Oses Construcciones Ardoi taldea korrika baten ari da 2024/25 denboraldian Emakumeen Endesa Ligan aritzeko behar duen taldea osatzen. Asteazkenean Juantxo Ferreira entrenatzaileak bere postuan jarraituko zuela konfirmatu zuten Zizur Nagusiko klubetik eta bost jokalariri agur esateko ere baliatu zuten aukera. Ostegun honetan, berriz, bost jokalariri kontratua berritu diete, maila gorenean eskermantu han diena duen Maria Asurmendi antolatzailearengandik hasita.
Jokalari iruindarrak dagoeneko 38 urte ditu, 1986ko apirilaren 4an jaio baitzen. Emakumeen Ligako elitean 2006/07 denboraldiaz geroztik ari da jokatzen, UNB Obenasa talde desagertuarekin 2009/2010 denboraldia Emakumeen Bigarren Mailan eta iaz Ardoi taldearen kamiseta defendituz Challenge Liga jokatzeko pasa dituen bi denboraldiak aparte utzita.
Osterantzean, Obenasa, Extrugasa, Cadi La Seu, Huelvako Conquero, Lointek Gernika Bizkaia, Perfumerias Avenida eta Araski taldeetan aritu da eta pasa den denboraldian maila bat beherago jokatuagatik, saskibaloian jokatzea ez zaiola ahaztu erakutsi zuen beste behin. Batez beste 11 puntu, 3,5 errebote eta 3,1 asistentzia lortu zituen. Nekez ekin die neurketei hasierako bostekoan antolatzaile nafarrak, baina ia 28 minutu jokatu ditu partidako. Beraz, adinak adin, Juantxo Ferreira entrenatzailea erabat fidatzen da Asurmendiren gaitasunean eta horri esker Zizur Nagusiko taldeak badu erreferente eder askoa gorengo mailan aurreneko urtea burutzeko.
Esan bezala, beste lau jokalariri ere luzatu diete kontratua. Amaia Diez eskolta iruindarrak 13 minutu pasatxo jokatu ditu Ardoirekin pasa den urtean eta bere hirugarren denboraldia beteko duelarik Zizur Nagusiko taldearekin, errotazioan leku bat izan dezakeela dirudi.
Mamen Blanco da nafarren beste antolatzailea. Caceresko Plasencia herrian sorturiko jokalariak 24 urte beteko ditu abuztuan eta Bartzelonatik Granadarainoko txangoa egin eta gero, Ardoirekin egingo du debuta Emakumeen Endesa Ligan. Batez beste 20 minutu izan ditu partidako pasa den denboraldian eta 5,4 puntu, 1,9 errebote eta 1,7 asistentzia pilatu ditu. Ezagun da baduela zertan hobetua, Emakumeen Endesa Ligako antolatzaileen maila, maila fisikoa batik bat, oso altua baita, baina Maria Asurmendiren eskutik –baita Ane Senosiain antolatzaile nafarra fitxatzea lortuz gero ere– asko honbetuko du Extremadurako jokalariak.
Elena Alvarez da taldeko jokalari gazteena. Uztailean jokatuko den 17 urtez azpiko Mundu Txapelketa prestatzen ari den Espainiako selekzioarekin lanean ibili da jokalari nafarra eta etorkizunera begira, Juantxo Ferreirak inguruan nahi du, nonbait.
Azkenik, Jukieta Mungo jokalari argentinarrak ere 2024/25 denboraldian Ardoirekin segiko du. Abuztuan 27 urte beteko dituen hegal-pibotak 11,7 puntu eta 5 errebote pilatu ditu pasa den denboraldian. Ez da oso garaia hegal-pibot postuan aritzeko, baina hiruko jaurtiketetan %43 inguru asmatu du. Ondorioz, jaurtitzaile zitala izanda, aurkari handiagoak nahitaez bere gainean geratu beharko dira eta horrek bere kideentzat zuloak irekiko ditu.
Gutxienez beste bost edo sei fitxaketa egin behar dsitu talde nafarrak, hala ere. Egia da Ardoiren nahia ahal bezain beste jokalari nafar ekartzea izango dela, baina horrez gain, 750.000 euroko aurrekontua ondo erabiliz gero, nahikoa beharko luke maila mantentzeko borrokan aritzeko, Nafarroako zein Nafarroatik kanpoko jokalariak fitxatuta ere.