Koldobika Jauregi eskultorea zendu da igande goizean, 64 urte zituela, bihotzekoak jota, NAIZek jakin ahal izan duenez. Sortzez Alkizakoa, Euskal Herrian nahiz nazioartean sona handiko artista eta gurean bereziki erreferentea, berrogeitik gora urte eman ditu harri, egur, metal eta paretak zizelkatzen, mota guztietako materialak eta teknikak erabilita, figuraziotik abstrakziora eta espresionismora. Bere artelanak munduko hainbat museo ospetsu eta espazio publikotan daude, Europan hasi eta Japoniaraino. Guggenheim Bilbao Museoak ere bere obra erosi zuen bere bilduma iraunkorrerako.
Ostiralean bertan inauguratu zen bere azken erakusketa, Soraluzen, Oreka art galerian. Jauregi bera han izan zen, eta ikusmin handia eragin zuen, Plaentxia.eus agerkariak jaso zuenez. Herri txikietan ere erakusketak izateko beharra nabarmendu zuen.
Diziplina anitzeko artista, oso gazterik hasi zen lanean, modu autodidaktan. 1986an atzerrira bidaiatzen hasi zen, arte lehiaketetan parte hartzeko. Italian marmolezko eskulturan sartu zen.
Bere ibilbide luzean hamarnaka erakusketa egin ditu Jauregik, eta jasotako saria eta bekak ere makina bat dira. Besteak beste, Chillidaren Zabalaga beka eskuratu zuen 1990ean, eta Karl Henrich Muller mezenas alemaniarrarekin lan egiteko aukera izan zuen Düsseldorf hirian. Bertan, bere emazte Elena Cajaravillerekin, bost urtez aritu ziren Insel Hombroich Museoan ‘Artea eta Natura parean’ proiektu esperimentalean. Esperientzia hartan ikusi eta ikasitakoarekin sortu zuten urte batzuk beranduago, 2010ean, Ur Mara museoa, Alkizan bertan, Iñaki Epelde zenarekin batera. Museoa baino gehiago, Ur Mara espazio ireki handi bat da, basoan, artelanez eta arbolez osatua, natura eta etnografia uztartzen dituena. NAIZerako gidari lanetan aritu zen Jauregi bera, erreportaje honetan irakur daitekeenez.
Alemanian egindako egonaldi luzeak eragin nabarmena izan zuen Koldobika Jauregiren ibilbidean, eta Euskal Herrian zuen sona nazioartera zabaltzeko aukera eman zion. 2000. urtean, esaterako, Tokioko parke batean 26 eskultura kokatzeko deitu zuten lehiaketan, bera izan zen hautatutako europar eskultore bakarra.
1999. urtean. Würth Museoak «espainiar» arteari eskainitako erakusketa batean Estatuko egungo hamar artista garrantzitsuenen artean aukeratu zuten alkizarra, Eduardo Chillida, Antoni Tapies edota Antonio Sauraren ondoan. Chillida, hain zuzen ere, bere maisutzat jotzen zuen Jauregik.
Eskulturatik harago, ‘Dantza’ pelikularen (2018) eragile ere izan zen, Telmo Esnalekin batera, Juan Antonio Urbeltz koreografoaren laguntzarekin. Jauregik eta Elena Cajaraville bikotekide eta zuzendari artistikoak sortu zuten filmaren atrezzoa eta mundu estetikoa.
‘Aizkora eta arbola’
Bere ibilbide artistikoan Koldobika Jauregik konpromiso politikoa ere erakutsi zuen. Hala, 2017ko ETAren armagabetze egunaren biharamunean GARAk kaleratu zuen ale bereziko azalerako ‘Aizkora eta arbola’ irudia berak egin zuen.
Elkarrizketa honetan azaldu zuen Jauregik nola izan zen ‘Aizkora eta arbola’ sortzeko prozesua. 2017ko apirilaren 8ko egun historikoa eta bertara iristeko jendarte zibilak izan zuen protagonismoa betikotzeko sortu zuen irudia eskultura bilakatuko zuten Baionan armagabetzetik urtebetera, ‘Arbolaren egia’ izenarekin.
Horretaz gain, GARAren aurkako espolioari aurre egiteko ArteaGARA ekimenarekin bat egin zuen, ‘Poesia’ serigrafiarekin.
Esker oneko mezuak
Jauregiren heriotzaren albistea zabalduta, ugari izan dira sareetan samina azaldu dutenak.
Koldobika Jauregi (1959-2024)#respect pic.twitter.com/KjHcV6L440
— Ander Gortazar Balerdi (@andergortazar) June 16, 2024
Koldobika Jauregi.
— Gotzon Elizburu Beristain (@gotzonelizburu) June 16, 2024
Eskerrik asko. pic.twitter.com/pTTdkhPdx2
Gaur Koldobika Jauregi eskulturgilea hil da. 1995 urtean Legorretako udaletxeko balkoirako “Baserriaren barneko zuhaitza” eskultura egin zuen. Goian Bego!! pic.twitter.com/5VDdkfQtFN
— xabier iraola (@xabieriraola) June 16, 2024
Lur Heizea
— Fernando (@Fernandoo461) June 16, 2024
Viento de tierra.
Koldobika Jauregui.
Goian bego.🕯️ pic.twitter.com/lXLFWYSPz1