Urtzi Urrutikoetxea

Faroeetako greba: uharteak geldirik, langileen soldatak igo arte

Maiatzaren 14az geroztik, Faroe Uharteetako sektore estrategikoak greban daude. Herrialdeko lau sindikatu nagusiek bultzatu dute protesta eta eskaera garbia da: langileen soldatak igotzea. Pandemiak eta Ukrainako gerrak gogor astindu dute langileen eroste-ahalmena eta herrialdeak planto egin du.

Aireportuko «dutty-free» dendaren egoera. Dagoeneko apal asko hutsik daude.
Aireportuko «dutty-free» dendaren egoera. Dagoeneko apal asko hutsik daude. (URRUTIKOETXEA)

Faroe Uharteetan turismo-sasoi betean sartzear dira. Ez dute turista-uholderik izaten, ezin da konparatu gertuen dituzten Eskoziak edo Islandiak jasotzen duten bisitari-kopuruarekin. Baina neguan egunean bizpahiru hegaldi izatetik dozena bat izatera igarotzen da Sorvagur-eko aireportua. Danimarkatik datozenak ugari dira, baina Reykjavik, Edinburgo, Paris edo, aurten, Londrestik ere badatoz. Iaz New Yorketik ere izan zituzten hegaldiak. Horrekin batera, Bartzelona, Mallorca eta Kanarietara ere zuzen joan daitezke faroetarrak udan.

Aurten, baina, kezka da nagusi. Faroeetako lau sindikatu nagusiek grebara deitu zuten maiatzaren 14an, enpresariek soldatak behar beste igotzeko ganorazko proposamenik ez zeukatela eta. «Proposamena hain dago urrun gure gutxieneko eskaeratik, ezen berehala erabaki baitugu ezetz esatea. Gure kideek behar bezalako soldata-igoera merezi dute». Hala, azken hiruzpalau asteotan herrialdeko sektore estrategikoetako asko gerarazi dituzte: arrantza-faktoriak eta prozesatzeko lantegiak, eraikuntza eta garbiketa, autobus-gidariak, garbitzaileak eta zabor-biltzaileak, portuko langileak eta beste hainbat behargin, 5.000 guztira, greban daude. Zenbait sektoretan salbuespenak egin dituzte, zaintzan edo herritarrek irletan mugitzeko erabiltzen duten ferryan, baina ez zama garraiatzekoetan.

Iritsi aurreko egunetan irakurri ditugunak aireportuko duty-free dendan bertan nabari dira: ez da alkoholik falta, baina beste produktu batzuen apalak huts-hutsik daude. Era berean, alokatuta geneukan autoaren erreserba bertan behera utzi behar izan dugu: uharteotako gasolindegiak ia erregairik gabe daude, premiazko zerbitzuentzat baino ez dago eta. Anbulantziak, ospitaleetako langileak, suhiltzaileak, polizia, eta kito. Herritarrek elkar ikusi eta «bizpahiru egunerako gasolina daukat, eta zuk?» galdetzen diote elkarri. «Ez dakit astea amaitzerik izango dudan».

Soldata-igoera eske

Maiatzaren 14an hasitako greba da Faroeetako egoeraren erantzulea. Herrialdeko lau sindikatuk deitu dute, patronalak soldata-igoerak onar ditzan, eta bosgarrena bat egitekoa da. Azken urteotako eroste-ahalmenaren murrizketa -pandemiatik hona, inflazioak eta Ukrainako gerrak bultzatuta- irauli nahi dute, eta horretarako, ehuneko zortziko igoera eskatu dute aurten, eta beste horrenbeste, datorren urterako. Patronalak, ezetz.

Danimarkaren subiranotasunpean dagoen baina ia erabateko burujabetza daukan Ipar Atlantikoko nazioa aspaldi bisitatu nahi genuen, independentziarako urratsak nola zihoazen jakiteko, eta bide batez hizkuntza txiki baina osasuntsuari eusteko errezetak ikasteko (50.000 lagun pasatxo bizi dira Faroeetan). Erabateko blokeo-egoera horretan, alabaina, ezer egiterik ote genuen galdetu genion uharteetan geneukan kontaktuari, Uni Leitisstein kazetariari. Euskal Herrian eta Katalunian bisitan izan zen, Kataluniako prozesuaren testuinguruan, eta sarritan gonbidatu gaitu Faroeak ezagutzera.

Irlak hutsik

Egoera horretan bidaiatzea merezi ote zuen galdetu genion faroetar kazetariari. Nola mugitu autorik alokairuan hartu ezinik eta garraio publikoa ere ez dabilen leku batean? Eskolak ere itxi dituzte, alajaina. Bera dugu salbatzailea: irrati nazionalean dihardu, eta auto elektrikoa dauka. «Uharteotarako aukera bikaina da, baina oraindik ere jendeak pentsaera kontserbadorea du askotan; badakizu, Ameriketan bezala, auto handiak nahi dituzte».

Grebalariak, protestan. Herrialdea erabat geldirik egon arren, patxada da nagusi eta herritar gehienek bat egiten dute grebalarien eskaerekin. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Gauerako hartutako ostatuan bezero bakarra naiz. Aldameneko aterpetxean ere bi lagun baino ez daude. Islandiako aireportuan eskala egindakoan jendetza ikusi dugu, urteotan turismoak itzel egin baitu gora, gaurik gabeko egunetara hurbiltzerakoan batez ere. Faroeetan, berriz, errepideak ia hutsik daude. Oso noizean behin gurutzatzen dugu autoren bat. Torshavn hiriburuko supermerkatuan erosketak egiteko geldialdia egin dugu: lauzpabost auto baino ez daude herrialdeko erosketa-gune handienean. Barruan, ondo hornitua dirudi saltokiak, greba etor zitekeela aurreikusita. «Aurreko aste pare batez ohi baino gehiago enkargatu genuen, baina noski, hor ere badago mugarik», esan zion Niels Mortensen SMS erosketa-guneko arduradunak KVF telebistari. Barazki eta fruten gunera iritsitakoan, huts-hutsik daude apalak. Ezer ez da iritsi azken hiru asteotan. Jatetxeetan ere, menuetan ñabardura: ez da falta bildotsa edo izokina, uharteotan nahi beste dute batetik eta bestetik, baina horiek laguntzeko barazkirik ez dago. Patatarik ere ez.

Badago egoera horretan harrigarri egiten zaigun zerbait: herritarren patxada. Eskolak itxita, garraio publikorik ez, bestela ere mundutik urrun dagoen herrialde honetan txangorik ia ezin egin, baina lasaitasun moduko bat nabari da. Bai, behintzat, Europako beste edozein txokotako antzeko egoera batekin alderatuta: ez dago istilu aipagarririk, inork ez du oihurik egiten eta herritarrek ez dute aparteko haserrerik adierazten. «Ez da erraza, baina grebalariekin bat nator. Azkenean langile guztioi egingo digu onura, gainera», dio afaritan ezagutu dugun herritar batek. Oraindik greban ez dauden beste sektore batzuetako sindikatuak ere bat egitea aztertzen ari dira, haiek ere laster soldatak negoziatu beharko baitituzte.

Herritarren lasaitasuna

Kalean patxada da nagusi, gehienek ahotan beste gairik ez duten arren. Dena oso era baketsuan doa itxuraz, baina edozein grebak indar posizio bat adierazten du. Hegoaldeko Suduroy uhartea besteetatik bereizi samar eta urrunago dago, faroerak ere bere aldaera berezia dauka, eta itsasontziz edo helikopteroz iritsi behar da. Kontua da isolatuago egoteak zenbait produkturen hornidura bermatzea ekarri duela, gainerako uharteetan horiek agortu diren bitartean. Uharte nagusietan diesela amaitu zenean, Suduroyn oraindik geratzen zela-eta, autobus-konpainia batek dozena erdi ibilgailu bidali zuen, ferryan bi orduko bidea eginda. Hara iritsitakoan, grebalariek blokeatu egin zituzten, ordea, eta egun bat eman behar izan zuten bertan, negoziatu eta itzultzen utzi zieten arte. Besterik ezin eta jendeak elkartzeko eta kuxkuxeatzeko tartea ere hartzen du: bolo-bolo dabilen anekdota batek dio herritar batek plastikozko poltsetan jasotako gasolina ekarri nahi izan zuela ezkutuan Suduroytik. Berehala harrapatu zioten estraperloko merkantzia, eta erregai arriskutsu batekin ontziratu nahi izan zuela gogorarazi zioten.

Ez omen da bakarra izan, ferryen konpainiak segurtasun-oharra atera behar izan baitu su-arriskuaz ohartarazten, eta onartu gabeko edukiontzietan erregaia daramala harrapatzen dutena poliziaren esku utziko dutela adierazi dute. Era berean, «zazpi metro baino luzeagoak diren ibilgailuek greban ari direnen buruzagitzaren baimen berezia beharko dute», nabarmendu dute. Hau da, grebalariei ofizialki aitortzen zaie blokeoan neurriak hartzeko autoritatea.

Torshavn hiriburuan, Aksel V. Johannesen lehen ministroak berak egin digu harrera Faroeetako gobernuaren egoitzan. Mundu guztia bezala, kezkatuta dago grebarekin. Egunotan, lagunak eta senideak hara eta hona eramaten ibiltzen da: berak ere auto elektrikoa dauka. Auto ofiziala den galdetu diogu eta ezetz, gobernuan ez daukatela halakorik; bere auto propioarekin ibiltzen da atzera eta aurrera. «Arineketan ere bizkor egingo luke», egin dio txantxa Uni Leiteissteinek, lehen ministroa 100 metroetako txapelduna izan baitzen atletismoan. Gero futbolean aritu zen, Faroeetan baita Danimarkako Ligan ere. Egun ere futbolzale amorratua eta Liverpoolen jarraitzailea da. Athletic-ek Espainiako Errege Kopa irabazi izana gogorarazi digu. Kirola eta kultura (musika emanaldiak ez dira bertan behera utzi), eguneroko buruko minak gozatzeko bide gisa. Musika emanaldi ugari dituzte asteburuetan, eta kulturgileak ere ez daude egoeratik kanpo: Joanis Nielsen idazle ospetsuena grebalariekin batera ari da blokeoetan parte hartzen.

Sektore estrategikoak geldirik daude eta herrialdea, blokeo-egoeran. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

«Espero dut greba konpontzea, baina Eskandinaviako tradizioan, gobernuak ez du esku hartzen negoziazioetan», azaldu du Faroeetako lehen ministroak. Gatazka blokeatuz gero, bitartekariaren figura dago. Horren beldur da, neurri batean, lehen ministroa: ez atzera ez aurrera egon eta, momenturen batean, bitartekariak egindako proposamena inposatu beharra. Sozialdemokrata da, eta harreman ona izan nahi du sindikatuekin. Langileen sindikatuekin bat egitea posible dela gogorazi diogu: «Tira, bitartekariak proposatu lezake sindikatuek eskatzen dutenetik gertu dagoen zerbait ere, ezta?». Eta aldartea aldatu zaio, «orduan, bai, berehala ezarriko nuke hori», dio irribarretsu.

Blokeoaren kalteak

Terji Sigurosson bitartekariak Faroeetako telebistan esandakoaren arabera, langile eta enpresarien arteko desberdintasuna zabalegia da une honetan negoziaziorik izateko. Faroeetako Enpresarien Elkarteak eskainitakoari gutxiegi iritzi diote sindikatuek. «Langileen eskaerak ez dira negoziagarriak, guztiz arrazoizkoak dira», esan dute beharginen ordezkariek. «Azken bi urteotan inflazioa ehuneko 12an egon da, eta horren aurreko bi negoziazioetan, 2020an eta 2022an, lehendabizi covida eta gero Ukrainako gerra aitzakia bezala erabili zituzten soldatarik ez igotzeko. Faroetar langileen soldata gaur egun ez da aski bizitzaren kostuari eusteko», salatu dute sindikatuek adierazpen bateratu batean. «Azken asteotan ikusi dugu gure langileek zer nolako rol garrantzitsua jokatzen duten gure gizartean. Konpainiek greban salbuespenak egiteko esaten digute, baina horren ordez enpresarien elkartera jo beharko lukete bizi ahal izateko moduko soldata-igoera eskatzera».

Herritarrek egunero sufritzen dute blokeoaren egoera, baina kanpoko eraginean daukate askok kezka: turismo-sasoiaren hasiera izanik, nola eragingo duen, bai berehalakoan bidaia bertan behera utz dezaketenengatik, bai etorkizunerako herrialdearen irudiarekin lotuta. «Atzerritik Faroeetara datozen turistak enpresari eta langileen arteko etxe barruko gatazka batean bahitzeak oso mezu txarra bidaltzen die bisitariei eta ikaragarrizko kaltea eragin dezake», dio auto-alokairuko konpainiek ateratako ohar bateratuak. Hala ere, lehentasunak argi dituzte, baita turismo-sektorean ere. Hala, Faroe Uharteetako turismo-bulegoak bisitarientzako oharra zabaldu du: «Langileen grebak, ziur aski, zuen planei eragingo die. Ulertzen dugu, ziur aski, aspaldi zeundetela bidaia honen zain, eta ez zenutela egoera hau espero. Baina ez kezkatu. Greba eta guzti, badago Faroe Uharteez zelan gozatu». Oinez eta bizikletaz egiteko txangoak eta zabalik dauden museoak, galeriak eta saltokiak aipatzen ditu, baita grebaren eraginik ez duten beste esperientzia ugari ere. Eta ez dute ahazten, opor-planak zertxobait zapuztuko zaizkien turistak aintzat hartuta ere, bazterrean utzi ezin diren printzipioak daudela. «Garrantzi handia ematen diogu sindikatuetako langileen greba-eskubidea bermatzen duen gizarte batean bizitzeari», dio Faroe Uharteetako turismo-bulegoaren oharrak.

Grebalari batzuk, lurrean eserita. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Etxekoak dira garrantzitsuenak, egunero uharteotan bizi diren pertsonak, eta bisitariak, gero. Eta horrek bisitari guztientzat balio du, lehen ministroak etsipen puntu batez dioenez: datorren asteko agendan ageri zaion gauzarik garrantzitsuena Danimarkako Frederik X.a erregeak Faroeetara egitekoa duen (zuen) bisita da, eta hari egin beharreko harrera. Urtarrilean Margrethe II.a erreginak abdikatu eta semea tronura igo zenetik ez da Faroe Uharteetara etorri oraindik. Datorren astean behar zuen errege-bidaia ofizialak, baina egoera aldatu ezean, ziurrenik hori ere bertan behera uztea beste erremediorik ez dutela izango aitortu du Johannesenek.

Blokeoa ikusita, grebatik kanpo zegoen sindikatuetako batek elkartasunezko 24 orduko lanuztea egingo zuela ohartarazi zuen. Hainbat zerbitzu publiko, hala nola Posta edo aireportua, geraraziko lituzke deialdiak, eta badirudi ohartarazpenak zerbait mugiarazi duela, berriz ere negoziazio-mahaira eseri baitira bi aldeak astearen amaieran.

Faroeetako bizimodua hankaz gora jarri du grebak, kalte ekonomikoak handiak dira eta jendea nekatuta dago. Baina gehienek ulertzen dute gertatzen ari dena, eta bat datoz langileekin. Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia, izan ere. Asteon bertan gogora ekarri dute greba hau antolatzeko aurrekari nagusia: duela 21 urte, 2003an, 12.000 lagun joan ziren lanuztera, uharteotako bost biztanletik bat, langileen herena. Bost aste iraun zuen greba hark hornidurarik gabe utzi zituen uharteak, eta pertsiana jaitsi behar izan zuten enpresa eta zerbitzu askok, ikastetxeak tartean, kaleetan inork bildu gabeko zaborra pilatzen zen bitartean. Herrialdea hilabete baino gehiagoz gerarazi zuten, baina azkenean ehuneko hamabiko soldata-igoera lortu zuten. Aurretik konpondu ezean, datorren astean beteko du hilabetea greba honek.