NAIZ

Lakuako Gobernu berriak Lehendakaritzara itzuli du Emakunde

Emakunde Lehendakaritzara adskribatuta egongo da berriz, 2020an Urkulluk Berdintasun Sailera mugitu arte egon zen moduan. Imanol Pradalesek Gobernu berriaren sailak eta funtzioak banatzeko dekretua sinatu du igande honetan, eta asteartean egingo da kontseilarien kargu-hartze ekitaldia.

Imanol Pradales lehendakaria, Gobernu berriaren Sailen Dekretua sinatzen.
Imanol Pradales lehendakaria, Gobernu berriaren Sailen Dekretua sinatzen. (IREKIA)

Imanol Pradales EAEko lehendakariak Gobernu berriaren sailak eta funtzioak banatzeko dekretua sinatu du igande honetan, larunbatean hartu zuen kargua eginbide hauekin estreinatuz. Iñigo Urkulluren erabaki bat lehengoratu du: Berdintasun-politikak, Emakunde barne, Lehendakaritzaren eskumenetara itzuliko dira.

Legez, Lehendakaritzari adskribatuta behar luke Emakundek, eta hala izan da 1988an institutua sortu zenetik, baina Iñigo Urkullu lehendakari ohiak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailera erman zuen pasa berri den legegintzaldiaren hasieran. Ahots ugari altxatu ziren orduan Urkulluren erabakiaren kontra, tartean, Maria Silvestrerena. 2009tik 2012ra Emakumearen Euskal Institutuaren zuzendaria izan zenak adierazi zuen Emakunde Lehendakaritzatik kentzea «berdintasun politiken kudeaketan atzera-egite nabarmena» izan zela.

Aurka agertu ziren Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeak ere, iritzita Gobernu «osoak» egin behar duela ikuspegi feminista zabaltzeko lana, eta ez sail batek soilik.

Bada, lau urteren ostean, Pradalesek Lehendakaritzara itzuli du Emakunde.

Berdintasun-politikena ez da Gobernuko organu gorenera mugitu duen eskumen bakarra. Aurrerantzean, Lehendakaritza arduratuko da EAEko hiru lurraldeak «kanpoan ordezkatu eta proiektatzeaz», Europako gaietan gobernu-politika bideratzeaz, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetzaz, eta euskal gizatalde eta euskal etxeekin harremanak egiteaz.

Hamabost kontseilarien karguak hartzeko ekitaldia astearte honetan egingo da Ajuria Enean, eta horren ondoren egingo da Gobernu berriaren lehenengo bilera.