NAIZ

Trantsizio ekosozialerako bost aldarri eramango ditu ELAK hitzarmenen negoziazioetara

Trantsizio ekosozialerantz daraman bidean, ELAk hitzarmenen negoziazioetara bost aldarri eramango dituela erabaki du egun hauetan gaiari buruz egiten ari den batzarretan. EAE eta Nafarroako gobernuei «politika publiko konkretuak, inbertsioak eta erreforma estrukturalak» exijitu dizkie.

Mitxel Lakuntzak, Mikel Novalek eta Ainhara Plazaola ELAren prentsaurrekoan.
Mitxel Lakuntzak, Mikel Novalek eta Ainhara Plazaola ELAren prentsaurrekoan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

ELAko 750 militante parte hartzen ari dira sindikatuak antolatutako jardunaldietan negoziazio kolektiboko urratsak zehaztu eta bidezko trantsizio ekosozialerantz pausoak emateko. Hala azaldu dute gaur prentsaurrekoan Mitxel Lakuntzak (ELAko idazkari nagusia), Mikel Novalek (Politika Sozialetako arduraduna) eta Ainhara Plazaolak (Ingurumena).

Gasteizko Zabalgana gizarte etxean egiten ari diren batzarretan erabaki den lehen urrats praktikoa izan da bost aldarri zehatz definitzea, negoziazio kolektiboko aldarri tauletan txertatzeko.

Lehenengoa, enpresei informazioa eskatzea izango da: berotegi efektuko gas emisioei buruzko azken bost urteetako datuak; hondakin motak, zenbatekoa eta zer nolako tratamendua eman zaien; energia fosil, energia berriztagarri eta uraren kontsumoa; eta ingurumen baimen integratua, baita honen betetze mailari buruzko urteroko txostenak ere.

Bigarrena, hobekuntza planak galdegin emisioei, hondakinei, energia fosilen eta berriztagarrien nahiz uraren kontsumoari dagokienez, «hartara enpresen planak baloratu eta asmo handiagoko helburuak exijitzeko».

Hirugarrena, enpresa, industrialde edota eskualde mailako mugikortasun planak exijitu, «garraio kolektiboa erabil dadin, joan-etorriak gutxitu eta kostua enpresek beren gain har dezaten (edo administrazioek, garraio publikoa gehituz gero)».

Laugarrena, erosketa politika berdea eta tokikoa galdegin. Eta bosgarrena, elikadura burujabetza exijitu lantokietako jangeletan.

Planik ez

Lakuntzak nabarmendu duenez, «helburu horietara iristeko politika publiko konkretuak, inbertsioak eta erreforma estrukturalak behar dira, baina orain arteko aurrekontuak eta erabaki politikak aztertuz gero, argi dago Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez daukatela planik».

ELAk duela zenbait hilabete plazaratu zuen trantsizio ekosozialerako bere proposamen orokorra. Sindikatuak oharatazi zuen euskal ekonomiak energia fosilarekiko «menpekotasun handia» duela, «baita inportatutako materialekiko ere, horien kopuru izugarriak behar baititu».

Hori zela eta, hainbat neurri proposatu zituen sindikatuak: «Materialen eta energiaren kontsumoa gutxitzea, mundu mailako justizia aintzat hartuz; energia sektorea publifikatzea, energia berriztagarriak garatuz eta energia fosilen ekoizpena geldiaraziz; ekonomia berlokalizatzea; garraio sistema eraldatzea (elektrifikatzea ez baita nahikoa izango); salgai eta pertsonen joan-etorriak gutxitzea, oinarritzat garraio publiko kolektiboa hartuz; elikadura burujabetza, agroekologia eta basogintza iraunkorra garatzea; ekonomia berrantolatzea, erdigunean zaintza kokatuz, eta zaintza lan feminizatuak banatzea; aberastasunaren banaketa eta soldata jaitsierarik gabeko lanaldi murrizketa (35 orduko astea, 32koaren bitarteko urrats gisa), eta oinarrizko zerbitzuen desmerkantilizazioa».