NAIZ

Guardiak eta Gasteizek jokatuko dute igandean Arabako eskuzko Herriarteko finala

Arabar Errioxako taldeak iaz lortutako txapela denfendatu nahi du eta badirudi kadeteen partidak finalaren nondik-norakoak erabaki ditzakeela.

Gasteizek 3-0 irabazi zion Laudiori finalerdietan.
Gasteizek 3-0 irabazi zion Laudiori finalerdietan. (ARABAKO EUSKAL PILOTA FEDERAZIOA)

Herrialde desberdinetako eskuzko Herriarteko txapelketak euren azken txanpan sartuak dira eta, ohikoa den bezala, Araba izango da finalen egutegia irekitzen lehena. Azken urteetan bezala, Araba Euskaraz jaiarekin batera erabakiko da txapela, Adurtzako pilotalekuan goizeko 10.30etatik aurrera eta bertan Guardiak, iazko irabazleak, eta Gasteizek neurtuko dituzte indarrak.

Printzipioz, final orekatua espero da, faborito argirik gabekoa eta goizeko lehen partidak, kadeteenak, azken kanporaketa honen nondik-norakoak baldintza ditzake. Iazko Legutioren aurkako finalean jubenil eta nagusien partidetan irauli zuten Arabar Errioxakoek finala, baina aurten nagusien mailakoa aurrera ateratzeak ez dirudi erraza, Uribe-Ramos oso bikote sendoa baita.

Finalean egoteko, Guardiak Lapuebla de Argantzon gainditu behar izan zuen finalerdietan eta kadeteen partida galduta, Ribera-Asier Lopez jubenilek eta Mikel Diaz de Guereñu eta Aritz Alvarez de Eulatek euren puntuak aurrera atera behar izan zituzten aurrera egiteko.

Errazago lortu zuten fianlerako txartela hiriburukoek, Laudioren aurkako hiru partidak irabazi zituzten eta. Hori bai, lehen bi puntuak lortzeko Ruiz-Arruizek kadeteetan eta Palacios-Ormazabalek jubeniletan, asko sufritu behar izan zuten.

Beasainek Azpeitia kaleratu

Gainontzeko herrialdeetan ere txapelketak aurreratu xamar daude. Gipuzkoan, esaterako, asteburu honetan finalerdiak jokatuko dira eta nabarmentzekoa da Azpeitia, azken urteetan final askotan egon den herria, ez dela lau onenen artean izango aurten. Beasainek kanporatu zuen (4-2). Finalerdietako kanporaketak Oiartzun/Beasain eta Zaldibia/Bergara izango dira.

Bizkaiko kasuan, final laurdenetako itzuliko partidak jokatuko dira asteburu honetan. Markina-Xemeinek 1-2 irabazi zion Gernikari joanekoan, Portugaletek 2-1 Zornotzari, Munitibarrek 2-1 Zaratamori eta Zeanurik emaitza berarekin Ortuellari, beraz gauzak nahiko berdinduak dirudite kanporaketa gehienetan. 

Nafarroa da atzeratuen dabilen herrialdea, finala uztailaren 7an jokatuko da Labriten, eta asteburu honetan lehen ligaxkako bosgarren eta azken jardunaldia jokatuko dute Leitza/Barañainek, Ultzama/ Doneztebek, Larraun/Zizurrek eta Araitz-Betelu/ Lizarrak. Lau onenek jokatuko dituzte finalerdiak.