Israelek Palestinako herritarren aurka indarrean duen genozidioak gizartearen zimendu guztiak astindu ditu. Politikariak, gizarte ekintzaileak, kultur munduko eragileak, kirolariak, herritarrak… Arlo guztietatik ahotsa altxatu eta munduko bazter guztietan ekintzak egiten ari dira.
Deiadar gordin hori ere mendizaletasunaren adar batzuetara heldu da. Eskalada da horietako bat. Euskal Herrian eta bere ingurumarian ez bezala, munduko hainbat herrialdetan eskalatzaileak ez dira besoak antxume egon. Urrats bat egin eta Israel Palestinan egiten ari den sarraskiaren edo genozidioaren aurkako salaketa ozenak egiten ari dira.
Joan den apirilean, adibidez, Erresuma Batuko Climbers For Palestine taldeak ekintza ikusgarria egin zuen. Gainera, nazioarte mailakoa izan da: 25 herrialdetako mila eskalatzaile batu zituen eskalada maratoi batean. Denera, 366 kilometro eskalatu eta 85.000 dolar bildu zituzten Palestinara bidaltzeko.
‘Climb The Wall’ izena hartu zuen erronka handi horrek. Berez, 768 kilometro eskalatu nahi zituzten; hots, Israelek Zisjordania eta Gaza isolatzeko altxatutako murruen distantzia bera. Eskalada maratoi hori ziur aski inoiz egin den handiena eta luzeena izan da. Eta horretarako, nazioarteko eskalatzaileen komunitatea batu zen. Irakurtzen den bezala, helburu hori ez zen erabat bete, baina antolatzaileen arabera Palestinako herritarrek bizi duten egoera latza agerian utzi dute.
Wadi Climbers taldeak, adibidez, txalotu egin du nazioarteko eskalatzaileek izan duten jarrera solidario hori. Gogoratu behar dugu talde horrek Ramallah-n (Zisjordania) duela egoitza: «Guk ere bat egin dugu maratoi horrekin. Eta oso eskertuta gaude elkartasun mezu guztiekin. Gure herrian lan asko egin behar izaten dugu eskalatzera joateko. Poliziaren eta militarren kontrol gune zorrotzak gainditu behar ditugu. Garaia da Israelek ezarri digun murrua eraisteko eta okupazioarekin amaitzeko».
Eskalada maratoiaren antolatzaileek ere eskertu nahi izan dute ekimen horretan parte hartu duten eskalatzaile guztien laguntza. Climbers For Palestine taldeak dio maila guztietako eta jatorri askotariko eskalatzaileak batu zituela: «Profesionalak, hasiberriak… Den-denek Palestinarekin bat egin zuten. Palestinaren aldeko murru bat eskalatzen ari gara, denak elkarrekin, bonbardaketen, genozidioaren eta garbiketa etnikoaren aurka».
Elkartasunean oinarritutako ekimen horrez gain, talde horrek beste batzuk egin ditu. Adibidez, British Mountaineering Council federazioari eskaera oso zehatza egin dio: «75.000 eskalatzaile baino gehiago gara erakunde horretan gaudenok. Eta haien izenean zera eskatzen dugu: Israelgo Eskalada eta Mendizale Federazioa zigor dezala. Eskaera bera egiten diegu Kirol
Eskaladako Nazioarteko Federazioari (IFSC) zein Nazioarteko Alpinismo Batzarrari (UIAA). Gogoratu nahi dugu duela bi urte federazio britainiarrak IFSC eta UIAA erakundeei eskatu ziela Errusia eta Bielorrusia zigor zitzala Ukrainan hasitako
gerrarengatik».
“The Nose”
Bien bitartean, Ameriketako Estatu Batuetan egoitza duen Climbers With Palestine taldeak beste ekintza ikusgarri bat egin
berri du. Hain zuzen ere, Kapitaineko “The Nose” bide enblematikoan “Stop the Genocide” pankarta zintzilikatu du.
Joan den astelehenean, talde horretako hainbat eskalatzaile “The Nose”-n eskalatzen hasi ziren. Gutxi gorabehera hormaren erdian etena egin zuten eta irudian agertzen den pankarta zabaldu ere.
Biharamunean, arratsaldean, ekintza amaitu eta jaitsi ziren. Miranda Oakley eta Emily Weinstein dira Climbers With Palestine taldea sortu zutenak. Lehenbizikoa, palestinar jatorrikoa; bigarena, berriz, judutarra: «Eskalatzaileak garen heinean, Gazako genozidioa eta Palestinaren aurkako apartheida amaitzea exijitzen dugu. Ekintza honetan lau eskalatzailek parte hartu dugu. Horren berri ez genien eman Yosemiteko Parke Nazionaleko arduradunei. Ez dakigu zer gertatuko ote zaigun, baina prest gaude balizko zigorrei aurre egiteko».
Gogoratu behar dugu ere, iragan martxoan talde horrek antzeko ekintza bat egin zuela Joshua Tree eskalada eremu entzutetsuan. Eskalatzaileek Palestinaren bandera bat zintzilikatu zuten.