NAIZ

‘Marea Bizian’, arraunaren inguruko saioa estreinatuko du NAIZ Irratiak

Asteazken honetatik aurrera, udan arraun kontuak jorratuko dituen saioa egingo du NAIZ Irratiak: ‘Marea Bizian’. Asteazkenero 14.00etako boletinaren ostean izango da. Nahieran ere entzungai egongo da naiz.eus webgunean, baita podcast plataformetan ere.

Donostiarrako trainerua, Zarauzko estropadan lehiatzen.
Donostiarrako trainerua, Zarauzko estropadan lehiatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Asteburu honetan hasiko dira Euskotren eta Eusko Label ligak, eta horrekin batera, asteazken honetan NAIZ Irratiak ‘Marea Bizian’ saioko lehen atala estreinatuko du. Uda osoan zehar, asteazkenero, 14.00etako boletinaren ostean, Zuriñe Iglesiasek gidatutako saioak arraun kontuak izango ditu hizpide; aktualitateko gaiak zein atenporalak. Erreportaje sakonak, elkarrizketak, solasaldiak... denetarik egongo da, asteburuko emaitzez harago, arraunaren bueltako guztia errepasatzeko. Bereziki, protagonistei ahotsa emango zaie; arraunlariei, patroiei eta entrenatzaileei. Mikrofonoa eskuan, arraun elkarteetara joango gara, bai klubak ezagutzeko, bai eta bertako arraunlariak ere.

‘Marea Bizian’ saioko lehen atala asteazken honetan izango da, eta asteburu honetan hasiko direnez urrezko mailako ligak (Eusko Label eta Euskotren ligak), solasaldi bat egingo dugu NAIZ Irratian. Donostiako estudiora etorriko dira Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroia eta Mar Larrea arraularia, Osertz Alday Lekittarrako entrenatzailea, eta Joxemi Elduayen Hondarribiko presidentea.

Irratian entzuteaz gain, ‘Marea Bizian’ saioa podcast plataformetan entzuteko aukera ere egongo da, bai eta naiz.eus webgunean ere.