NAIZ

Adar hotsak gidatu ditu Solluben Deiadar Mendien Egunean parte hartu duten mendizaleak

Hainbat mendizale igo dira Sollube mendira, Deiadar Mendien Egunaren 19. edizioan, Bizkaiko Batzar Nagusiak batzeko deia entzuteko. Adarraren hotsa indarrez entzun da berriro eguerdian, Arrietatik eta Bermeotik abiatutako mendi martxa biak Kantauri itsasoaren gaineko talaian elkartu direlarik.

Deiadar Mendien Egunean, Sollubeko tontorrean adarra jotzen.
Deiadar Mendien Egunean, Sollubeko tontorrean adarra jotzen. (BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK)

Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako martxa bi tokitatik abiatu da, Bermeoko Taraska plazatik eta Arrietako udaletxetik. Parte-hartzaileak Sollubeko tontorrera igo dira (684 metro) mendiaren alde bietatik; Bizkaiko barrualdera begira dagoen eta Mungiako Tallu Mendizale klubeko kideek sarri erabiltzen dutenetik; eta XIX. edizio honetako kirol antolaketaz arduratu diren Bermeoko Sollube 707 klubeko kideek gidatuta mendi hegaletik gora itsasora begira egin den ibilbidetik.

Txalapartaren soinuak elkartu ditu denak Sollubeko tontorrean, eta Bakioko Itxas-Alde dantza elkarteko kideek izan dute Batzar Nagusietarako deia egin duen adarrak jotearen tradizioa betetzeko ohorea. Deiadarren soinuaren ostean, jaieguna Sollubeko tontorretik 200 metro eskasera lekualdatu da, egunaz gozatzen jarraitzeko. Trikitixaren musikak eta inguruko produktuekin osatutako hamaiketakoak itxi du Antonio de Truebak XIX. mendean lehenengoz aipatu zuen eta 20 urte bete dituen ekitaldia.

Erakundeetako ordezkariekin batera

Ehunka lagunek gozatu dute Bizkaiko mendi ibiltaldi herrikoien klasiko bihurtu dan egun berezia. Horien artean Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Aitor Agirre Arrietako alkatea,  Josu Erkoreka lehendakariordea, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua eta Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkideak egon dira. Deiadar igoera bakoitzean urtero laguntzen duten bost mendi taldeetako kideak ere ez dira falta izan, Balmaseda Mendi Taldea, Bilboko Gailurra, Lemoako Ganzabal kluba, Durangoko Alpino Tabira eta Bermeoko Sollube 707. Aurten Mungiako Tallu Mendizale kluba batu zaie.

Tradizioak markatzen duen legez, Bermeotik egin den kirol igoeraz arduratu den Sollube 707 mendi taldeak Durangoko Alpino Tabira klubeko ordezkari bati eman dio lekukoa. Talde hori arduratuko da 2025ean Oiz mendian egitea aurreikusten dan Deiadar Mendien Egunaren hurrengo edizioa antolatzeaz.