Donostiako Udalak bizikletentzako aparkaleku gehiago jarriko ditu aurtengo udan ere hondartzetatik eta igerilekuetatik gertu, eta horrela, 216 leku gehiago izango dira Kontxa, Zurriola eta Ondarretako hondartzetan eta Paco Yoldi kiroldegiko igerilekuetan banatuta.
Olatz Yarza Donostiako Udaleko Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotziak adierazi duenez, «aldi baterako aparkalekuak hirian dauden ia 8.300 plaza iraunkorrei gehituko zaizkie, eta udan gehien erabiltzen diren eremuetan banatuko dira aurten ere».
Hain zuzen, aparkalekuak aste honetan zehar jarriko dira Zurriola pasealekuan, Kursaaleko kubo txikiaren ondoan (sei aparkaleku eta 54 plaza); Jesus Mª Leizaola pasealekuan, kai muturrean (sei aparkaleku eta 54 plaza); Kontxa pasealekuan, Rafael Munoan (hiru aparkaleku eta 27 plaza); Kontxa pasealekuan, tunelaren ondoan, Antigua aldean, (hiru aparkaleku eta 27 plaza); Anoeta pasealekuan, Paco Yoldi kiroldegiaren ondoan (hiru aparkaleku eta 27 plaza).
«Mugikortasun aktiboaren aldeko apustua egiten dugu, oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioak irabazten jarraitzearen alde, eta, horrelako neurriekin, horien erabilera sustatzen jarraitu nahi dugu», nabarmendu du Yarzak.
Era berean, arduraz aritzeko eta aparkalekuak behar bezala erabiltzako deia egin du, «gune publikoaren erabiltzaile guztien arteko bizikidetza egokia bermatzeko».
Azkenik, bizikleten erabiltzaileei gogorarazi die oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko ordenantzak ezartzen duen bezala, debekatuta dagoela barandetan, zuhaitzetan edo bestelako hiri altzarietan aparkatzea.