NAIZ

Salatu dute Oibarren D ereduko haur eskola irekitzeko «trabak» jartzen ari dela Gobernu nafarra

Hainbat herritar eta eragilek agerraldia egin dute, salatzeko Nafarroako Gobernua oztopoak jartzen ari dela Oibarren D ereduko haur eskola irekitzeko. Haurrak eskaraz ikas dezaten nahi duten hamar familia daude Hezkuntza sailaren erabakiaren menpe.

Astelehen honetan agerraldia egin dute Oibarren Nafarroako Gobernuaren jarrera salatzeko.
Astelehen honetan agerraldia egin dute Oibarren Nafarroako Gobernuaren jarrera salatzeko. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako Hezkuntza saila «trabak» jartzen ari da Oibar herrian D ereduko haur eskola bat zabaltzeko, hainbat eragilek udalerri honetan egin duten agerraldian gaitzetsi dutenez.

Hainbat herritar elkartu da astelehen arratsaldean Oibarren, Hizkuntz Eskubideen Behatokia zein Sortzen elkartearen babesarekin, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza saila euskarazko irakaskuntza oztopatzen ari dela salatzeko. Azaldu dutenez, Oibarko Udalak haur eskola bat irekitzeko eskaera eta txosten guztiak aurkeztu zituen, baina Hezkuntza sailak baimena ukatu du, 10 familiak 1-3 urteko seme-alabak D ereduan aurrematrikulatu ostean.

Udalak 2024-2025 ikasturterako haur eskola bat irekitzeko eskaera egin zion Hezkuntza sailari, horretarako beharrezkoak diren izapide guztiak beteta. Maiatzean aurre-matrikula aldi bat antolatu zen: 10 familiak eskatu zuten 1-3 urteko seme-alabak Oibarko Haur Eskolan matrikulatzea, D ereduan.

Ordutik aurrera, Iruñeko Gobernua «trabak» jartzen ari da. «Ekainean, matrikulazio-epea hasi baino egun bat lehenago, Hezkuntza saila telefonoz jarri zen harremanetan Udalarekin, euskarazko plazen eskaintza dela eta, haur eskolaren irekiera baimenik ez zutela emango adieraziz», jakinarazi dute agerraldian.

Saileko arduradunaren arabera, herriko eskolan euskaraz jarraitzeko aukerarik ez dagoenez, hau eskolan D eredua irekitzeak «ikastetxearen egoera baldintzatu dezake». Egun, A eta G ereduan ematen ditu eskolak herriko Gabriel Valentin ikastetxe publikoak.

Legearen kontra

Hezkuntza sailak emandako zioak ez ditu oibartarrak konbentzitu, ordea. Izan ere, prentsaurrean nabarmendu dutenez, 2017ko ekainetik eremu mistoan dago Oibar eta, legearen arabera, euskarazko ikasketak eman behar zaizkie hala nahi duten familia edo ikasleei. «Euskararen Legeak ezartzen duenaren kontrako norantzan ari da Departamentua», berretsi dute.

Euskaraz ikasi nahi izatea ez da «kapritxo» bat, esan dutenez, eta gogoratu dute 10 familia Hezkuntza sailaren erantzunaren zain daudela. Hortaz, departamendu honi galdegin diote «berehala har ditzala 2024-2025 ikasturterako haur- eskola martxan jarriko dela bermatzeko behar diren neurriak eta erabakia».