Milaka pertsona atera ziren larunbat honetan Irlandako hiri nagusietako kaleetara, militar bat aske uztearen aurka protesta egiteko. Duela bi urte, militar horrek jipoi bortitza eman zion kalean zegoen emakume bati, azken honek irain homofoboak aurpegiratu zizkiolako.
Protestak Corken, Dublinen, Galwayn eta Limericken egin zituzten larunbatean. Izan ere, azken hiri honetan, 2022. urtean, Cathal Crotty 22 urteko militarrak 24 urteko Natasha O'Brieni eraso egin zion eta konorterik gabe utzi zuen.
«Hitz egitea aukeratu nuen, ezin bainuen imajinatu ere egin beste biktima batzuen gaineko eragina. Nahikoa da. Biolentzia honekin bukatzeko unea da», adierazi zuen O'Brienek berak Limerickeko manifestazioaren aurrean. Kasua Irlandako indarkeria matxistaren aurkako ikur bihurtu da.
I can’t see the end of the HUGE crowd that has turned out in support of Natasha O’Brien here in Dublin. The crowd is building every second all united that we MUST have justice for women that experience violence everyday in this country ❤️❤️ pic.twitter.com/pIQE2JdkYf
— Cllr Elisa O'Donovan (@elisaodonovan) June 22, 2024
Crotty aste honetan bertan utzi dute aske, baldintzapeko askatasuna ematen dion epai bat argitaratu ondoren. Epailearen erabaki horrek trauma berri bat eragin diola salatu du O'Brienek.
Protestak erakunde feministek deitu zituzten, eta lege-erreformak eskatu zituzten. «Soldadu bortitz baten karrera ezin da emakumeen segurtasuna baino garrantzitsuagoa izan. Gure sistema judiziala biolentoen alde jartzen da egunero», salatu zuen Rosa taldeak.
Simon Harris Irlandako lehen ministroak O'Brieni ere babesa adierazi zion. «Genero-indarkeriako epidemia bat dagoen herrialde batean bizi gara», salatu zuen.
«Soldadu eredugarria»
Crotty ez zegoen zerbitzuan eta alkohola edan zuen 2022. urteko egun horretan. O'Brien iletik hartu, lurrera bota eta ukabilez sei aldiz jo zuen. Emakumeari sudurra hautsi zion, eta hematomak utzi zizkion gorputz osoan.
Crottyk argudiatu zuen emakumeak eragin zuela gertakaria, baina segurtasun-kamera baten grabazio batek frogatu zuen militarrak gezurra esan zuela. Crottyren nagusia zen Paul Togher komandanteak soldadu eredugarri eta diziplinatua zela adierazi zuen epaiketan.
Tom O'Donnell epaileak hiru urteko kartzela zigorra eta 3.000 euroko kalte-ordaina ezarri zion Crottyri. Aurrekaririk ez izateak eta delitua aitortzeak baldintzapeko askatasuna ematea ekarri dute.