NAIZ

Etxebarrin emakume baten aurkako erasoaren lekukoak mehatxatu dituztela salatu dute

Aurreko asteburuan Etxebarriko jaietan emakume bate sexu eraso bat salatu zuen. Horren ondorioz Ertzaintzak emakumearekin egon ziren hainbat lekuko deitu ditu deklaratzera eta, Udalak jakinarazi duenez, hauen ingurua «mehatxu mezu kezkagarriak» jasotzen ari da.

Eraso matxisten aurkako aldarria.
Eraso matxisten aurkako aldarria. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Emakume batek Etxebarrin salatutako sexu-erasoaren ondorioz Ertzaintzak deklarazioa hartu dien pertsonen ingurua «mehatxu mezu kezkagarriak» jasotzen ari da, herriko Udalak jakitera eman duenez.

Bizilagunei zuzendutako ohar batean, Iker Lopez Etxebarriko alkateak azaldu du Ertzaintzak ez duela oraindik inputaziorik egin joan den asteburuan San Antonioko festen baitan salatutako sexu-erasoagatik irekitako ikerketan.

Ertzaintzako agenteak «pertsona askori» deklarazioa hartzen hasi dira, ostiral arratsaldean eta larunbat goizaldean ikusi baitzituzten biktimarekin.

Alkateak «lasaitasunerako» deia egin du, eta herritarrei «epaile bihurtzea» eta «ondorioak» ateratzea edo deklaratzera deitu dituzten pertsonen senideen aurkako mehatxuak egitea saihesteko eskatu die.

«Garrantzitsua da ikerketari bere bidea egiten uztea, Ertzaintzak atera behar dituen ondorioak atera ditzan, testigantzetan eta frogetan oinarrituta», adierazi du Lopezek.

Igandean, erasoa salatu eta gutxira, elkarretaratzea egin zuten herrian «erabateko gaitzespena» adierazteko. Era berean, erasoen aurkako protokoloa aktibatu zen eta larunbat gauerako iragarrita zeuden ekimenak bertan behera utzi zituzten.

«Gure jaiak elkartzeko eta ondo pasatzeko guneak dira, eta haietaz gozatu nahi duten pertsona guztiak gonbidatuta daude, betiere askatasuna eta bizikidetza errespetatuz. Ez dira ongi etorriak izango mezu hori ulertzen ez duten eta beste helburu batzuk bilatzen dituzten pertsonak», gaineratu zuen orduan Udalak.