztea, nire bizitza guztiko klubean... Oso garrantzitsua da, eta balio handia du.

Familiatik datorkizu zaletasuna?

Ez, besterik gabe egun batean probatzera etorri nintzen, eta gustatu zitzaidanez, hementxe jarraitzen dut.

Bermeo bezalako traineru batean lekua egitea ez da erraza izango.

Ez, aski da ikustea urte bakoitzeko jendeak zein maila duen. Ez da batere erraza hemen sartzea, eta postu bat hartzea, ikusi hemen dagoenak eta datorrenak zer-nolako maila duen.

Aurten araudi berria adostu duzue TKEn. 2025ean etxeko lau arraunlari ontziratu beharko dituzte klubek, eta 2026an bost. Orain arte hiru. Gizonezkoetan bakarrik, emakumezkoetan ez. Nola ikusten duzu kontu hori?

Ni Bermeon nago eta Bermeo beti egon da apur bat mugatua horregatik. Niretzat ez da justua, ezin diozu eskatu harrobiko jende berdina edukitzea, adibidez, Bermeori, 18.000 biztanle dituela, edo Donostiari. Ehuneko ehunean ez zait justua iruditzen, baina hori aukeratu bada, errespetatu egin beharko da.

Bermeon edo Busturialdeko eskualdean zaila da arraunlariak topatzea?

Bai, zaila da. Azkenean hemen, Bermeon, Unai Gomez eta Mikel Jauregizar Athleticen egonda, umeak futbolera joan ohi dira.

Liga eta Kontxako Bandera bigarrenez jarraian irabazi dituzue. Horrek ez al du bultzatzen?

Bai, eta ume gehiago ikusten dira klubean, baina horretarako urte asko pasatu behar dira, eta mutilak arraunlari egin behar dira. Horretarako prozesu bat pasatu behar da, eta hemen ez dago Gipuzkoan bezainbesteko zaletasunik.

Aldeak ikusten dituzu Bizkaia eta Gipuzkoa aldean. Beharbada Gipuzkoan errotuago dago arrauna.

Bai, nire ustez Gipuzkoan askoz gehiago bizitzen da arrauna, Orioko edo Hondarribiko zaleak ikusi besterik ez dago.