Arnaitz Gorriti

Itsaso petralean ongien moldatu diren Urdaibai eta Arraun Lagunakentzat Euskadiko Txapelketa

Itsaso kolpe latzak, olatu handiak, arraun hautsiak... nozitu arren, Kontxako badian Euskadiko Txapelketa jokatu da, erlojuaren kontra eta kostata. Bestelako istripurik gabe, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunek denboraldiko aginte makila eramateko jarrera erakutsi dute.

Urdaibai, irudian Hondarribiarekin arraunean, jaun eta jabe izan da.
Urdaibai, irudian Hondarribiarekin arraunean, jaun eta jabe izan da. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Nahiz eta Kontxako Banderaren ibilbidearekiko ezberdina izan, Kontxako badian ospatu da igande honetan Euskadiko Traineru Txapelketa. Bizkaiko eta Gipuzkoako Txapelketetan aurreneko postuetan geratu ziren launa traineruk hartu dute parte, eta duela astebete Bizkaian geratu zen moduan, Urdaibai nagusitu da Zierbenaren aurretik –minutu erdi aurretik–. Hondarribia izan da hirugarrena, Lekittarra orpoz orpo izan duela. Emakumeen artean, berriz, Arraun Lagunak Gipuzkoako Txapeldunak erdietsi du garaipena, Euskotren Ligako denboraldia irabazteko faborito direla erakutsiz.

Nolanahi, denek osorik amaitzea bera ere ez da gutxi izan, eguraldiak, petralaren petralaz, ez baitu errukirik izan. Hango haize, euri, olatu eta itsaso kolpeak eustea ez da badaezpadako lana izan, batez ere brankaz egin beharreko luzeetan.

«Kanporantz ontzia eramatea ezinezkoa zen. Traineruan indarra badago eta horrek salbatu gaitu. Bueltan, berriz, trainerua zuzen ekartzea izan da sekretua», azaldu du, dardara baten Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak.

Eusko Label Ligan ez bezala, beteranoen estropadaren ondotik –Badok Hamahiru izan da garaile–, gizonezkoen estropadak eman dio hasiera Euskadiko Traineru Txapelketari. Haizea zakar, ipar mendebaldetik, 30 kilometro orduko abiadura konstantearekin, 40 kilometro orduko edo ufada handiagoekin lagunduta, olatuak bi metro ingurukoak, eta ondorioz, erabat aldatu behar izan dira, eguraldia dela-eta, estropadarik izango bada. Binaka erlojuaren aurka jokatu behar izan da, hirugarren eta laugarren kaletik aterata, eta bi minutuko tartearekin. Alabaina, ahalik eta kontu handienarekin ibilita ere –itsasbehera ordubetera aurreikusita, denboraldia egonkortzeko itxaropenarekin–.

Aurreneko txandan Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketetan hirugarren eta laugarren sailkaturikoak atera dira, eta bigarren eta «ohorezko» txandan, herrialdeetako txapelketetan aurreneko eta bigarren lekuetan sailkaturikoak. Ondorioz, Ondarroa eta San Juan –KAE1 Ligan ari denen artean sailkaturiko bakarra– eta Ondarroako aurrekalari Beñat Eizagirreri tosta apurtu zaio hasi eta minutu bi baino lehen, berak ere min hartu duela. Bien bitartean, Lekittarra eta donostiarra abiatu dira, itxuraz nahikoa normal.

Puntetara atera ahala, itsasoaren egoera are eta petralagoa dela garbi geratu da.Erritmoa ere, ezin beste mundukoa izan. San Juanek ia zazpi minutu behar izan ditu aurreneko luzea egiteko, eta hala ere hiru ontziko aldea atera dio Ondarroari, eta Donostiarrak, Eusko Label Ligan aurrean ibiltzeko pentsaturiko traineruak, hiru segundo baino ez dizkio atera. Aldiz, Isuntzak majo sufritu du aurreneko paladatik.

Bigarren ziabogara denborarik onenarekin iritsi da Donostiarra, baina Ioritz Orbegozo aurrekalariari arraun txikia apurtu zaio eta istriborretik pasa dutenez baliza, zia egin behar izan dute –atzerantz arraunean– ziaboga zuzen hartzeko, aurrez irabazitako aldea galduta. Ondarroako aurrekalariak, berriz, arraun handia erabili behar izan du, gerriko minak gorabehera, eskifaiari laguntza emateko.

Nola edo hala egonkortu da aurreneko txanda ere, eta San Juanen nagusitza finkatu da. Aldiz, Isuntzak Donostiarrari aurrea hartu dio, palak komeni baino hurbilago izan badituzte ere tartetxo baten. Edo hala ematen zuen, azken txanpari esker Isuntzak egin baitu aurreneko txandako denborarik onena, arrosen aurretik eta Donostiarra hirugarren dela. Denborarik onena egiteko ia 25 minutu behar izan dituzte.

Getaria eta Zierbenak eman diote hasiera bigarren txandari, handik bi minutura Urdaibai eta Hondarribia, Bizkaia eta Gipuzkoako txapeldunei paso emateko. Aurreneko luzearen ostean behintzat Urdaibaik egin du denborarik onena, Zierbenako «galipoei» traineru bete aterata, kanpoko balizan haizea ufada gogorrekin dela. Aurreneko txandakoekiko denborak hobetu dituzte oro har, Getariak izan ezik, eta bizkaitarrek hanka egitea lortu dute gipuzkoarrekiko.

Bigarren ziabogan Zierbenak markatu du denborarik onena, baina «Bou Bizkaiak» berehala eman dio buelta egoerari. Are gehiago, 20 segundotik gorako aldea atera dio Zierbenari, Euskadiko Txapelketa bere aldera erabakiz, brankaz hirugarren luzean eman duten erakustaldia eta gero.m Beraiek izan dira, izan ere, 24 minutuz behetik amaitu duten bakarrak. Aldiz, Getaria eta Hondarribiak uste baino askoz apalagoa eman dute; Urdaibai bi minutu atzetik atera ostean, «Esperantza» harrapatzeko kapaz izan dira, ez baita Getariaren egunik onena izan. Hondarribiak, Isuntzak baino hiru segundo gutxiagorekin, brontzearekin konformatu behar izan du.

Emakumeak

Badaezpada, klubetako ordezkariek bilera egin dute estropada izango dela baieztatzeko, eta kasu hirugarren kaletik honetan erlojupekoa banaka egitea deliberatu dute. Orio, Zumaia, Deustu, Donostiarra, Tolosaldea, Ondarroa, Kaiku eta Arraun Lagunak atera dira, ordena honetan estropadan.

Tolosaldea edo Ondarroa bezalako taldeek hamar segundoko zigorra jaso dute patroiak estatxa askatuta hartu dutelako irteera. Helmugan, berriz, Kaiku kanporatu egin dute epaileek hirugarren kalea istriborretik lagata helmugaratu direlako Sestaokoak. «Euri gutxiago egin du gizonen txandetan baino, baina nolanahi, haizeak gogor jotzen jarraitu du», onartu du Andrea Astudillo, Arraun Lagunak traineruko patroiak.

Bat ez, bi arraun apurtu ditu Arraun Lagunak taldeak berak. Brankaz aurrenekoa eta buelta luzean, berriz, Xubane Uribarrena hankekoari hautsi zaio eta Trintxerpeko arraunlariak, bere amorru bizia ezkutatu ezinik, arraunik gabe egin behar izan du arraunean, bere kideei erritmoa markatuz, kontra-hanketik trainerua zuzen mantentzen eta ur larregi sartzea eragotzi nahian sekulako lana egin dutelarik.

Orio eta Arraun Lagunak izan dira 15 minutuz azpitik helmugaratu diren ontzi bakarrak eta, halako giro petralarekin eta inolako erreferentziarik gabe, Donostiako taldeak ia minutu erdiko aldeaz irabazi dio Oriori, Euskotren Liga irabazteko hautagai nagusi direla erakutsiz.

«Bi arraun hautsita irabazteak indarra badugula esan nahi du», adierazi du barrez Andrea Astudillok. «Iazko talde berbera errepikatzen dugu ia eta nahiz eta ez dugun atsegin faborito garela esatea, irabazteko hautagaiak gara. Horrek presioa gehitzen digu, baina irabazteko grina ere bai, eta duela pare bat urte ez bezala, orain eskarmentua badugu presio hori eramateko», gaineratu du Arraun Lagunakeko patroiak.

Sailkapenak

Gizonak:

1- Urdaibai 23:38.99

2- Zierbena 24:10.25

3- Hondarribia 24:48.03

4- Lekittarra 24:51.97

5- San Juan 24:53.06

6- Donostiarra 24:59.99

7- Ondarroa 25:26.74

8- Getaria 26:00.23

Emakumeak:

1- Arraun Lagunak 14:25.49

2- Orio 14:53.66

3- Donostiarra 15:26.39

4- Zumaia 15:37.71

5- Tolosaldea 15:50.856- Ondarroa 16:16.99

7- Deustu 16:42.23

8- Kaiku Kaleratua