Arabako Foru Aldundiak bilblia gotiko bateko 22 pergamino aurkitu ditu Kexaako monasterioan. Biblia gotiko horren beste 64 orri enkantean jarriko dira astearte honetan Christie's-en, 35.000 eurotik gorako prezioarekin.
Joan den astean jakinarazi zuten enkante etxe ezagun honek ‘Kexaako Biblia’ izeneko eskaintza bat antolatuko zuela, XIII. mendearen amaieran edo XIV. mendearen hasieran sortu zena. Christie's-ek ale «arraro» gisa deskribatzen du eta biblia osoa ez dela azaltzen du, XVII. mendea amaitu aurretik zatitu zutelako.
Kexaako Monumentu Multzoan aditua den Luis Padurak albistea entzun zuenean, Aldundiari azken parrokoak Kexaako Administrazio Batzarrari utzitako «milaka liburu eta dokumenturen» artean biblia horretakoak ziren pergaminoak egon zitezkeela esan zion.
Orduan, Foru Aldundiko Dokumentuak Artxibatu eta Kudeatzeko Zerbitzuak dokumentuak aztertzeari ekin zion eta jatorrian bibliaren parte ziren 22 pergamino zeudela egiaztatu ahal izan da.
Asteartean, beraz, enkantean jarriko dute «biblia orijinalaren hamarren bat baino ez», Ana del Val Kultura diputatuak azaldu duenez. ‘Kexaako Bibliaz’ hitz egitea gehiegi dela eta «enkanteko pergaminoak» esatea zuzenagoa dela uste du.
Bulegorako karpetak
Pergamino horiek Kexaan egon ziren XVII. eta XIX. mendeen artean, baina ez komentuan, prokuradoretzan baizik, hau da, priorearen izenean kontuez arduratzen zenaren bulegoan. Han, bulegoko material gisa erabili ziren, dokumentazioa gordetzeko karpeta gisa erabiltzen zirelako eta ondoren egindako oharrak dituzte.
Kexaan aurkitu diren bibliaren 22 pergaminoekin batera, XV. mendeko kantu liburu batekoak diren beste hamahiru eta oraindik identifikatu gabe dauden beste bi aurkitu dira.
Aldundiaren eskaintzarik ez
Dokumentu hauek aurkitzea da Aldundiak asteartean enkantean aterako diren biblia bereko beste 64 orrialdeetarako eskaintza ez egitea erabaki izanaren arrazoi nagusia, nahiz eta aukera hori «serioski» aztertu den.
«Jatorrizko ondasun artistiko beraren material berdina edo antzekoa dugu dagoeneko» eta, beraz, «ez da interesgarria» diru publikoa inbertitzea enkantean. Bertan, gainera, prezio «naurrigabea» hartzen da abiapuntutzat, eta ez dator bat balio historikoarekin, baizik eta «bildumazaletasunaren merkatuko presioarekin», adierazi du del Valek.
Eskaintza ez egiteko beste arrazoi bat biblia bere osotasunean biltzeko ezintasuna izan da. Horrek «nolabaiteko ondare interesa izan lezake», 2016an eta 2017an liburu horren orri batzuk enkantean jarri baitziren.
Diputatuak azaldu duenez, enkantea geldiarazteko aukera ere aztertu zuten, baina ezinezkoa zen, Artxibo eta Ondare Historikoaren Legeak 1985etik aurrera Estatu espainoletik ateratzen den materiala bakarrik babesten duelako.
Pergaminoak monasteriotik noiz atera ziren ez dakiten arren, ziur asko ez zeuden Kexaan 1940an, eta «ziurrenik» XX. mendearen hasieran saldu ziren komentuko beste elementu batzuk.