ETE ligako banderen lehian, aulki-joko estua
Zortzi ontzi lehiatuko dira ETE ligan. San Juan bueltatuko da, bi urtez lehorrean egon ostean. Asteburu honetan hasiko dute liga: erlojupekoan arituko dira bai larunbatean Astilleron, bai igandean Pasai Donibanen. NAIZek Zumaiako, Zarautzeko, San Juaneko eta Deustuko arraunlariekin hitz egin du.
Iaz ETE ligan Zumaia eta Kaiku ibili ziren banderen lehian, baita amaieran Zarautz ere. Aurten, berriz, aulki-joko estuagoa egongo dela uste dute ETE ligako zenbait traineruk. «Banderak irabazteko gero eta hautagai gehiago daude: talde batzuk hor goi-goian daude, eta beste batzuk, berriz, hara heltzeko pausoa eman dute edo ematen ari dira», adierazi du Jone Oliban (Lemoiz, 1992) Deustuko arraunlariak. Kaiku, Zarautz, Zumaia eta San Juan dira zerrendan lehenak izendatu dituztenak. ‘Bizkaittarrak’ irabazi zuen iaz ETE liga, ‘Telmo Deun’ ontziak bigarren egin zuen, eta ‘Enbatak’ hirugarren.
Joan den urtean bezala, aurten ere zortzi traineru lehiatuko dira bigarren mailan: Kaiku, Zumaia, Zarautz, Deustu, Astillero, Ondarroa, Hernani eta San Juan. Iaztik aldaketa bat dago. Portugaleten ordez, ‘Batelerak’ trainerua bueltan da, bi urtez lehorrean egon ostean. «Zerotik hasteko talde bat izanda, denboraldiaurrea oso ondo joan da», adierazi du Maddi Guereño (Pasai Donibane, 2005) San Juaneko arraunlariak.
Haiek ez ezik, gainerakoek ere uste dute sanjuandarrak hor goian ibiliko direla, traineru berria izan arren. Hala nabarmendu du Amane Jimenez (Azpeitia, 2004) Zumaiako patroiak: «Ikusi da ondo ibili dela bai traineruan, bai trainerilletan, estropada onak egin dituzte». Amaia Manterola (1988, Zarautz) Zarautzeko arraunlariak, berriz, ez du hain garbi ikusten: «Ez dakit hainbeste ontzi egongo direnik banderen lehian, Zumaiak alde handiarekin irabazi baitu azken estropada».
Guereño (San Juan): «Bakarrik ikustea mutilek egin duten denboraldiaurrea eta neskek trainerua atera dugula... Herriak eduki beharko luke txispa hori barruan»
Manterolaren bide beretik, Guereñok ere uste du Zumaia goran ibiliko dela, baita Kaiku ere: «Zumaiarekin batera, espero dut gu ere hor ibiltzea, eta apustu egingo nuke Kaikurengatik. Iaz trainerua zerotik atera zuen, eta sekulako denboraldia egin zuten. Zarautzen iazko azken txanpa ikusita, lau bandera eraman zituela, sorpresa baten bat ere eman dezake. Indartsuenak Kaiku eta Zumaia ikusten ditut».
Marea arrosa «berpiztu»
Denboraldi honetako berritasun handiena San Juan da. Talde historikoetako bat da; 2014tik 2018ra bitartean bost Emakumeen Traineru Liga lortu zituen, baita beste hainbeste Kontxako Bandera ere. Jubenilak eta seniorrak batu dira trainerua ateratzeko. «Talde historiko bat berriro ere martxan jartzea ez da erraza. Jende behar da, ordu asko dira eta jende oso gaztea da. Hasiera batean ez zegoen jendea traineru bat betetzeko, baina Tolosaldeatik bi jubenil etorri zaizkigu, eta beste bi beteranoekin ontzia osatu dugu. Zailtasunak izan ditugu uretara ateratzeko, baina denboraldiaurrea oso ondo joan da, motibatuta gaude».
Marea arrosaren sentimendua berpiztu nahi dute herrian, eta Guereñok uste du jada lehen pausoa eman dutela: «Bakarrik ikustea mutilek egin duten denboraldiaurrea eta neskek trainerua atera dugula... Uste dut herriak eduki beharko lukeela txispa hori barruan». Gainera, igandeko estropadan bigarren pausoa eman dezakete Pasai Donibanen, «herria pizteko». Etxean «lan txukuna» eginez gero, herriari «hauspo handia» emango dio: «Asko falta zaion goraldia emango genioke herriari. Urte pila bat goaz ez dela emaitzarik ikusten, edo ez dela espero dena edo herriak nahi duena. Herriaren babesa falta zaigu, eta ikusten badute ondo gabiltzala, babesa handitu egingo da».
Neguan trainerua uretaratzeko zailtasunak izan dituen beste traineruetako bat ‘Enbata’ da. Manterola arraunlariak esan du negua «zaila» izan dela: «Trainerua uretaratzea kostatu egin zaigu. Entrenamendu batzuetan iaz utzitako arraunlari batzuk etorri dira, eta neguan haiei esker atera izan dugu trainerua».
Jimenez (Zumaia): «Gora begiratu nahi dugu, baina hankak lurrean izanda. Berriz ere kanporaketetarako txartela lortu nahi dugu»
Multzo gaztea du Zarautzek, baita Deustuk ere. Olibanen hitzetan, aurten sortu duten taldea nahiko berria da, joan den urtetik hona aldaketa asko eduki baitituzte: «Saiatu gara esperientzia duen jendea ekartzen, baina baita ere proiekzio luzea duten kirolariekin lan egiten, klubeko gazteekin batez ere. Etxeko arraunlariei erreleboa ematen hasi behar dugu».
Lau traineru horietatik, Zumaiak aldatu du gutxien multzoa, bost arraunlari joan eta lau etorri dira. ‘Telmo Deun’ ontziko lemazainak nabarmendu du talde gaztea dutela, baina horrek ez duela esan nahi jende heldua ez dutenik, ez eta gazteak izanagatik ere, esperientzia ez dutenik. «Esperientzia dugu, batzuk beste batzuk baino gehiago, baina bi urteko esperientziak aldea egiten du. Beste bi jubenil ditugu aurten eta horiek ere pixkanaka-pixkanaka ari dira taldean sartzen».
Negu «eskasa»
Jaitsierei dagokienez negu «eskasa» izan dute ETE ligako traineruek, estropada batzuk bertan behera geratu baitira eguraldiagatik. Deustukoak, adibidez, bateletan ibili dira, baita trainerilletan eta banku mugikorrean ere. Denboraldiaurrean gutxi lehiatzeak ligara begirako haien jarduna baldintzatu ote duen galdetuta, gehienen erantzuna ezezkoa izan da.
‘Telmo Deun’ ontziko patroiak adierazi du «berdin-berdin» entrenatzen jarraitu dutela, eta Gipuzkoako Txapelketa izan zen neurgailurik onena ikusteko bide onetik doazela. Bosgarren egin zuten, Euskotren Ligako Hondarribia eta Hibaika ontzien aurretik.
Jimenezen bide beretik, Olibanek esan du «gorputzari beroaldi batzuk» ematen ibili direla beste lehiaketetan, eta ligarako «prest» daudela: «Bateletan, trainerilletan, eta banku mugikorrean lehiatu gara, eta traineruan nahiago izan dugu entrenamenduetan kilometroak pilatzen joatea».
Zarautzek, berriz, ezin dezake gauza bera esan. Manterola arraunlariak nabarmendu du ez dakitela «oso ondo» non dauden, hiru estropada besterik ez baitituzte jokatu, Orioko jaitsiera, San Pedrokoa eta Gipuzkoako Txapelketa.
Oliban (Deustu): «Orain arteko emaitzak nahiko apalak izan dira. Baina liga beste kontu bat da. Orain arte egin ditugunak itsasoan dira, eta liga ibaian hasten da»
Sanjuandarrek jaitsiera «indartsuenak» egin dituzte; Oriokoa, San Pedrokoa eta Lekeitiokoa. Guereñoren esanetan, «oso-oso esperientzia gutxi» hartu dute jaitsiera horietan, baina trainerua «ondo» ikusten dute, «ondoegi» proiektu berri bat izateko: «Espektatiba baxuagoak genituen, baina ikusita nola gabiltzan, taldea motibatuta dago. Beharbada espektatiba baxuak baino gehiago errealistagoak. Espektatiba errealistak ditugu, bidea luzea baita, baina errealismo horren barruan, buruan genituen espektatibak gainditu ditugu».
‘Telmo Deun’ Euskotren Ligako ontzien aurretik
Traineruen lehen lehia ofizialei begiratuta, ‘Telmo Deun’ traineruak egin du distira gehien. Gipuzkoako Txapelketan Hibaikaren eta Hondarribiaren aurretik sailkatu ostean, Euskadikoan laugarren egin zuten, besteak beste, Tolosaldea eta Kaikuren aurretik. «Eguraldia oso txarra zegoen. Entrenatzaileak esan zigun ez genuela beldurrik izan behar, errespetua bai, baina beldurrik ez. Oriorekin batera atera ginen, ahal genuena egin genuen, eta gustura geratu ginen», adierazi du taldeko lemazainak.
Iazko denboraldi «ezin hobearen» ostean, aurtengo helburua bide horretatik segitzea da, Jimenezen esanetan: «Gora begiratu nahi dugu, baina hankak lurrean izanda, eta inongo momentuan hazi gabe. Lanak ondo eginez gero, badakigu gure lekua zein izango den. Ligako goiko postuetan ibili nahi dugu, eta berriz ere kanporaketetarako txartela lortu».
Zumaiaren antzera, Zarautzek ere lehengo urteko denboraldia «berdindu edo hobetu» nahi du. «Etxeko lanak eginda ditugu. Egin ditugun estropada gutxi horietan, nahiko txukun aritu gara. Espero dugu arraunketarekin disfrutatzea, gogotsu gaude hasteko», adierazi du Manterolak.
Deustuk, berriz, ez dio bere buruari helbururik jarri nahi. Olibanek adierazi du goiko aldean egon nahi dutela, baina liga hasten denean, ikusiko dutela: «Orain arteko emaitzak nahiko apalak izan dira. Baina liga beste kontu bat da. Orain arte egin ditugunak itsasoan dira, eta badakigu itsasoan ez garela hobekien moldatzen. Liga ibaian hasten da». Sanjuandarrek, ligan «ahalik hoberen» ibili nahi dute, eta banderaren bat irabazi.
Manterola (Zarautz): «Trainerua uretaratzea kostatu egin zaigu. Entrenamendu batzuetan iaz utzitako arraunlari batzuk etorri dira»
Iaz hamahiru jardunaldi jokatu zituzten, aurten, berriz, hamalau izango dituzte. ETE liga hazten ari ote den galdetuta, Manterolak eta Guereñok erantzun dute gero eta talde gutxiago daudela. «Emakumeen arrauna pixka bat kolokan dago. Gehien bat jende gaztea dago, jubenilak gero eta lehenago sartzen dira trainerura. Geroz eta ontzi gutxiago daude. Orain dela lau urte hamahiru traineru zeuden, eta aurten 8 ikustea... Zaila da emakumeen traineru bat mantentzea», hausnartu du San Juaneko arraunlariak.
Bide beretik, Manterolak adierazi du arraunlariak «beti justu» daudela: «Guk negu gogorra pasatu dugu, baina beste talde batzuk ere egongo dira gure antzeko egoeran egongo zirenak». Olibanek eta Jimenezek, berriz, adierazi dute geroz eta jardunaldi gehiago egoteak, izan daitekeela seinale bat, ETE liga «indarra hartzen» ari dela. «Orain ligak kalitatezko lehiaketa bat izatea bermatzen du», Deustuko arraunlariaren esanetan.