Joseba Salbador Goikoetxea

Irizarrek prest dauka zero emisioko kamioiaren bigarren belaunaldia

Duela zazpi hilabete Lyonen aurkeztu ondoren, dagoeneko prest dago Irizarren ie truck 2.0 kamioi elektrikoaren bigarren belaunaldia. Lazkaoko egoitza berrian egiten den ibilgailuaren abantailak dira diseinu berria, pisu arinagoa eta autonomia handiagoa.

Irizar ibilgailu guztietan bezala, segurtasuna funtsezkoa izan da gidariaren postua diseinatzeko orduan, eta ergonomia eta ikusmen alderdi ezin hobeak lehenetsi dituzte.
Irizar ibilgailu guztietan bezala, segurtasuna funtsezkoa izan da gidariaren postua diseinatzeko orduan, eta ergonomia eta ikusmen alderdi ezin hobeak lehenetsi dituzte. (IRIZAR)

Emisio Gutxiko Eremuak errealitate bihurtuko dira laster batean Euskal Herriko eta Europa osoko hiriburuetan, eta gune horietan ezin izango da kutsadura sortzen duten ibilgailuekin sartu. Baldintza nahitaezkoa izango da zerbitzuetako ibilgailuentzat ere. Horregatik, Ormaiztegiko Irizar enpresak hiri zerbitzuetako lehen kamioia eraiki zuen 2021ean.

Hiru urteotan hainbat kamioi saldu ditu Europako hiriburuetan (Bartzelona, Marseilla, Zurich edo Schaffhausen), batez ere gauez hondakin bilketa egin ahal izateko. Izan ere, zero emisioko ibilgailua izateaz gain, ez du zaratarik egiten, eta oso egokia da lan mota horiek egiteko.

Ibilgailu honen eskaerak pixkanaka hazten joan direnez, 2023ko martxoan 2.000 metro karratuko planta zabaldu zuen Lazkaon, Ormaiztegiko lantegi nagusitik hamar kilometrotara. Urtean 60 kamioi inguru ekoizteko gaitasuna du.

Aurten, gainera, kamioiaren bigarren belaunaldia egingo dute bertan. Europako hiri batzuetan hainbat proba arrakastatsu egin ondoren, Irizar ie truck Lyongo Solutrans azokan aurkeztu zen ofizialki 2023ko azaroan, eta dagoeneko lehen unitate bat martxan dago Parisen.

Uda honetatik aurrera ibilgailu gehiago entregatuko dituzte, bai Estatuko hiritan, baita Europakoetan ere. Orain artekoak hondakin bilketakoak izan dira ia denak, baina modelo berri horrek aukerak irekitzen ditu beste aplikazio mota batzuk garatzeko, eta horretan lanean ari dira.

Egungo bertsioak plataforma eta diseinu berriak ditu eta hainbat hobekuntza teknologiko biltzen ditu, pisua murrizteko eta modu horretan eraginkortasun eta autonomia mailak handitzeko. Ohiko kamioi baten energia kontsumoa baino %75 txikiagoa izateak eta soinu zein kutsadura emisio baxuek egunez edo gauez lanak egiteko ibilgailu ezin hobea bihurtzen dute, baita emisio gutxiko metropoli eremuetan ere.