NAIZ

Euskarians errugbi taldeak Suitza garaitu du Donibane Lohizunen jokatutako partidan (56-17)

Euskal Herri guztiko jokalariak biltzen dituen taldeak zortzi entsegu sinatu zituen suitzarren aurka eta hasieratik amaiera arte dominatu zuen neurketa.

Euskarians eta Suitzaren arteko neurketako irudi bat.
Euskarians eta Suitzaren arteko neurketako irudi bat. (Guillaume FAUVEAU)

Zikloi bat bezala pasa zitzaion gainetik Euskarians euskal errugbi taldea Suitzari, larunbatean, Donibane Lohizunen jokatutako partidan (56-17). Euskal Herri guztiko jokalariak biltzen dituen taldeak zortzi entsegu sinatu zituen suitzarren aurka eta hasieratik amaiera arte dominatu zuen neurketa.

Patrice Lagisquetek zuzenduriko Euskariansek gutxi behar izan zuen partida bere alde eramateko eta kontrolatzeko. Lehen zatia 35-5 amaitu zuen bere alde. Bigarren zatian, berriz, suitzarrek, bi entseguren bidez markagailua apaintzea lortu bazuten ere, ezin izan zuten ezustekoa eman.

Euskarians-Suitza partida euskal errugbia festaren baitan ospatu zen larunbatean Donibane Lohizunen. 250 jokalari inguru, Euskal Herriko leku guztietatik etorriak, Pavillon Bleu zelaira atera ziren. «Urtero ekitaldi hau berriro antolatu nahi dugu, euskal errugbi guztia ospatzeko», azaldu zuen atarian Elie Benmerguik, ekitaldia antolatzen duen Euskarians errugbi elkarteko zuzendaritzako kide batek.

Eguna 7 zenbakiaren pean hasi zen. Herrialde bana ordezkatzen zuten zazpi emakumezko eta gizonezko talde aurrez aurre izan ziren zazpiko errugbi txapelketan. Arratsaldean, emakumezkoen XV errugbi partida bat jokatu zuten Ipar Euskal Herriko hautatutako jokalarien eta Hego Euskal Herriko hautatutako jokalarien artean. Euskariansen garaipena egun politari amaiera eman zion.