NAIZ

Galdakaoko Udaleko lanpostu bateko euskara eskakizuna baliogabetu du epaitegi batek

Galdakaoko Udalak teknikari lanpostu bat egonkortzeko 2022an egindako deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu egin du Bilboko epaitegi batek. Udal langileek elkarretaratzea egingo dute hilaren 19an eta Euskalgintzaren Kontseiluak hurrengo egunean. Udalak helegitea jarriko du.

Bilbon martxoan euskararen aurkako beste epai baten aurka egindako kontzentrazioa.
Bilbon martxoan euskararen aurkako beste epai baten aurka egindako kontzentrazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskararen aurkako beste epai bat iritsi da epaitegietatik, Kontseiluak eta LABek berri eman dutenez. Oraingoan Galdakako Udaleko lanpostu bati dagokio. Zehazki, Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu egin du Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak. Sententziak dio egonkortze prozesuan hizkuntza eskakizuna ezartzeak langileari prozesuan parte hartu ahal izatea eragozten diola.

LABek azaldu duenez, epaian jasotzen den bezala, 45 urtetik gora euskara eskakizunetik salbuestea orain arte oso baldintza zehatzetarako bazen ere, «orain hori orokortu eta kasu guztietarako zabaltzen da». Edo, «are kaltegarriagoa dena, Udaleko lanpostu guztietatik hizkuntza eskakizuna zenbatek izan behar duten ezartzen duen derrigortasun indizearen interpretazio mugatzailea egiten hasiak dira».

Gogoratu duenez hamarkadatan zehar indize hori «derrigorrean bete beharreko gutxieneko gisa ulertu da», eta horrela baliatu izan dute instituzio askok, indize horrek ematen zuen kopurutik goragoko lanpostuei hizkuntza eskakizuna ezarriz, «eta ez da inolako aurkakotasunik egon epaitegien aldetik».

Sindikatuak nabarmendu duenez, hori horrela izan da «ulertzen zelako administrazioaren euskalduntzeak graduala eta progresiboa izan behar zuela herritarren eskubideak eta borondatea bermatu eta gaztelerak duen nagusitasun maila berdinera iristeko». Aldiz, salatu du, «ikuspegi hori irauli egin dute epaileek, sektore politiko, sindikal eta sozial euskarofoboen bultzadak lagunduta, eta gutxienekoa zena orain gehienezko bilakatu dute». 

Elkarretaratzeak hilaren 19 eta 20an

«Oldarraldi judizial» honi «harresi bat altxatzeko garaia» heldu dela uste du LABek, eta horregatik epaia salatzeko egin diren mobilizazioekin bat egin du. Hala, udal langileek elkarretaratzea deitu dute ekainaren 19an, 13.30ean, Galdakaoko udaletxe aurrean. 

Biharamunean, berriz, Kontseiluak eta Bagabiz euskara taldeak deituta egingo da mobilizazioa, 19.30ean Ardantza parkean.

Kontseiluak ere gogor gaitzetsi du epaia eta salatu du botere judizialak udalek hizkuntza politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dutela berriz ere, «herritarren hizkuntza eskubideen kaltetan» eta «euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuz».

«Onartezina zaigu epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira», nabarmendu du.

Udalaren helegitea

Galdakaoko Udalari epaiari helegitea jartzeko eta «prozesua azken bururaino eramateko» eskatu dio Kontseiluak. Horrekin batera, euskarari dagokion «egiazko ofizialtasun estatusa bermatuko dion zoru juridikoa bermatu eta hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko berri baten beharra» aldarrikatu du.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak ostiral honetan iragarri duenez, udal zerbitzu juridikoak helegitea aurkezteko lanean ari dira. Eferi egindako adierazpenetan, EH Bilduko agintariak adierazi du epaia «atzerapausoa» izan daitekeela «edozein pertsonaren hizkuntza eskubideak bermatzeko, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan artatua izan dadin».

Alkateak esan du datorren astelehenean gainerako alderdi politikoekin aztertuko duela epaiaren aurreko erantzuna, eta azpimarratu du ezin dugula «milimetro bat bera ere atzera egin hizkuntza eskubideei dagokienez».

Era berean, gogorarazi du gizarteratze-teknikariaren plaza egonkortzeko prozesuan 3. hizkuntza-eskakizunaren baldintza udalbatzak onartu zuela eta, ildo horretan, adierazi du Udalak «ondo egin duela bere lana herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko».