Jon Ormazabal

Set sistemari zentzua topatzeko zorian egon da Asier Agirre

Hiru partidak irabazita, Jon Ander Peñak, Laso-Mariezkurrenak eta Joanes Bakaikoak osatutako Sollube taldea sailkatu da Bizkaia Torneoko finalerako.

Bilbon garaipena eskuratu duen Sollube taldea.
Bilbon garaipena eskuratu duen Sollube taldea. (BAIKOPILOTA)

Finala Bilboko Aste Nagusiaren baitan jokatuko bada ere, Bizkaia Torneoak ezagutzen du dagoeneko azken partida horretan egongo den lehen taldearen izena; Jon Ander Peña, Laso-Mariezkurrena eta Joanes Bakaikoak osatutako Sollube, Bilboko Deportivon jokatutako kanporaketan Ganekogorta 3-0 gaindituta. Euren aurkariak igande honetan Mallabian jokatuko den Oiz (Ezkurdia, Altuna III.a-Rezusta eta De la Fuente –Egiguren ordezkatuko du–) eta Gorbeiaren (Elezkano, Elordi-Zabaleta eta Salaberria) arteko irabazleak izango dira.

Pilotarien artean zale gutxi egin ditu –Altuna edo Laso bezalako izarrak oso kontra agertu dira– txapelketa honetarako ezarri duten set sistemak, baina gaurkoan bederen, Asier Agirre partidak erabakitzeko kontaketa berriari zentzu apur bat topatzeko zorian izan da Asier Agirre, lau eta erdiko partidaren hasieran oso maldan gora jarri zaion lehia iraultzeko zorian egon baita. Bereziki, gaurkoa bezalako buruz buruko partidei oreka apur bat emateko ezarri zen, batez ere erremintako lehiatan, set edo joko moldeko sistema hau. Betiko eran kontatuta, Jon Ander Peña eta Arrotxapeko pilotariaren arteko partida aitaren batean amaituko zatekeen, tolosarrak aidean eraman ditu eta lehen bi setak (0-6 eta 1-6). Saketik mina eginda oso nagusi izan da kaiolako mugetan eta partida irabaztetik puntu bakarrera ere izan da, baina Asier Agirrek hirugarren joko hori aurrera atera eta lehia goitik behera aldatu da.

Sakea lagun, pilotak moteldu ahala, nafarra partidan sartu eta laugarren jokoa erraz eraman du (6-2) eta dena berdinketa hausteko hiru tantotako jokoan erabaki da. Partidan zehar tanto gehiago egin izanak Peñari eman dio sakea bosgarren joko horretan, baina oparirik handiena Asier Agirrek berak egin dio, 2-1 zirela azken sakean motzegi jota. Horrela, ohiko sisteman 22-14 amaituko zen partida bi tantora izan su Asier Agirrek.

Lehen jokoko dinamika zerbait eten badu ere, ezer gutxi aldatu du lege aldeko berrikuntzak binakako partida, Unai Laso eta Jon Mariezkurrena oso nagusi izan baitira oporren aurretik sekulako joko boladan ziren Artola-Imazen aurka. Nafarrek lau joko behar izan dituzte (2-6, 6-2, 1-6, 0-6) puntua aurrera ateratzeko, baina kantxan euren kolpea erabat nagusitu da. Berriozarko atzelariak goitik behera dominatu koadro luzeetan, Iñaki Artolak jokoa nahasteko oso aukera urriak izan ditu eta Unai Laso, aldiz, eroso eta eraginkor aritu da, azkenerako 11 tanto amaituz.

Bigarren seta Ganekogortako bikoteak eraman du, baina sei tantoetatik bost aurkarien hutsei esker lortu dituzte. Hirugarrenetik aurrera askoz sendoago aritu dira eta erraz lortu dute garaipena.

Jokoan ezer gutxi zutela irten dira kantxara buruz burukoa jokatu behar zuten Aitor Aranguren eta Joanes Bakaikoa eta hemen ere pilotari urdina nagusitu da, lau setetan (2-6, 6-3, 2-6, 3-6). Atzelari gipuzkoarra ez da Etxarriko aurrelaria kolpez hausteko gai izan eta baldintza horietan, aurkari benetan deserosoa izan da sakandarra Aginagakoarentzat.

Altuna, garaipenarekin itzuli

Ostiral gauean Zeanurin, Ezkurdia, Altuna III.a-Rezusta eta Egiguren VI.ak osatutako Oiz taldeak emaitza berarekin gainditu zuen Anboto (Zabala, Peio Etxeberria-Martija eta Exposito). Oporrak amaituta, Arratian estreinatu zuen Jokin Altunak txapeldunaren gerriko gorria eta Rezusta fresko batek lagunduta, garaipen ona eskuratuta egin zuen. Ikusi egin behar 48 ordu baino lehenago jokatu beharreko bigarren partidan freskura horrek irauten duen. Ostiralean Urrestillan San Ferminetako lau eta Erdikoa jokatu behar duen Egigurenek De la Fuenteri utziko dio bere lekua.