Iraitz Mateo

Gerra eta distopia Ganbila antzerki bildumaren 24. eta 25. aleetan

Piszifaktoria ideien laborategiko Mikel Ayllonen ‘Hau ez da gerra bat’ eta Pablo Barrioren ‘2074’ liburuak batu dira Susa argitaletxearen Ganbila bildumara. Gerraren gaia lantzen du lehenak, eta bigarrenak Euskal Herria distopiko bat irudikatzen du, hemendik 50 urtera.

Barrio eta Ayllon beren liburu berriak eskuetan.
Barrio eta Ayllon beren liburu berriak eskuetan. (Maialen Andres | FOKU)

Susa argitaletxeak antzerkigintza erdigune hartuta Ganbila bilduma sortu zuenetik 25 ale kaleratu ditu jada. Astearte goiz honetan aurkeztu dituzte 24. eta 25. liburuak, Mikel Ayllon eta Piszifaktoria ideien laborategiaren ‘Hau ez da gerra bat’ batetik; eta bestetik, Pablo Barrioren ‘2074’.

Antzeki obrak edota antzerkiari lotutako saiakerak bildu ohi ditu bildumak, «euskal teatroaren argazki garaikidea» Oier Guillan editorearen esanetan. Astearte honetan aurkeztutako lanen artean antzerki obrak dira nagusi; Ayllonen kasuan gerraren inguruan loturik dauden hiru obra jasotzen ditu, eta Barriok, lagun talde bat kokatzen du 2074ko Euskal Herrian.

«Gerraren inguruko triptiko bat da» esanez deskribatu du Guillanek ‘Hau ez da gerra bat’ liburua. Piszifaktoria ideien laborategiaren ibilbidea txalotu du, izan ere, editorearen ustez, «ibili ahala pentsatu egiten dute», bai edukietan, baita dramaturgia ereduan eta baita euskarazko panoraman ekarpena egitearen inguruan ere.

Ayllonek azaldu duenez, bi arrazoi nagusi zituzten aipaturiko lanari ekiteko: «Bagenuen zer esana, eta pentsatzen genuen euskarazko antzerkigintzak behar duela bultzada bat». Izan ere, euskal antzerkigintzara «lenguaia modernoa» ekartzeko ahaleginetan ibiltzen dira beren lanetan.

‘Hau ez da gerra bat’ liburuan, hiru antzerki obra daude, elkarren artean lotura dutenak: ‘Bunker’, ‘Hau ez da gerra bat’ eta ‘Hau gerra bat da’. Azkena oholtzan ikus daiteke Irati Agirreazkuenaga, Iholdi Beristain, Mikel Ayllon eta Igor Arzuagaren eskutik.

Duela zazpi urte hasi ziren gerraren inguruko antzerki obra bat sortzeko lanean Piszifaktoriako kideak, «milaka ate jo genituen laguntza eske. Eta ate guztiak itxi zizkiguten, nonbait gerraz ez zuten ezer jakin nahi», kontatu du Ayllonek. Finantzaketa dirurik lortzen ez zutela eta, zirrikitu bat topatu zuten, ‘Hau ez da gerra bat’ obra sortzea: «Ematen du maitasunaz edota giza harremanez hitz egiten dugula, baina gerraz ari gara». Obra hori egiteko lortu zituzten diru laguntzak, eta hari horri tiraka plazaratu zuten ondoren ‘Bunker’.

Azkenean, iaz lortu zuten hasieratik sortu nahi zutena sortzeko laguntza, ‘Hau gerra bat da’ obra egiteko. «Gerraz hitz egiten dugu gerra bat bizi behar ez izateko», hausnartuz amaitu du aurkezpena Ayllonek.

Distopia bat Euskal Herrian

Gaizka Sarasolak eman ditu ‘2074’ lanaren lehen zertzeladak, eta egilea aurkeztetik abiatu da: «Ganbila bilduma euskal antzerkigintzako argazkia dela aipatu da, argazki orotan badago pertsonaia kurioso bat beste aldera begira edo… ba gure kasuan hori Pablo Barrio da. Inolako antzerki talderi zuzendu gabeko testuak idazten ditu, eta antzerkia soilik idazten du, ohorea da gure bildumara ekartzea. Bestalde, komunitate batekiko kezka eta arduratik idazten du».

Azaldu du distopia batean kokatzen bada ere, egungo kezketatik abiatzen dela idazlea, eta hiru ezaugarri nabarmendu ditu: hizkuntzarekin jolasteko trebezia, umorea, begirada nostalgikoa. Gaineratu du, antzerki obraren «osagarria» den «opari» bat ere egin diela Barriok, bere sorkuntza prozesua azaltzen duen atal bat gehitu du liburuaren amaieran.

Tituluak azaltzen duen bezala 50 urte aurrera egin du Barriok, «etorkizun posible horretan geratatzen da kontakizuna» azaldu du. Eta gaineratu du berak irudikatutako etorkizuna garatzea «oso posible» ikusten duela, nahiz eta nahiago lukeen ez iristea.

Eskubideak diruaren truk

«Erdi aro berri bat aurkezten dut eszenatoki gisara», kontatu du, eta azaldu, bestelako «ordenamendu bat» irudikatzen duela. Erdi aroaren amaiera iraultza industrialarekin eta estatu-nazioak sortzearekin iritsi zela azaldu du, eta egun eredu hori dugula buruan. Baina egun «iraultza digitala» deitu dakiokenaren atarian gaudela gaineratu du, eta berak idatziriko etorkizunean botere banaketa eta antolaketa berriak irudikatu dituela, «estatu-nazioak desagertuko dira, eta eskubideen iturria ez da herritartasuna izango, dirua edota jabetza baizik».

Behin 2074ko Euskal Herriaren nondik norako nagusiak azaldu ondoren, lagun talde bat dela protagonista adierazi du: «Noraezean dago lagun taldea, zer gertatu da egoera honetara iristeko? galdetzen dute, hori da beraien kezka nagusia». Kezka «globalak» direla kontatu du, baina Euskal Herriko begirada eman diola.

Fikzioaren lizentziak hartuz, denborak tarte oso zabala hartzen duela aitortu du, eta hori baloatu duela «Euskal Herriaren historiari errepaso bat» emateko. Erreferentzia ezberdinak sartu ditu, eta musikari tarte handia eskaini diola nnabarmendu du. «Ez gara gauza finko bat, gaur ematen du gure jatorria bat dela, eta hemendik hamarkada batera akaso joan egiten da», garena dinamikoa dela defendatu du.