Lointek Gernika Bizkaia Annika Soltau 19 urteko pibot alemana fitxatu du 2024/25 denboraldirako Freiburg taldetik. Horrela, talde bizkaitarrak dagoeneko hamar jokalari ditu denboraldi berrirako: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi, Laura Westerik, Ane Olaeta, Maya Dodson, Irati Etxarri, Elena Buenavida, Awa Fam eta Annika Soltau iritsi berria.
Soltau «bere belaunaldiko jokalaririk onenetarikoa» dela nabarmendu dute Gernikako taldeko iturriek, eta «bere 192 zentimetroekin kantxan gauza asko egiteko gai» delako.
Alemaniako harrobiko selekzioetako izar nagusietakoa da. Iazko 18 urtez azpiko Europako Txapelketan 17,8 puntu eta 11,8 errebote lortu zituen batez beste, eta 19 urtez azpiko Munduko Txapelketan 12,4 puntu eta 6,8 errebote. Gaztea izan arren, Eurocup Women jokatu du dagoeneko Alemaniako Keltern taldearekin.
Annika Soltauk, bestalde, «oso pozik» dagoela aitortu du, eta Lointek Gernika Bizkaian jokatzeko gogotsu dagoela. «Malosteko marea rranatea eta nire taldekide berriak ezagutzeko gogo handia daukat. Denok batera denboraldi bikaina egingo dugulakoan nago», esan du taldeak zabaldu dituen aurreneko adierazpenetan.
Lucas Fernandez Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak, bestalde, nabarmendu du Soltau «etengabe hobetzen» ari den jokalaria dela. «Oso garaia izan arren, baloia lurrean jartzeko gai den jokalaria da eta aurrez aurre jokatu dezake erasoan. Horrez gain, kantxan oso ondo mugitzen da, baloiarekin eta baloirik gabe. Defentsan bere altuerarekin jaurtiketa asko aldarazten ditu», azaldu du bizkaitarren entrenatzaileak.