Maite Ubiria

Ipar Euskal Herriko dinamika demografikoak eragina izanen du euskararen garapenean

‘Perspektiba soziolinguistikoak: euskara 2050eko epemugan’ izenburupean Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) aurkeztu duen azterketak iradoki duenez, Ipar Euskal Herriko dinamika demografikoak eragina izanen du euskararen garapenean. 2050an herritarren %30 euskaldun izatea litzateke helburua.

Frantsesez, euskaraz eta okzitanieraz idatzitako seinaleak, Baionan.
Frantsesez, euskaraz eta okzitanieraz idatzitako seinaleak, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

‘Perspektiba soziolinguistikoak: euskara 2050eko epemugan’ izenburupean Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) aurkeztu berri duen azterketak iradoki duenez, Ipar Euskal Herrian ematen den dinamika demografikoak eragina izan du orain arte eta izanen du aurrerantzean ere euskararen garapenari dagokionez.

Hizkuntzaren bilakaerari buruzko inkestak, alde batetik, eta hainbat erakundek garaturiko azterketa demografikoak, bestetik, aintzat izan dituzte txostenaren egileek.

Hala, Audap hirigintza agentziarekin elkarlanean garatu du EEPk azterketa lana.

Euskal Elkargoaren sostengua izan dute, bestalde, azterketa lanaren sustatzaileek.

Unesco erakundearen arabera, hizkuntza bat bizirik mantentzeko hiztun kopurua gutxienez %30ekoa izan behar da. Horrendako, euskara 2050ean bizi dadin, Ipar Euskal Herriko herritarren %30 euskaldun izatea finkatu dute helburu gisa EEPko arduradunek.

Zenbakitan hauxe litzateke gutxieneko helburua: 2050ean 27.000 hiztun gehiago izatea hiru euskal lurraldeetan.

 

EEPko lehendakaria, Maider Behoteguy, prospekzioaren nondik norakoak emateko aurkezpenean.
EEPko lehendakaria, Maider Behoteguy, prospekzioaren nondik norakoak emateko aurkezpenean.

«Anbizio azkar, posible eta errealista dela», nabarmendu du EEPko lehendakari Maider Behoteguyk ekainaren 10ean Baionan eginiko agerraldian.

Kazeta.eus atariak jaso duen albistearen arabera, aurkezpenera bertaratu ziren euskararen alorreko ordezkariek begi onez hartu zuten lana. Alta, euskararen garapenari bultzada emateko plangintza ikusten dute eskas.

Dagoeneko, joan zen urteko urrian, Maider Behoteguyk EEPren lehendakari kargua hartu zuenean, euskararen geroa segurtatzeko hizkuntza politika galdegin zuen Euskal Konfederazioak.

Bestalde, apirilean, Euskararen Erakunde Publikoak egin zuen batzar nagusiaren karietara, Euskal Konfederazioak haserrea adierazi zuen, oraingoan ere ez duelako euskal eragileentzat diru-ekarpena handitu. 2017az geroztik egiturak eskaintzen dien aurrekontua ez da batere mugitu.

Populazioaren metaketa itsasertzean

‘Perspektiba soziolinguistikoak: euskara 2050eko epemugan’ txostenaren arabera, 321.963 herritar bizi dira Ipar Euskal Herrian, 2021eko datuak aintzat hartuta.

Populazioaren banaketan ematen de desoreka da lehenengo aldagai esanguratsua. Hala, populazioaren %73,7 Lapurdiko itsasertzean bizi da (237.300 biztanle).

Lapurdi ekialdean, berriz, 45.340 pertsona bizi dira (%14,1).

Populazio tasarik apalena barnealdeak du (Amikuzeko eskualdea, Hego Nafarroa Beherea eta Zuberoa). 39.325 herritar bizi dira bertan, populazioaren %12,2.

Biztanleriaren metaketa azkarrena Lapurdin gertatzen da –Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %87,8 bertan plantatua da– eta «fenomeno horrek eragina du politika publikoen aplikazioan», EEPko ordezkariek azaldu dutenez.

2010-2021 epean 32.883 herritar gehiago neurtu ziren urtero 2.989 biztanle irabazten duen lurraldean. Jakin behar da populazio hazkunde hori nagusiki migrazio saldoak eragindakoa dela. Izan ere, saldo naturala –jaiotza eta heriotzen arteko diferentzia– gero eta defizitarioagoa da Ipar Euskal Herrian.

Adin tasaren eragina

Adinari dagokionez, biztanleriaren laurdenak 65 urte baino gehiago zituen 2020an.

Hamar urtez 17.600 adineko gehitu ziren Iparraldeko erroldara.

Alta, 19 eta 24 urte bitarteko gazteen kopurua oso gutxi emendatu zen denbora tarte horretan: 16-19 urteko 1.470 gazte gehiago neurtu ziren eta 20-24 urtekoen artean 165 gutxiago, 10 urtez.

Eragin handia izanen du bilakaera horrek gaurko eta etorkizuneko euskaldunen batezbestekoetan.

16 urtetik gorako populazioari begiraturik, 2022an 38.594 euskaldun ziren Lapurdin. Nafarroa Beherea eta Zuberoan, berriz, 15.667.

Orotara, Ipar Euskal Herrian, 16 urte eta gehiagoko herritarren artean %20,1 euskaldunak dira.

Euskaldunen adin tarteak ikusita, «gazteek adineko euskaldunen desagertzea oreka dezaketela» Lapurdin aurreikusten du txostenak.

Alta, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskara gaitasun handiena duten adinekoak desagertzen direnean ez da aurreikusten «euskaldunen arraberritze prozesua, Lapurdin bezala».

Azken urteetako bilakaerari so eginez, 2018tik 2022ra 1.167 euskaldun gehiago zenbatu ziren Lapurdin. Gehienbat gazte edota tarteko adinetan eman da hazkundea.

Aldiz, Nafarroa Beherean eta Zuberoan populazioaren zahartzeak kaltetzen du euskaldunen eraberritzea. 566 euskaldun gutxiago zenbatu ziren denbora tarte horretan.

Orotara, 602 euskaldun gehiago zenbatu ziren Ipar Euskal Herrian 2018-2022 epean.

Aurrera begira, zein da perspektiba?

Egungo dinamika mantentzen bada, 2022 eta 2050 artean euskaldun kopuruaren «emendatze progresiboa» aurreikusten du EEPk.

Izan ere, populazio dinamika orokorrarekin alderatuz gero, euskaldun kopuruaren aitzineratzea «oso mugatua litzatekeela» aitortzen du bere txosten horretan.

Aurreikuspen horren arabera, 51.421 biztanle euskaldun egongo lirateke 2050an Ipar Euskal Herrian, egun baino 27.318 gehiago.

12.826 euskaldun gehiago biziko litzateke, kalkulu horien arabera, Lapurdin.

Izan ere, lurralde horren dinamika demografiko bereziak aginduta, batezbestekoak aintzat hartuz gero, emendatzea aski apala litzateke (+2,1 puntu).

Barnealdera begiratuta, populazioa zaharragoa denez, eta eraberritze tasa ez denez bermatzen, denborak aurrera egin ahala euskaldunen tasa apalduko litzateke.

14.492 euskaldun izango lirateke 2050ean, egun baino 1.175 gutxiago. Euskaldunen kopurua 5,2 puntu apalagoa litzateke.