SPONSORED CONTENT

San Pelaio, Zarauzko festa herrikoi eta kuttuna

Asteazken honetan ospatuko dute zarauztarrek hainbeste maite duten San Pelaio festa herrikoi eta kuttuna. Egitaraua bezperan hasiko da, herriko elkarteek antolatutako danborradarekin, eta gauerdian bandera igo eta txupinazoa botako dute. Ospakizunak ostiralera arte luzatuko dira.

Haurren txupinazoa Udaletxeko plazan, San Pelaio bezperan.
Haurren txupinazoa Udaletxeko plazan, San Pelaio bezperan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

San Pelaio bezperako egitaraua astearte eguerdian abiatuko da (ekainak 25), 12.00etan Udaletxeko balkoitik botako duten haurren txupinazoarekin. Bertan, alkateak Makila emango dio haurren agerraldiko danbor nagusiari. Ondoren, erraldoi eta buruhaundien kalejira abiatuko da Igandea txarangarekin.

Arratsaldean Haurren Agerraldia izango da, gauean herriko elkarteek antolatutako danborrada, eta gauerdian bandera igoera, txupinazoa eta Pelaioren ereserkia izango dira. Aurten, Zarauzko kale-garbiketa zerbitzuko langileak izango dira suziria botako dutenak. Udal ordezkariek azaldu dutenez, «inoiz ez dira jai-egitarauetan agertzen, baina beti egoten dira hor, lanean, gure herriko kale eta plazak egunero-egunero txukun eta garbi egon daitezen, batez ere, herrian ospatzen diren festetako gau luzeen biharamunean».

Aurten, gainera, "Pelaio, Pelaio" ereserkiaren mendeurrena ere bada. Data aipagarri hori ospatzeko, bandera igoeraren garaian, Zarauzko abesbatzetako ordezkariak plazako oholtzara igoko dira eta Iosu Isastik, Zarauzko Musika Bandako zuzendariak, egindako moldaketa berezia duen San Pelaio eguneko ereserkia abestuko dute, plazara bertaratutako zarauztar guztiekin.

Ordu laurden lehenago, ordea, danborradako ordezkariek San Pelaio makilaren eskaintza egingo dute, aurten Karmele Alberdiri, danborradari emandako laguntza eskertzeko. Txupinazoaren ondoren, danborradak bere ibilbidea jarraituko du eta erromeriak izango dira Iñurritzako zelaian eta musika plazan.

Aurten, joan den urtean bezala, helduen danborradaz gain, haurrena ere zuzenean jarraitu ahal izango da www.zarautz.eus orrialdean.

San Pelaio eguna (ekainak 26, asteazkena), trikitilari, dultzainero eta txistularien ereserkiekin hasiko da eta egun guztian zehar haur, gazte eta helduentzako ekitaldiak izango dira, besteak beste, erraldoi eta buruhaundien topaketa, Zarauzko musika bandaren kontzertua, kalejirak, larrain-dantza, erromeria...

Ostegunean (ekainak 27), San Pelaio bigarrena ere ospatuko dute, goizean goiz hasita. Izan ere, 5.30ean baratxuri-zopa eta 6.30ean oilasko-biltzaileen irteera daude iragarrita. Egun guztian zehar, haurrentzako jokoak, trikitilarien kalejira, bertsolariak, DJ eta erromeriak izango dira.

Aurtengo jaiak ostiralean amaituko dira (ekainak 28). Egun horretan, meza, hamaiketakoa, haur jolasak, oilasko-biltzaileen gibel-jana, herri kirolak, parrillada eta kontzertuak izango dira. Gauerdian, bandera jaitsi eta festen amaierako txupinazoa botako dute.

Zarauzko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaieak: Arrano Pola, Euskalduna Taberna, Fruteria Jesusa, Txiki Polit.