NAIZ

Eskuin muturraren olatuak Ipar Euskal Herria ere hartu du

Orotara, 29.529 boto lortu ditu RN eskuin muturreko alderdiak Ipar Euskal Herrian, eta Lapurdin, Zuberoan zein Nafarroa Beherean gailendu da. Herri anitzetan izan da lehen indarra, tartean Baionan, Donibane Lohizunen, Angelun, Ziburun edo Baigorrin.

Le Penen alderdiko boto-papera, Baionako hautesleku batean.
Le Penen alderdiko boto-papera, Baionako hautesleku batean. (Patxi BELTZAIZ)

Lapurdin, Zuberoan zein Nafarroa Beherean nagusi izan da Marine Le Pen buru duen Rassemblement National eskuin muturreko alderdia. Boto guztiak zenbatuta, RN-k 29.529 boto eskuratu ditu Ipar Euskal Herrian (%22,37). PS bigarren indarra izan da, 22.190 botorekin (%16,81) eta 2019ko bozetan gailendu zen Emmanuel Macronen Renaissance alderdia hirugarren indarra izatera pasa da, 21.508 boto-paper bilduta (%16,29).

RN nagusi izan da Ipar Euskal Herriko herri ugaritan, hala nola, Baionan, bozen %21,42 bildurik, Donibane Lohizunen (%21,97), Angelun (%22,26), Senperen (%25,73), Uztaritzen (%25,4), Kanbon (%26,57), Hazparnen (%25,81), Baigorrin (%16,82), Urruñan (%23,69) edo Ziburun (%20).

Historikoki ezkerra nagusi izan den hainbat herritan ere irabazi ditu bozak eskuin muturrak, hala nola, Hendaian, bozen %21,57 bildurik. Aitzitik, Maulen PS izan da nagusi bozen %19,91 eskuraturik. Macronen alderdia nagusi izan da, esaterako, Biarritzen (%20,43) edo Donibane Garazin (%17,89).

2019ko bozekin konparatuta, parte-hartzeak gora egin du Ipar Euskal Herrian. Orduan 120.102 herritarrek eman zuten botoa, eta oraingoan 134.156 izan dira. Abstentzia %46,43an kokatu da (2019an %48,42koa izan zen).