Jokoetara jokatze hau ez omen du oso gustuko, ostiral gauean jokatuta lepoko minez etorri omen da Mallabira, parean iazko Binakako txapelketako txapeldunak zituela, baina Jokin Altunak berera jarraitzen du; garaipenak eta txaloak pilatzen joaten den frontoi bakoitzean. Garaipena erabakigarria izan da gidatzen duen Oiz taldeak abuztuaren 20an Bizkaia torneoaren finala joka dezan –aurretik Joseba Ezkurdiak kaiolakoa irabazia zuen– eta ondo baino hobeto merezitakoak izan dira hirugarren jokoko 3-4koan jasotako txaloak, uda guztian izango dugun partida uholdean nekez ikusiko dugulako bi paretako hoberik.
Zabaletik, oinak ia sakeko arrastoan zituela, gurpilik gabe, lege zaharrean, gutxitan ikusten den pilotakada jo zuen Amezketako aztiak, angelua ezin hobeto topatu eta Elordi ezezik, haren herriko pilotalekuan ziren pilotazale guztiak erabat ezustean harrapatuz. Tantoaren edertasunaz harago, berebiziko garrantzia izan zuen tantoa izan zen, une kritikoan lortua eta binakako partida bosgarren jokora joatea ekiditen lagundu baitzuen. Azkenerako, amezketarrak eta behetik gora egin duen Rezusta batek lau jokotan (4-6, 6-4, 6-2 eta 6-5) atera dute aurrera euren partida gorabeheratsua.
Hobeto, freskoago, ekin diote udatik bueltan jokatu duten partidari Elordi eta Zabaletak. Etxarrendarra atzean nagusitu eta etxean aritu den Elordi ere eraginkor aritu da errematean eta erraz xamar eraman dute lehen jokoa. Jokin Altunari, aldiz, kosta egin zaio jokoan sartzea, lehen egindako tantoa bigarren jokoko 3-4ekoan lortu du baina hortik aurrera bikain aritu da. Zabaletak, bere aldetik, eskumuturrean eramandako kolpe txar batek eraginda edo, ez dio maial onari eusterik izan, Rezustak azkenerako asko orekatu du koadro luzeetako borroka, eta eta puntua gorria izan da azkenerako.
Ezkurdia, sendoago
Lau eta Erdiko lehen partidan, sakearekin zalantzaren bat izan badu ere –esaterako hirugarren setak alde egin dionean azken bietan falta egin du–, Joseba Ezkurdiak lehen puntua eman dio Oiz taldeari, Danel Elezkanori (6-3, 6-4, 5-6 eta 6-1) gailenduta. Distiratsu aritu beharrik gabe, sakandarrak beste abiadura bat sartu dio pilotari eta ezker pareta ondo aurkituta, partida aurrera ateratzeko modua izan du.
Oporretatik bueltan, arriskuak hartu eta tantoa ahalik eta azkarren, bizi aritu da Zaratamokoa, tarteka tanto bikainak lortu bai, baina txaparen hotsa nahi baino gehiagotan entzunda.
Dena erabakita zela jokatu dute Iker Salaberria eta Aingeru De la Fuentek buruz buruko partida eta azkenerako goizuetarrak bere taldearen puntu bakarra eskuratu du, nahiz eta lehen jokoan 6-0eko bat jaso (6-0, 0-6, 2-6, 2-6). Sakea erabakigarria izan den partidan, eskuetako arazoak ahaztua, konfiantza berreskuratzen ari dela erakutsi du goizuetarrak.