NAIZ

CAFek «Palestinako okupazioan duen erantzukizuna» salatu dute enpresaren akziodunen batzarrean

Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek deituta, protesta egin dute CAF trengintza enpresaren akziodunen batzarraren unean, Beasainen. Jerusalemgo tren arinaren proiektua uzteko eskatu diote enpresako zuzendaritzari. Amnesty Internationalekoek ere erakutsi diote babesa herri palestinarrari.

CAFek «Palestinako okupazioan eta kolonizazioan duen erantzukizuna» seinalatu dute Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek antolatuta enpresaren akziodunen batzarraren unean egin duten elkarretaratzean. Jerusalemgo tren arinaren proiektua bertan behera uzteko eta behin betiko Palestinatik alde egiteko eskatu diote bertan enpresako zuzendaritzari.

«Urte hauetan guztietan, eta baita azken asteetan ere, proiektu kriminal hori alde batera utzi duten enpresen bidea hartu beharko luke. Hala egiten ez duen bitartean, Euskal Herrian Palestina babesten dugunok ezin dugu beste alde batera begira egon. Helburu hau lortzeko, indar eta ahaleginak handitu behar ditugu, kaleetan, fabrika barrenetan, bulegoetan, unibertsitatean, apartheidaren tren hau geldiarazteko», aldarrikatu dute. 

 

11.15ean hasi da protesta, CAFen Beasaingo hirugarren dibisioko sarreraren aurrean, eta ordubete inguru iraun du. Bertan izan dira, plataformakoekin batera, LAB sindikatua eta Amnesty International ere.

‘Sionismoarekin konplizitaterik ez! CAF Palestinatik kanpora’ eta ‘Israel? Ez, eskerrik asko. Boikot’ pankartak zabaldu dituzte, Palestinako banderekin batera.

«CAFetik harago ere Mendebaldeko gobernuek eta enpresek sionismoarekin duten konplizitatea» gaitzetsi dute. Eta «Euskal Herrian sionismoaren adierazpen guztien aurka borrokatzen eta erresistentziarako eskubide osoa duen palestinar herriari gure elkartasun aktiboa adierazten jarraitzera» dei egin dute.

 

Amnesty Internationalekoak ere bai

Amnesty Internationaleko aktibista talde bat ere mobilizatu da CAFen akziodunen batzarra dela eta, Gipuzkoako enpresak Jerusalemgo tren arinaren proiektuan duen parte hartzeagatik protesta egiteko. Oroitu dutenez, «proiektu horrek Israel Ekialdeko Jerusalem okupatuaren eta Mendebaldeko Jerusalemen legez kanpoko asentamenduekin lotzea aurreikusten du. 1.800 milioi euroko kontratua da, eta Gipuzkoako enpresak esleitu zuen 2019an».

 

Iaz, Amnesty Internationalek «Israelek palestinarrei egiten dien apartheid erregimeneko proiektuaren aurkako jarrera» agertu zuen, eta oraingo honetan, «bonbardaketa sistematikoan, setioan eta krisi humanitarioan» kokatu du bereziki salaketa, «Gazako biztanleria zibila jasaten ari baita egoera larri hori».

Nabarmendu duenez, «CAF enpresak ezin du inolaz ere mutu egon gerrako krimenak diren horien aurrean, eta ezin du krimen horien erantzule den gobernuak berak sustatutako proiektu bati lotuta egon ere». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Amnesty Internationalak jakin badaki Lakuako Gobernua CAFen akzioduna dela kapital sozialaren %3rekin, eta benetan uste du «zeregin aktiboa izan behar duela enpresaren zuzendaritzari presio egiteko orduan, palestinarrek jasaten dituzten giza eskubideen urraketei zeharka etekina ateratzen dien proiektua» bertan behera utz dezan.

CAF, etorkizunari begira «baikor»

Kanpoan protestak ziren bitartean, barruan Akziodunen Batzarrean CAFeko agintariek enpresak 2023an izandado emaitzen berri eman eta etorkizunerako erronka eta lehentasunak zerrendatu dituzte.

Javier Martinez Ojinaga kontseilari ordezkariak konpainiaren «sendotasun finantzarioa» nabarmendu du eta horrek akziodunekiko dituzten konpromisoei eustea ahalbidetzen diela esan du. «Segmentu eta produktu jakin batzuetan merkatu berrietara hedatzeko apustua» azpimarratu du, «merkatu estrategikoetan presentzia globala indartzeko».

«Eraldatzen ari den mundu batean lehiatzea egokitu zaigu, non geopolitikak gero eta eragin handiagoa duen merkatuetan, itxuraz geldiezina den errealitate multipolar bateranzko bidean, eta non aldaketa teknologikoek, horietako asko disruptiboak eta orokortzeko tarte txikia dutenak, industria askoren konfigurazio berri bat ekarriko duten», ohartarazi du.

2023ko emaitzak aztertuta, CAFek «finkatutako ibilbide-orriari» jarraitzea lortu dutela adierazi du, nahiz eta 2026-2030 eperako Plan Estrategiko berria egiteko oinarritzat hartu zituzten hipotesiak «gertaera geopolitiko eta makroekonomikoen» bilakaeraren eraginpean egon diren. Horrek, azaldu du, eragina izan du hornidura kateetan eta kostuetan, eta «inguruneko baldintzen aldaketa» ere eragin du.

Emaitza ekonomikoek aldagai guztietan bilakaera oso positiboa izan duela adierazi ondoren, salmenten igoera «nabarmena» azpimarratu du, bai trenbideko segmentuan, bai autobusetakoan; guztira, salmentak 3.825 milioi eurora igo ziren, aurreko urtean baino %21 gehiago.

Horrela, CAFen tren negozioak, lehen aldiz, 3.000 milioi euroko salmentak gainditu ditu, eta tren jarduera guztiek gora egin dute: material ibiltariak, zerbitzuak eta soluzio integralak eta sistemak.

Autobusen segmentuari dagokionez, Solarisen salmentak %18 igo ziren 2022koaren aldean, eta 800 milioitik gorakoak izan ziren. Horrela, zero edo emisio baxuko autobusek urteko entregen %80 gainditu dute lehen aldiz, eta entregatutako autobusen erdia baino gehiago elektrikoak izan dira.

2024an hazkundearen bidetik jarraitzea aurreikusten du CAFek eta 2026an 4.800 milioi euroko salmentak iristea espero du.