NAIZ

Osasun zerbitzuei eusteko eskatu dute Zaratamo, Arrankudiaga-Zollo eta Zeberioko alkateek

Euren herrietako kontsultategietan bizi duten egoeratik abiatuta, Lehen Arretako osasun zerbitzuaren desegitearen aurrean kezka adierazi dute Zaratamo, Zeberio eta Arrankudiaga-Zolloko alkateek.

Txutxi Ariznabarreta, Ekain Goti eta Alberto Ugarriza, osasun zerbitzuaren kalitatearen inguruko kezka adierazteko egin duten agerraldian.
Txutxi Ariznabarreta, Ekain Goti eta Alberto Ugarriza, osasun zerbitzuaren kalitatearen inguruko kezka adierazteko egin duten agerraldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Beren udalerrietako mediku-kontsultategien egoerak kezkatuta eta kalitatezko osasun arreta bat galdegiteko, agerraldia egin dute astearte honetan Zaratamo, Zeberio eta Arrankudiaga-Zolloko alkateek.

Arrankudiaga-Zolloko alkate Tutxi Ariznabarretak azaldu duenez, azken urteotan hainbat abagune erabili izan dira lehen arretako eta familia osasun zerbitzua murrizteko «aitzakia» gisa eta, ondoren, «egoera murriztu hori normaltzat jotzeko».

Herriko kontsultategian bizi dutena jarri du adibide gisa: «Aspalditik egunean bi ordutan besterik artatzen ez bazen ere, jadanik, urteko lanegunen erdietan kontsultategia itxita egoten da eta herritarrak Ugaoko anbulatoriora edo larrialdi zerbitzuetara joatera behartuta daude». Osakidetzak, gainera, egoera hori «normaltzat» onartzera behartu nahi dituela gaitzetsi du.

«Honi guztiari gehitzen badiogu mediku eta erizainek duten lan karga izugarria, zitak hartzeko dauden arazoak eta gero eta epe luzeagoak, eskaintzen zaigun osasun zerbitzuaren kalitatea behera doa egunetik egunera eta egoera jasanezina da», gaineratu du Ariznabarretak.

Hala, ziur agertu da horren guztiaren atzean Lehen Arretako osasun zerbitzuak «desmantelatzeko asmoa» dagoela eta herri txikietako zentro horiek «behin betirako ixteko bidea» egiten ari ez ote diren «beldur» da alkatea.

Ildo beretik hitz egin du Zeberioko alkate Ekain Gotik ere, egoeraren isla diren 2023ko datu batzuk emanez: «Kontsultorioa bi egunez itxita zen, baina mediku barik 61 egun eta erizain barik beste 9». 2024. honetako lehen hiruhilekoan ere, 13 egunez egon dira medikurik gabe eta ohartarazi du, komunikabideetan irakurri dutenaren arabera, «murrizketa gehiago espero» dituztela datozen hilabeteetarako, bereziki uda garaian.

Horregatik, landa eremuetan eta herri txikietan bizi diren herritarrei kalitatezko arreta bermatuko dien osasun zerbitzua exijitu du Gotik.

Zaratamoko alkate Alberto Ugarrizak ere antzerako datuak eman ditu eta oharatarazi du Lehen Arretako zerbitzuaren desegitea «estrukturala» dela, ez soilik uda garaiari lotutakoa.

Zerbitzu horien indartzeko eskaerari Osakidetzak jaramonik egiten ez diola salatu du Ugarrizak: «Zaratamoko udaletik Osakidetzari berriro eskatzen diogu, gure herrian, familiako mediku zerbitzua urte osoan zehar mantentzeko , eta ez behartzeko herritarrak beharrezko ez diren desplazamenduak egitera, horrek herritarren bizi kalitatean eta osasunean okerreko eragin zuzena duelako».